“ Ez da argi falta; ez dira itsu.

Baina ireki ditzatela leihoak”.  

Jakin nahi nuke zer pasatzen den egunak lokalean sartuta igarotzen dituzten gazteen buruetatik. Eskolatik edo lanetik irten, eta lokaleko besaulkian esertzean zertaz hitz egiten duten. Zein film ikusten dituzten telebistan eta zer egiten erretzen duten denbora. Egunkaririk, aldizkaririk edo libururik irakurtzen al duten; egunean zehar gertatutakoak elkarbanatzen dituzten jakin nahi nuke. Jakin nahi nuke zer ikusten duten beren lokaleko leihotik begiratzean edo gimnasioko beiratetik. Nola ulertzen duten “hor kanpoan” gertatzen ari dena.

Nola ulertzen duten hamar egunetan bi langile hil direla AHTaren obretan;  prekarietateak kezkatzen al dituen galdetuko nieke; zer pentsatzen duten herrian irekitzekoak diren apustu etxeaz;  beldurrik ba al dioten jakin nahi nuke; galdetuko nieke ea zergatik ez duten salatzen erailtzen dituzten emakumeen kasuak;  jakin nahi nuke zer iritzi duten Esklabetan jartzekoak diren alokairu sozialaz edo etxebizitzak alokatzeagatik ematen duten diru-laguntzetaz.  Mugatutako laguntza horietaz, alegia.  Zer iritzi duten presoen egoeraz, edo akordatzen al diren badirela presoak kartzeletan. Nola ulertzen duten gatazka politikoa eta ideologia arteko gerra. Jakin nahi nuke ba al dakiten  egungo hezkuntza eredua irauli asmoz mugitzen eta zarata ateratzen duen ikasle mugimenduak ostiakoak  jasotzen dituela alde guztietatik. Zerk kezkatzen dituen jakin nahi nuke, datorren larunbatean egin behar dutenaz harago.  Eta galdera horiek guztiak ahots ozenez egin izan dizkiet ni ere lokal zuloan  egon izan ohi naizenean. Baina oihartzuna izan da erantzuna.

Horregatik, beste leiho bat zabaldu nahi nieke gazte horiei, lokaletik eta gimnasiotik kanpora begiratzeko ez ezik, Gaztetxeko leihotik bizitzari begira diezaioten. Beha dezaten nola eragiten digun –denoi– krisi sistematiko honek. Nola lapurtzen digun denbora, nola amiltzen gaituen indibidualismora. Leiho erraldoi bat irekiko nieke beren barruko hormetan. Ikus dezaten posible dela kolokan dauden oinarriak berreraikitzea. Egunerokotasunean jasaten dugun prekarietatearen arrazoiak sakonean ezagutzea, barneratutako harreman ereduei buelta bat ematea, indibidualismoa alde batera uztea eta bizitza komunitario bat egituratzea. Leiho bat irekin nahi nieke, ikus dezaten egunerokotasunean jaten gaituen sistemari kontrajarri ahal izateko tresnak egon badaudela, eta horiek zehazteko eta lortzeko eta eskaintzeko prest gaudela.

Lokaleko leihotik begiratuta bakarrik gauzak ez dira aldatzen. Begi berekin begiratu arren gauzak beste modu batera ikustea posible dela ulertzea nahi nuke, eta horretarako espazioak badaudela. Behetik eragiten jarraitzeko, jende berria ezagutzeko eta harreman osasuntsuak sustatzeko. Aisialdi ereduaz hausnartzeko eta autokritika egiteko. Eta horiek ezinbestekoak direla lokaleko leihotik begiratzean jazotzen diren gauzak beste modu batera ulertzeko.

Aurrera ez bagoaz atzera goaz. Eta hemen eragiten jarraitu behar da. Leihoak irekitzen.

Gaur arratsaldean gaztetxean ikusiko dugu elkar!