Author: Ferrando Xanpun

Desertuko kanpaina

Barkatuko didazue kontulepotarrok, baina azterketen zurrunbiloaren erdigunean harrapatu nau gaurko datak, eta sormenerako astia (eta gogoa) lapurtzen du itobehar honek. Librexeago zabiltzatenontzat, dokumental baten gomendioa dakart halere.

“Desertetuko kanpaina” (1878-1885),  Estatu argentinarrak,  bere mugen barruan zeuden lurrak kapitalizatzeko aurrera eramandako kanpaina militarra izan zen. Estatuaren eta kapitalaren “kabitu ezin” horretan,  bertako indigenen aurkako genozidio odolotsu bat eman zen.  Maputxeak ziren, lehenengo militarki, eta ondoren kulturalki zein ekonomikoki azpiratuak izan zirenak. Herri indegena honen demonizazioa, eta historikoki Estatuak zabaldutako justifikazioa azaleratzeko ahalegin bat da dokumentala.

Ondo segi, jendilaje estimatu hori.

ARDI BELTZAK

Hari mutur baten beharrean dabilenak, edozeri eusten dio, eta azken orduko estuasunean sor lezake, artelan iragargaitzena ala zabor konpletoa. Xabier Silveira datorkit, danba, lehenengo kolpean. Momentuak bizi du genioa askotan. Eta alferra berriz, halabeharrak gehienetan.

Kontua da, kontu lepo dauzkadala buruan, agendan, eta kontu lepo ere hortxe, hiru astean behin, fin asko etortzen dela ganbarara ate joka. Eta ni, argialdika funtzionatzen duen horietakoa izan… “Fetxie jarri ezkeo allau ettek”, Martitteko zirtolari baten esana da, egia berdaderoa eta ideia handiak besteko baliagarria, nire kasuan.

Argialdiaren faltan, hor daukat ordea, aurreko egunean Argi beltza makulutzat, hau ere fin asko hiru astean behin.

-Bidenabar aitor dezadan, hemen idaztea eta proiektu bizi honen parte izatea, niretzat ere ohore bat izateaz gain, akuilu ezinbestekoa zaidala, nagitasunaren antidoto bat. Hemen segiko dut beraz, neure txorradetan. Zenbat iruzkin izaten ditudan ikusita, irakurleak ere mordoa izango ditut seguru asko.-

Zerta nijuen? A bai! Ba Argi beltzaren testuak zein bere gaitzizenak, ardi beltzak gogorarazten dizkidate.  Eguneroko zoro honetan, mass medien iritzi industriak irentsi ez duena ardi beltza da. Gaur bai eta bihar ere bai, proiektu iraunkor baten alde lanean dabilena ardi beltza da. Eskatu gabe ematen duena ardi beltza da. Jakintza, kantuak ala letxugak, ingurukoekin elkarbanatzen dituena ardi beltza da. Eta ardi beltzak, maitasuna produzitzen du horrela, zentzurik sakonenean.

Lotarakoan, ardiak kontatzen irakatsi ziguten, eta nire buruan zuriak dira oraindik ardiok. Baina txarrantxa saltatzen ikasi duten beltzak ere ugaltzen ari dira, saldoka datoz.

Lo aurreko kontaketan ardi beltzak soilik ageri zaizkidanean, orduan esan nahiko du, ordena sozial berri batean bizi garela.

LOKATZA

Gazte, kontua duk ez haizela nahi duana egiten ari,

 edo ari bahaiz,

gaizki ari haizela besterik gabe

Charles Bukowski

 

Egin nahi ez ditugun

gauzak nola uka

“etorkizun on” baten

fedea degu ta

geure inguruari

erreparatuta

jendea somatzen det

bizitzaz ahaztuta

denbora geroari

hipotekatuta.

Segi letzen!

Ihesbideak

“Ni ez naiz hemengoa”

J.S

“Ihes egin nahi nuke, ihes!”

Gartxot (Donostiko alde zaharrekue)

 

 

Ibaiari lapurtutako lurretan bizi gara. Urolak gainezka egiten zuen bakoitzean esaten zigun, errespetatzen genuen irakasle bakarrenetakoak. Betidanik izan da ganbaran ibili izan dudan esaldia. Gizakiaren faktorea erantsi, eta eman buelta esaldiari. Ezin dute bizi lapurtu dizkieten lurretan.  Gutizia eta boterea. Jabetza pribatua eta desjabetuak. Deitu inperialismoa, nahi bada. Gatozen naturara bueltan. Fabrikaz jositako lurretan bizi gara. Belazeari porlana. Harriari altzairua. Haizeari kea. Dena ordaindu beharraren ordaina.

Segi letzen!

TXIRRITA ETA HISTORIAREN AMAIERA

Hemen aipatu da, eta ohore egin behar neuk ere profeta zaharrari. 1936ko ekainaren 3an zendu zen Joxe Manuel Lujanbio, Txirrita, Ereñozuko bertsolari sonatua. Kontatzen da, tropa frankistak Nafarroatik barrena Gipuzkoara sartu zirenean, zuzenean joan omen zirela Txirritaren bila, beste zenbaiten artean. Iritzi emaleak, eta batez ere iritzi sortzaileak lurperatu nahiko zituzten, eta bazekiten, Txirrita  urteetan ibilia zela plazaz plaza, hango eta hemengo eliteen eta boteredun jendearen aurkako balak, gupidarik gabe jaurtitzen.  36ko iraila zen, eta tropa frankistek ez zuten aurkitu etxean Txirrita, hilabete batzuk lehenago bihotzekoak  jota hil baitzen bertsolaria. Hiltzeko ere azkarra beraz, gure Joxe Manuel. Jolas ederra da,  Txirritaren baserri aurrean soldadu frankisten tonto-aurpegiak imaginatzea.

Segi letzen!

© 2018 Kontu Lepo