2 garren horria 20 -etik

Tradizioa biziberritu eta indartu dadin, gure aletxoa jartzeko prest

Tradizioa denbora epe luzeetan eratzen den bizi ohituren multzoa da, gizarteak edo berau osatzen duten taldeek osatzen duten bereizketa kulturala. Tradizioa apurka- apurka sortzen dugu, bizi ohituren gaineko soziologia propioak baldintzatzen dituena. Eraketa kultural hauek gure eguneroko ekintza eta ohiturak baldintzatzen dituzte, normatibitate forma espezifikoak eratuz.

Tradizio konkretu batekin gure burua identifikatzean berau osatzen duten helburu eta erronkekin erlazionatzen gara, honen atzean ezkutatzen diren jokamoldeetan elkar ulertuz. Ondare kultural bizia jaso dugu gure herrian, hamarkadetatik haratago doana, belaunaldi bakoitza garai bakoitzera egokituta dauden erronkak betetzen saiatzen bagara ere. Garai historiko konkretuko erronkak, fundamentua, ordea, berdina. Segi letzen!

Maguette Mbeugouren erailketaren inguruan, irakurketa

Atzo eguerdian, Atxuri eta Santutxu (Bilbo) artean, Maguette Mbeugou hil zuten. Urte honetan Euskal Herrian hil duten seigarren emakumea da gutxienez. Zifretatik harago, argi dago emakumeen aurkako indarkeriak bere aurpegirik gordinena erakusten jarraitzen duela.

Argi izan behar dugu arazo estruktural baten aurrean gaudela. Hau da, sistema kapitalistak harreman sozialen egituraketa zehatz bat egiten duen momentutik, biolentzia forma zehatzak artikulatzen dituela. Horregatik, oso garrantzitsua da ulertzea, kapitalismoak harremanak fintzeaz eta zuzentzeaz gain, indarkeria mekanismo guztiak antolatzen dituela. Hori horrela izanik, indar-harremanetan oinarritutako sistema honen markoan kokatu behar ditugu Mbeugouren erailketa nahiz emakumeok egunero jasaten ditugun indarkeria kasuak. Izan ere, sistema kapitalistak bere mekanismo guztiak perfekzionatzen ditu egiturazko indarkeria hau ohiko bihurtuz. Emakume langileei dagokienez, azpimarratzekoa da haiek bizi duten errealitate gordina, emakumeen eguneroko lan baldintza prekarioek eta egoera ezegonkorrek zapalkuntza egoerak areagotzen dituztelako. Segi letzen!

Helburuak, bitartekoak eta Maquiavelo

Askotan errepikatzen du jendeak formula hau: “helburuak bitartekoak justifikatzen ditu”, edota, “helburuak ez ditu bitartekoak justifikatzen”. Gogoratzen naiz, adibidez, nola joan ginen “Asier ETA biok” ikustera orain dela bost bat urte edo gure herriko zinemara. Eta hala zioen jendeak: “eta zu zer, zer uste duzu, helburuek bitartekoak justifikatzen dituztela hala ez?”. Formula horrek jendea posizio bat edo bestea hartzera behartzen zuen eta bakoitza izugarrizko malabara argumentatiboak egiten hasten zen bere jarrera justifikatzeko: “Independentzia bai, baina armak ez, sozialismoa bai edo …”.

Segi letzen!

Aspaldiko Kontulepo

Iepa Kontulepo! Zenbat denbora elkartu gabe ezta? Udara honetan lasai bezain asperti ikusi zaitut, haserre hotsak Maravillas Gaztetxea edo hildako lagun batzuen salaketan, eta aportazio bakan batzuk Orazioren izenean. Bada garaia lozorrotik ateratzeko eta, dagoenekoz mugimendutan hasia zarenez, neuk ere kontubatzuk kontatu nahi dizkizut ikasturtea hasteko.

Asko hitz egin didate zutaz abuztuan zehar. Egia esan, espero ez bezala, Euskal Herriko txoko ugaritan ezagutzen zaituzte iada, hilabete batzuetako ibilbidea izanik ere. Zure izeneko kamiseta eta jertseak ere badabiltz kaleetan biraka. Askok galdetu didate noiz izango zinen bueltan, zure hitz-jarioa faltan antza. Zer esana izan duzu, bai, baina zerbait onartu behar dizut; ez da soilik ona izan zutaz entzundakoa.

Garai zailak bizi ditugu Kontulepo, eta egia esan, bertan posizioak markatzen etorri zinen, ondorio guztiekin. Hankaz gora dugu gure Euskal Herri txikia, sentimentu gogorrez betea, hari baten gainean ibili beharreko elkarrizketak eta borroka espazio ezberdinaetan korapiloak. Ondorioz, ikasle mugimendu, eragile ezberdin edota gune autogestionatuetako militante ugariren aurkako akusazio larriak zabaltzearen zarata da bazterretan, ezintasun eta ahuleziaren erakusle izaten diren praktikak…. eta nola ez, zu ez zinen gorotz hortatik zipriztintzeaz libratuko nire blog maitea.

Segi letzen!

AMAIA

Inoiz ez idatzi denboraren hausturan taupadarik aditu ezean.

Txabi Etxebarrieta.

Martxan dabil berriro bazkaltzeko ere geratzen ez den mundua. Egun on!- batez agurtu dute bi agurek elkar Zelai-Luzen.

– Ondo al gabiltze?
– Hainbestien neska, tirando… Okerro dabiltzenak bazauden ta ezin kejau!

Estudianteak erdi-oporretan daude oraindik. Euren bizitzekin zer egin ez dakitenak edo oso garbi daukatenak baino ez dabiltza liburutegian. Argi bila ari dira paper tartean murgildutako zomorro bakanak.

– Ta zuen alaba hori ze, bizi al da?
– Hare re tirando… lan bile zabilen. Ahalegiñe eitein eh, honea ta harea kurrikulumek botaiez… Badakin, ez ditun garai errezak!

Segi letzen!

Marsella eta keinu erradikala

1

Egoera behartu beharra dago: fortzatu beharra.  Egoera estutzen denean gauzak ondo ertetzen direlako (militante anarkistaren esana)

Egoera behartzea, azken muturreraino ematea, zera da: endredoan dagoena zerbait egitera behartzea. Endredoan, ordea, denok gaude. Esan beharrik eztago egoera muturrera eraman nahi duenak galtzeko beldurrik eztuela. Eta halakorik ez badu, ezta, derrigorrean, galtzekorik eztuelako, baizik eta egiati biluztu (destapatu) delako eta behin gezurkeria erauzirik, absolutura egin dezakeelako. Gezurra dionak separazioan darrai: asko jota zaunka egin dezake, eta ezkuta, bere estalki gezurtia desestali egingo ote den beldur (hortxe politika klasikoaren muga). Egiatia, ordea, definizioz dago deskubritua: galtzekorik eztu –galdu zituen estalkiak-: horregatik dio, betiereko optimismoaz, egoera fortzatu egin behar dela, gauzak ondo atera daitezen. Egia azaleratzen da kontua muturreraino eramanaz gero.

Segi letzen!

Engainuak

Aliantza estrainioak I

Aurrenekoen oinordekotza drogaz jositako kale miserablea da, eta besteena, berriz, mundu hobeago baten sinesmena triskatua. Bata derrota da, bestea derrotismoa.

 

Boterea gauz asko da, baina, esplizitatu, agerian agertu, kanposantuan egiten da behinik behin. Ziudade Handiak badu kanpo saindu handi bat eta bertan badaude santifikatutako mausoleo eder galant askoak: tokiko burgesia galantaren ordezkari behinenak, Gerra Handian frantsestuekin eroritako gudarienak, eta abarrak. Baina Ziudade Handi honetako nitxo estrafalarioena, agian, hala jartzen du xaflak, Jodorovich sendiarena da. Lore koloretsuz josia darrai oraindik, baten batek oraino zaintzen duen seinale, eta, nabari zaio, balen aurkako kristalez itxituta dago.

Segi letzen!

Kataluniaz: burbuila nazionalista hautsi beharra

Sarrera gisan

2015eko Diadaren ondorenean idatzi zituen honako lehen lerroak López-Petitek, eta horregatik ekarri da orain Kontu Lepora, irailean sartu berritan. Nekez teorizatua izan den gerturatze sentsiblea da Petitena. Eztu, bere hartan, akziora edo inakziora deitzen. Eta horixe da, beharbada, tristeena: gaur Katalunian zer egin erabakitzeko soziologo ingles gezurtien Joko-Teoriara jo behar duela batek. Euskal Herrian Katalunia ispilu izateak hondamendia areagotu besterik ezin du egin.

Komenigarria baita, esana geldi dadin behin betikoz, hau azpimarratzea: nazionalismo kataluniarrak daraman norabidea bat eta bakarra dela, eta norabide horrek nolakotasun konkretuak eta bereiziak dituela, nazionalismo euskaldun historikoaren ezberdinak, errotik. Bereiztasun horien artean daude interklasismo estrukturala, gailentasun enpresarialista eta fatalismora kondenatua dagoen eta, halatan, halabeharrezkoa den posmodernismoa.

Segi letzen!

Azken gertaeren aurrean

Abuztuko azken txanpan sartzen ari garen honetan, bidai eta jai egunen nondik norakoak elkarbanatzen ditugun bitartean, kapitalismoak bere horretan darrai, baita honen aurpegirik gordinenaren erakusleak ere.  Aste honetan bertan Gasteizen bi langile hil izanaren notiziak sarrera hau idaztera behartu gaitu.

Ez gara azpimarratzeaz aspertuko, kasu isolatuak izatetik haratago, kapitalaren akumulazioa helburu duen sistema honen ordaina besterik ez direla bidean gelditzen diren langileak. Soilik gure lan indarra saltzeko kondena dugunok gu eta gure familien beharrak hasetuta mantentzeko, prekarizazio fase larri batetan murgildurik gaude,  geroz eta ohikoagoak diren emaitza tamalgarri hauekin ordainduz azken muturrean.

Heriotza hauek, bizimodu prekario batera kondenatzen gaituen lan eredu honen baitan kokatzen ditugu, gure bizitza uzteraino beste batzuen diru poltsak betetzen ditugun bitartean. Kapitalak ez du pertsona edota sentimentuetaz ulertzen, zenbaki eta zifretaz soilik, beti langileak izanik honen gora beheren ondorioak pairatzen dituztenak.

Krisi kapitalistak langileon baldintzetan eragin du soilik, langileon eguneroko arazoei erantzuteko gaitasuna murriztuz, estresak, antsietateak edota depresioak areagotuz. Bizitzaren zentralitatea lana mantentzeko egin beharreko borrokak hartu du, gure osasun eta ongi-izatea bermatzetik haratago, logika zapaltzaile hau egunero elikatzera kondenaturik.

Honekin batera, ez genuen aste honetan Uharten izan den erailketaren berri eman gabe gelditu nahi. Emakumeek egunerokotasunean jasaten dituzten eraso eta indarkeria kasuek gora jarraitzen dute, egunero ditugularik gertaera ezberdinen notiziak komunikabide guztietan, zein gure inguruko testigantzetan. Arazoa estrukturala dela agerikoa izanik, eta egiteko dagoen lanaz jabeturik, honi erantzun sendoa eman eta errotik heltzeko konpromisoak garatzen jarraitu beharrean aurkitzen gara.

Botere harremanetan oinarritutako gizarte eredu honetan, emakumeenganako indarkeriak milaka espresio ditu; lan prekarioak, irain matxistak, publizitatea…. askotan ez dira “indarkeria” gisa definitzen, zapalkuntza forma ezberdin hauek normalizatu eta legitimatuz.

Honekin, bortxaketa, tratu txar edota erailketan amaitzen diren erasoen oinarrian dauden arazoak ezkutatu eta kasu gordinenak naturalizatzen saiatzen dira, indarrean oinarritutako harreman sozialen mantenua ezinbesteko izanik gizarte eredu honen biziraupena mantentzeko.

Guzti honek, beste behin aurretik egiteko dugun lanaz jabetu eta lanean jarraitzearen beharrean egonkortzen gaitu. Ikasturte berria hasteko dugun garaietan, antolatu eta borrokatzeko dugun prestutasun eta konpromisoa adieraziz, gure bizitza erdigunean jartzeko beharrezko izango ditugun baldintzak eraikitzeko lanetan sakonduz.

Azpeitiko Gaztetxetik babesa Maravillas Gaztetxeari

Mezu labur honen bitartez Azpeitiko Gaztetxeko kideok gure babes osoa adierazi nahi diogu Iruñeko alde zaharreko Maravillas gaztetxeari, larunbat honetan arratsaldeko 18:00tan burutuko den mobilizaziorako deia luzatzearekin batera.

Alde batetik, ikasketa politiko gisara hausnartzen ditugu pasaden asteburuko gertakariak,  Nafar gobernuak huste prozesua geldiaraztea soilik kale mailan auto- antolaturik zeuden herritarren garaipena izan baitzen. Tamaina handiko garaipena, erabat politikoa dena, instituzio formalek duten zantzu autoritario eta askatasunak/ jabetza pribatuaren posesio mugagabearekin duen erlazio zuzena gainditzen duena, kale mailan eragiten den indar harreman politikoen biraketa batek instituzio aparatuen asmoak geldiarazi ditzakeen seinale.  Bestalde, argi adierazi nahi dugu Nabarreria kaleko eraikinaren erabilera auzoarena eta gaztetxeko kideena dela, eta ez Nafar gobernuarena zein boteredunen eskutik agintzen duten burokrazia egiturena. Gaztetxeak zilegitasuna dauka Nafar gobernuak eraikinarekin dituen erabilera plangintzetatik haratago, elkartasun, oroimen zein langileekiko konpromisoak lehentasun osoa baitute gutxi batzuen eskuetatik pasatzen diren proiektu- proposamenekin alderatuz. Nolanahi ere, kezkaz eta amorruz ikusten dugu ustezko “aldaketaren gobernuakMaravillas gaztetxea ostiral goizean hustu izana, gazteen determinazio politikoak erakusten digularik non kokatzen den aldaketa- iraultza– erreala eta non iraganeko gauzen egoeraren errepikapen sinplea, esanahi hutsalen bitartez “aldaketaz” izenpetua bada ere.

Maravillas gaztetxeak irekia daraman urtean auzoarekiko, ahaztuekiko, baztertuekiko, azpian gaudenokiko konpromiso irmoa erakutsi du, horretarako hamaika aktibitate antolatuz: Zinema ikuskizunak, elkartasun jantokiak, asanbladak, hitzaldiak, tailerrak eta abar luze bat aurki genitzake urte oso bateko egitarau oparoaren artean. Uste dugu berekoikerian eta bizi baldintzen -aginte baldintzen-  banaketa basati batean oinarritzen den gizarte eredu honen aurrean biderkatu beharreko esperientziak direla honakoak, herri bat gaztetxe bat lelo ezagunetik herri bat hamaika gaztetxe lelora jauzi eginaz. Honenbestez, gaztetxeak politika aparatu formalen azpiratze soil batetik agente politiko aktibo izatera pasatzen ari direla ikus dezakegu, urteetako esperientzia pilatuak posible egin duelarik egun ikusten ari garen autonomiaren loratzea. Asko dira azken boladan Euskal Herrian ireki diren espazio auto- gestionatuak, aspaldidanik bizi direnak ere inoiz baino indartsuago ikusten ditugu, horren adibidea direlarik aurtengo urtean Gipuzkoan zein Bizkaian antolatu diren gaztetxe zein gazte asanbladen topaketak.

Honenbestez, uste dugu ezinbestekoa dela gaztetxeen arteko koordinazio eta batasunean sakontzea, banandurik ezin dezakegulako indar gehiegirik egin, baina batasunez zein independentziaz- botere egiturekiko– aritzen garenean xake taulan aldaketak ematen dira, azken asteko gertaerek irakasten diguten modura.

Gehiegi luzatu gabe, larunbatean Iruñeko kaleak betetzera deitzen diogu Azpeitiko herritarrei, eta honekin batera jarrai dezagun gaztetxeak zein azpion gaudenon bizitzak pizten.

Maravillas aurrera!

« Sarrera zaharrak Sarrera berriak »

© 2018 Kontu Lepo