Hizkuntza bat gehien batzen edo banatzen duena hizkera da. Harmonia da bakoitzari dagokion eremuan eramatea honako lau mailak: 1) Hizkera batua. 2) Euskalkia. 3) Azpieuskalkia. 4) Etxe-hizkera edo «sukalkia». Euskalkiak bost dira. Bost! Azpieuskalkiak asko, eta «sukalkiak», ez dakit zenbat. Bizkaieran, adibidez, azpieuskalkiak mordoa dira, eta «sukalkiak», dozenaka.

Ahots erreferenteek (esatari, aurkezle, kolaboratzaile eta, oro har, hizketa ordaintzen zaienek) hizkera jasoa egin behar dute. Ahots puntualek (gonbidatuek, kalekoek…), ahal dutena. Hizkera jasoak (hitzak osorik eta fonetismo gabe) sei dira: batua eta bost euskalkiak. Hauek ere, euren eremuan, hizkuntza batuak dira. Ahots erreferenteek, gutxienez, euskalkian egin behar dute. Hori nahikoa izan daiteke, ulertze nazional on baterako. Nik neuk, bizkaitarra izanik, lapurtera kultoa hobeto ulertzen dut Bizkaiko «sukalki» asko baino.

Hizkuntza sendoetan, kontrakultura osagai kultural bat gehiago izan daiteke. Biziraupenezko hizkuntzetan, kontrakultura kulturaren kontra doa. Haitz bat harrikatuz, ez da haitza lokatuko. Eraiki berri duzun buztinezko etxea harrikatzen baduzu, eraisten ari zara. Kontrakultura euskara mintzatura ekarririk: 1) «Sukalkiak» euskalkiarekin erratzea kontrakultura tribalista da. 2) Ahots erreferenteek publiko zabal bati «sukalkian» egitea kontrakultura atzerakoia da. Wazemankera eta antzeko ereduak kontrakultura inbasiboak dira. 3) Kateen zuzendariek eta programen arduradunek «sukalkia» hizkera ohikotzat («freskotzat») hartzea kontrakultura miopea da. Babelismoa. 4) Kale-idazkiak (egitarau, deialdi, eslogan) hitz egiten den moduan idaztea zabor-kultura da. 5) Kontrakultura, euskara bezalako hizkuntzan aplikaturik, kontrako kultura da. Nahi duenak uler beza antikultura, nahi duenak, inkultura.

(2018ko urriaren seia, Berria)