“Un conflicto extremo sólo puede ser resuelto por los propios implicados; en rigor sólo cada uno de ellos puede decidir por sí mismo si la alteridad del extraño representa en el conflicto concreto y actual la negación del propio modo de existencia, y en consecuencia si hay que rechazarlo o combatirlo para preservar la propia forma esencial de vida.”

Carl Schmitt. El concepto de lo político. 1932.

 

Atzo gauean lokartu aurretik interes handikoa izan zaidan liburu bateko zenbait orrialde errepasatzen nenbilen, Europako iraultza sozialisten 1919-1923 urteen arteko porrotaren zergatiak azaltzen saiatzen baita kapitulu batean. Hipotesi interesgarriak maneiatzen ditu liburuaren egileak, Europako Alderdi Komunisten sorreraren zergatiak, barne egiturak homogeneo bihurtzearen arrazoiak eta antolakuntza estruktura hauek denboran mantentzeak langile mugimenduan izan zituen arazoak azaltzen baititu. Askori ezaguna izango zaigu Leninen “Izquierdismo, enfermedad infantil del comunismo”  liburua, 1920an idatzi zuena. Topiko tipikoak dio Lenin ahalguztidunak umekerietan zebiltzan hainbat komunista hasi berriri luzatzen dion kritika errealista dela honako liburua, baina zaila zaigu topikotik haratago ikustea. Izan ere, “ezkerkeriaren gaixotasuna” pairatzen omen zutenak Karl Korsch, Arthur Rosenberg, Amadeo Bordiga, Herman Gorter eta Pannekoeken tamainako politikari zein idazleak ziren,  mugimendu komunistak Europan zituen prestatuenak.

Leninen liburuarekin geratzen bagara soilik inongo dudarik gabe aurkituko gara, arduragabekeria hutsa ziren komunista Italiar, Alemaniar eta Holandarrek babesten zituzten postulatuak. Hala ere (eta hau da normalean ezkutatzen zaiguna), aurrez aipatutako politikariak epe luzera begira Europako mugimendu komunistan ikaragarrizko ondorio negatiboak ekarriko zituen eszenatokiak ari ziren aurreikusten:  Europako mugimendu komunistak antolakuntza Boltxebikea hartzen bazuen eremu geografiko guztietan aplikatzea beharrezkoa zen eredu unibertsal bezala, ezinezkoa suertatuko zitzaion mugimendu honi Europako gizartearen antolakuntza politikoaren konplexutasunari erantzutea, eredu Boltxebikeak askoz ere sinpleagoa zen gizarte batean baitzuen oinarria (autokrazia Zarista). Urte batzuek berantago Italiako kartzela batean pentsakor zebilen komunista Sardiniar bat ere jabetu zen Rosenberg, Korsch eta abarrek bazutela arrazoi punturik.

Hautu politikoek epe luzera begira eratzen dute bere influentzia, erabakiak hartzen ditugun momentuetan jabetzea zaila zaigun tamainako dimentsioetan.  Dena dela, Sardiniako pentsalariaren idatzietara luzatuko dugu atentzioa, bere formuletatik orain eta hemen ditugun erronkei azalpen bat emateko elementuak eskaintzen dizkigutela uste baitut. Gramsciren hitzetan politikan agintea mantentzeko bi forma orokor existitzen ziren; egoera normaren barruan sartzen zenean Hegemonia, kontsentsu bitartez zuzendutako direkzio kultural eta politikoa. Kontsentsurik ezean dominazio bidezko agintea zen beharrezkoa, zailagoa zena mantentzeko, forma politiko horren pean zeudenen oniritzirik gabe egituratzen baitzen agintea. Hegemonia dugu formula horien artean eraginkorrena, epe luzera begira egituratu daitekeen bakarra baita, identitate zein elementu arrazionalez hornitua egon behar dena. Kontzeptuen gaineko batailara eramaten badugu honako azalpena, kapa herritarretan (eguneroko eztabaidan) zentzu komuna duten esanahien disputa bitartez garatzen da enfrentamendua, hitzen gaineko zentzu politikoa gatazkan den aldeetako batek soilik hegemonian eraiki baitezake.

Honako azalpenarekin burura datorkit Sortu alderdiak Ikasle Abertzaleak antolakunde iraultzailearekin haustura azpimarratzeko (guztioi ezaguna baitzaigu aldebakarreko harremanen apurketa hau gutxienez duela urte batetik) militantziari zabaldu berri dion “barne” “boletina”.  Ikasle Abertzaleek Bilboko egoitzaren harira publiko egin zuten irakurketarekin alderatuz murritza da determinazioetan, abstrakzio estrukturalista bat dugularik, azalpenak ematen ditu berau fundatzen dituen kontzeptuak teorikoki hezurmamitu gabe, zenbait presupuesto teoriko aurretiaz ontzat emanaz. Sinesgaitza dirudien arren 2018an Sortu alderdia klase borrokaz mintzatzen zaigu, inongo ezbairik gabe Ikasle Abertzaleen zein beste zenbait mugimendu militanteen lorpena dena. Eztabaida exijitzen duen teoria bat inongo azalpenik gabe dogmatizatua zaigu Sorturen irakurketan, ez diona ridikulua izateari uzten. Dena dela, EAJren fundamentu ekonomikoak aste honetan bertan bere egin dituen zein Espainiar marko autonomikoan mugitzen ari den alderdi bateko zuzendaritza klase borrokaz mintzatzera behartua egotea paradigmatikoa da gutxienez, eta akats larria praktika konkretuan (sinesgarritasun guztia galdu baitute klase borrokaz mintzatzeko, eta hemendik denbora ez oso luze batera berdina gertatuko da independentziarekin).  Konkretua den Ikasle Abertzaleen irakurketa baten aurrean abstrakzioa erantzun bezala, nork bere egitea ezinezkoa dituen kontzeptuen erabilera eta guztiongatik ezaguna den haserre orokortua efektu bezala.

 

Dena dela, parte politiko bakoitza bere burua baieztatzera behartuta dago barne kohesioa ziurtatu dadin, ikasketa politiko hau gure egin ezean zaila izango zaigularik identitate indartsu eta kohesionatu bat eratzea. Gure indarrez jakitun izatea beharrezkoa zaigu enpresa honetarako , hegemonia tradizionala dominazio bilakatu dela aditzera emanez, eta leialtasun zaharrak hautsiak direla, barne zein kanpo elementuak medio.

Carl Schmitten esanari errepaso azkar bat botako diot testua amaitzeko, uste baitut hil ala biziko enfrentamendutik urrun aurkitzen garela, lehia burutzeko nork bere soziologiak eraiki behar baititu ezinbestean, eta hauek urteetako lanaren ondorioa soilik izan daitezke. Subjektuaren artikulazioak beste nolabaitekoa izan behar du definizioz, eta subjektua bera ere desberdinduko zaigu honenbestez.  Gure barne eskemak haustea suposatzen digu honek, politikaren gainean eraiki dugu nozioaren aldaketan konfiguratuko dena, nori eta nola lagundu nahi diogun pentsatzea exijitzen diguna.

Langileekin eta azpiratuta daudenekin, bai hala bai eta inongo aitzakiarik gabe.

 

“pilo bat pildora

ditugu aukeran:

batzuk gorriak, besteak urdinak,

izan zaitez gorria eta egin ahalegina,

edo erabaki inoiz ez irekitzea kortina,

 ze zapalduak gauden ezin imajina.”

Ziakhus. Agora.