Author: Kontu Lepo (1 garren horria 4 -etik)

Errepresio forma ororen aurrean, elkartasuna eta borroka. Elkartasun argazkia

Larria da egungo egoera: errepresio kasuak eguneroko ohi bihurtzen ari dira. Gero eta arruntagoak bilakatzen ari dira prozesu judizialak, isunak, atxiloketak, heriotzak eta beste hainbat kasu. Egunero iristen zaizkigu horrelako notiziak. Baina horrekin batera oso fenomeno arriskutsu bat ari da garatzen: normalizazioa. Hau da, errepresio kasuak eguneroko ohi bihurtzearekin batera, errepresio kasu horiek normalizatzen ari dira, naturalizatzen ari dira. Gure aurkako ofentsibak etengabea dirudi eta panoramak gero eta kolore ilunagoa dauka.

Altsasuko zortzi gazteen kasua dugu adierazgarriena. 2016ko udazkenean taberna batean kalez jantzitako bi Guardia Zibilekin izandako liskar baten ondorioz, terrorismo delituen akusaziopean aurkitzen dira gazte horiek. Fiskalak 50na urteko espetxe zigorra eskatzen die 6 gazteri, 62 urtekoa bati eta 12 urte besteari. Guztira, 375 urte auziperatu guztientzat. Kasu horrekin agerian geratzen ari da botere judizialaren erabilera arbitrario eta desproportzionala. Botere egituraren aurkako aukera oro ezerezean utzi nahi da. Ikusten ari gara prozesu judizialen erabaki ahalmenaren azken instantzia boterea dela, burgesiaren boterea. Estatu baten ezaugarri konkretuen gainetik, klase egituran oinarritzen den aginte kapitalistaren boterea bere dimentsio handienean agertzen ari da azken aldian. Eta tendentzia horrek iragungo duela dirudi.

Baina kasu horrez gain badaude beste milaka kasu ere: Iruñako 6 gazteen aurkako kasua; CDR-en (Comités de Defensa de la República) aurkako operazioa; Pablo Hasel eta Valtonyc-en kasua (horiez gain La Insurgencia, Strawberry, etab.); ZAD-en desalojo biolentoa; ekintza faxista bat gelditzeagatik Erronkariko 3ren kontrako kondena; Hernaniko institutu bateko 6 ikasle kondena Gudari Eguneko gertakizunengatik; etab.

Horiez gain, badaude oharkabean pasatzen diren zenbait gertaera ere: Leioako printza eta gurutze gorriaren desalojoa, Errekaleorren aurkako intentzioak, Gernikako gazte asanbladaren blokea desalojatzeko saiakerak; Gasteizko mugimendu feministari jarritako multa; etabar luze bat.

Errepresioaren irismena noraino iristen den ikus dezakegu kasu horien bitartez. Gure errealitatearen gaineko kontrol eta botere ezarekin lotuta ageri zaigu errepresioa, horrek gure dominazio egoera bermatzeko balio baitu. Gaur egun etsaiaren boterearen irismena bizitzako esparru guztiraino zabaldu da, osotasuna sistema kapitalistaren funtzionamendura egokitu delarik. Horrekin batera, klase ofentsibak sistemaren aurkako mugimendu oro suntsitu nahi du, horrela erakusten digute aipatutako kasuek. Gure subordinazio totala inposatu nahi du etsaiak eta egunero saiatzen da hori horrela izan dadin.

Egoera honen aurrean, ostirealean azpeitiko plazan egingo den elkartasun argazkira gerturatzeko dei egiten dizuegu.

Azpeitiko gazte batzuk.

AUTOarEN LEGENDA

Autoak legenda arbuiagarria izateari

usten dion testuinguruan bizi nahi niNake.

Gizakiak kanpoaldera erakusten diNan pesimitatea

izan daiteken negoziorik onena dela pentsatzeari utzi.

Elementu fantastiko hau ez izatea publizitate

(edo filma batetako) izenburu ustela.

Autoaren legendaren testuingurua apurtu!!!

 

(Jainko Ateoa)

Orduan ausartu ziren, orain zergatik ez?

Duela 252 urte, gaurko egunez, apirilak 14an, piztu zen gutxik jakingo duten Gariaren Matxinadaren lehen txinparta Azkoitiako herrian, gerora Gipuzkoako hainbat herritara zabaldu zena. Testuinguruan kokatzeko, argi dago garai latzak zirela bertako langileentzat. Azpeitiako eta Azkoitiako bost baserritatik lau jauntxoen eskuetan zeuden eta gainera uzta txarreko urte batetik zetozen. Bestalde, herriak gosea izan arren, jauntxoek gariarekin espekulatzen zuten; kanpora sal zezaketen garia edota gordeta eduki prezioa igotzeko. Gariaren prezioa geroz eta altuagoa zen heinean, langileak geroz eta haserreago zeuden.

Horrela, apirilaren 14ean, Mendarotik bi erosle gari ale bila etorri ziren Azkoitiara. Irteterako orduan, ordea, hainbat herritarrek ikusi eta geldiarazi egin zituzten. Erositako gari aleak itzularazi ondoren, kanpaiak jo eta baserritar ugari bildu ziren bertan. Jaunak heldu zirenean baserritarren eskaria onartu eta prezioak jeitsi zituzten. Azkoitiko baserritarrak gustora joan ziren etxeetara.

Segi letzen!

Hik ateakottuk babak eltzetio!

Joxe Miel Iztueta  “Lazkao Txiki” 1926-1993-… gaur 25 urte hil zen. Lazkaomendin jayoa, iñon hazi ez den bertsolarie. Txiki izenez, txiki gorputzez, haundia maitasunean!

Txabi Etxebarrietaren testu bat, Aberri Egunean

Kolaborazioa: Txabi Etxebarrieta / Zutik 46. ETA (V) 1967

”Zutik munduko langileak…” Itz oiekin asten da ”Internazionala”
kantua. ”Eman da zabal zazu munduan frutua…” esaten du Iparragirrek
”Gernika-ko Arbola” kantuan.

Askok eta askok nazionalismoa eta nazionalista izatea atzerakoia
dela pentsatzen dute, benetako internazionalista ezin dela nazionalista
izanik. Ainbeste aldiz, nazionalismoa gauza tzarra dela entzun dugu eta
azkenean gu ere akonplexatu egin gara. Baina askotan ez gara
konturatzen bi eratako nazionalismoak dagozela: bata, aundikeriazko
nazionalismoa eta bestea erri menperatuena eta zapalduena. Eta bixtan
da, gurea ez da leenatarikoa, bigarrenetarikoa baizik. Segi letzen!

– Zaintzak –

 

Kolaborazioa: Ertxolegi

I

Une urdin bat datorrela ematen du, oskarbi-une bat, azkenekoak baino gehiago iraungo ote du honek, baina? Une trumoitsuak gero eta maizago izaten ditut, ordea, gero eta luzeagoak. Ekaitzaldian jitoan dagoen txalupa naiz nire memoriaren ozeanoan. Itsasoak urarekin bezala neure buruak oroitzapenekin jolas egiten du: orain ekarri, orain eraman.

 

Barealdietan gai naiz aspaldiko bizipenak gogoratzeko: izenak, lekuak eta gertaerak; eta une luze batez tinko atxikitzeko. Horrelakoetan ozen kontatu ohi dizkiet alboan ditudanei, baina, esan didate, norbaitek esan didanez, uneko gertaerekin findu behar dudala arreta; firfira besterik ez baitira nire barrenean, lipar batez baino ez baitiet eusten.

 

Une urdin hau aprobetxatu nahi dut. Sukaldeko horman beharko lukeen erlojua bilatzen ari naiz begien mugimenduekin, baina ez dut topatzen. Nire eskura zuzendu dut begirada. Ezin konta ahala zimur ditu. Parean ditudan pilulak hartzera eraman nezake, baina ez dakit hiruetako zein hartu behar dudan orain. Xabi arduratzen da hortaz. Xabi! Bere izena gogoratu dudala esan nahi diot, baina non ote da? Bera datorren bitartean gosaltzen jarraituko dut; gailetaren zulotxoak zenbatzea, gainera, ariketa ona izan daiteke: Bat, bi, hiru, lau, bo… gaileta erdia, soilik, dut helduta. Esnetan hondoratu da beste erdia.

Segi letzen!

Xabier Rey-ren heriotzaren aurrean

Kolaborazioa: Azpeitiko Gazte Batzuk

Xabier Rey, Iruñeako euskal preso politikoa hilik agertu da bart Puerto III (Cádiz) espetxean. Lehenik eta behin gure doluminak eta elkartasun osoa agertu nahi genizkioke Xabierren  familia eta lagunei. Bestalde, estatu espaiñola salatu nahi dugu gure indar guztiekin, berak baitu Xabierren heriotzaren erantzukizun osoa.

Segi letzen!

Martxoak 3; oroimena, duintasuna, borroka.

1976ko martxoaren 3a ez da edonolaz ahazteko eguna. Pedro Mari Martinez, Francisco Aznar, Romualdo Barroso, José Castillo eta Bienvenido Pereda erahil eta beste ehundaka langile balaz zaurituak izan ziren Gasteizko Zaramaga auzoan. Bi hilabetetako borrokaldia zeraman Gasteizko langile klaseak, martxoaren 3ko greba hartan, Fragaren aginduz, polizia frankistak Gasteizko langileriaren aurkako inoizko sarraskirik handiena burutu zuenean.

Sarraskia ez zen inolaz ere kasualitate bat izan, ez zen Fragaren kapritxo bat izan, ezta patronalaren kasketa bat ere. Une erabakigarria zen, klaseen arteko borroka modurik gordinenean. Gasteizko langileek borrokan bertan aurkitu zituzten irakaspenik sendoenak eta beraiek ordezkatu nahi zituzten sindikatu eta partiduak popatik hartzera bidali zituzten lehenik.  Handik aurrera langileak, botere guztia asanbladara! aldarriaren atzean elkartuko ziren beraien erabakien berme bakartzat euren burua kokatuz. Egunero zeuden asanbladak fabriketan eta asanblada orokorrak astean bitan. Fragak azaldu bezala, asanblada hauek Soviet txikiak ziren eta beraz, zapaldu egin behar ziren.

Lanpostuetako gatazketan erein zen hazia, izugarrizko abiaduraz, langile guztien, hots, etxekoandre, ikasle, jubilatu, dendari eta abarren borroka bihurtu zen eta hau nola ez, onartu ezinezkoa zen demokrazia burgesera trantsizioa egin nahiean zebilen erregimenarentzat. Lehenik tiro hotsean ixildu zituzten batzuk, eta atzetik etorri zen atxilotu uholdearekin ixildu zituzten oraindik bizirik zeuden besteak. Ehundaka ziren martxoaren 3tik aurrera atxilotzen joan ziren langileak.

Fusila langileen muturrean ipinita ezarri zen demokrazia burgesa eta fusilaren indarraz mantentzen da gaur egun. Burgesiak duen guztiarekin erasotzen du bere boterea zalantzan jartzean eta Gasteizkoa horren adibide garbia dugu. Hau ez aurreikustea eta zentzu honetan inozoegiak izatea izan zen seguruenik langile mugimendu eredugarri hark egin zuen akatsik larriena eta garestia izan zen akatsaren ordaina.

Behin betiko zapaldu nahi izan zuten mugimendu hark ordea, gaurko langileon oroimenean gogor erroturik dirau eta garaipenerako gako garrantzitsuak utzi ditu zapalduon memorian. Langileriaren autonomia politikoa, erabakietan parte hartze zuzena eta klase batasuna garaipenerako premisa gisara.

 

https://youtu.be/keSboxOnAis

 

ELKARTASUN BERTSOAFAYE ARGAZKITAN

Pasadan ostirelien Bertsoafaye izengenun Gaztetxien, herrikide deun Esteban eta Beñat Hachei elkartasune adierazi eta bide batez Loiolako herri harresiyen ondotik emandako muntai polizialan eragiñez jaso deben 25000 euroko isunei aurre iten launtzeko. Eskerrik asko bihotzez Aitor Bizkarra, Nerea Ibarzabal eta Aitor Salegi bertsolaiei gurea etortzeatik. Afai giro bikañien entzun genitun bertsotan Platon, Socrates ta Aristoteles. Hemen gaue iruditan jasota.

 

Posibilismoa eta kondizio politikoa

Badirudi azken urteetan nabigatzen zebiltzan arrisku faktore guztiak aste baten buruan sintetizatu direla, errealitatea bilakatu den kondizio politikoaren faktore guztiak agerian geratu direlarik. Sozialdemokrazia historikoaz eta garai “likido” bateko joko- zelai politikoaz ari natzaizue, edo berdina dena, sintesi sozial berritzaileak (gainditzaileak) eraikitzeko ezintasunaz. Kapital harremanean bezalaxe, ekintza politikoak ere bilakaera logikoak iragartzen ditu, ekintza marko baten aukerak muturreraino eramaten direlarik. Ekintza bilakaeraren kate bat osatzen dute une bakoitzean ematen diren pausuek, ondoren emango direnei aukerak irekitzen dizkietelarik. Arazoa errotikoa da beraz, estrategikoa nahiago baduzue, hastapenean (oinarrian) ezkutatzen baitzuen porroterako aukera. Noski, bilakaera historikoa ez da lineala eta hausturak eman daitezke, estrategia baten agorrera muturrera eraman artean ezkutuan gordetzen badira ere.

Segi letzen!

Sarrera zaharrak

© 2018 Kontu Lepo