“Gehiengo osoaren hitzak alde batean utzita aurrera jarraitzen dugunontzat

Ikastolan entzundako gezur puta guzti haiek burutik ia kendu ezinik

Dogmetan sinistu ez dugunok, bizitza ia sutan ikusi eta gero

Ta guzti hau konformatze hutsa besterik ez dela pentsatzen dugun guztiok!

Brigada Criminal “Gugandik oso gertu”

Ez zaigu egoera erraza egokitu gauregungo gazteoi. Adin batera arte egunaren ordu gehienak eskolan edo horri lotutako zereginetan ematera behartuta gaude, hor eskaintzen zaizkigun edukien hiru laurdenak gure bizitzarako alferrikakoak eta astebeteren buruan ahaztuko zaizkigunak izan arren. Alabaina irakasle, ikasketa buru, zuzendari eta abarren diziplinapean jartzen gaituzte ia umetatik, eta egunaren ordu gehienak geure burua asetzera bideratuta ez dauden zereginetan ematera behartzen gaituzte. Legez derrigorra den eskola sistema; sistema osoarekiko sumisiora eta onarpenera ohitzen joateko lehen urratsa.

Egoera ez da asko aldatzen ikasketak amaitzean… Laprastaka igarotzen ditugu askok lan egonkor bat bilatu arteko uneak, lan prekario eta ezegonkorretan igerian, hilabete amaierara heltzeko gurasoei dirua eskatu beharrean askotan, eta emantzipazioarekin amets egiteko aukerarik gabe. Egoera horretan zure sumisioa eta ezarritakoarekiko onarpena erabatekoa da; zure egoera medio, ez zaude inori ezer askorik exijitzeko moduan. Eta baliteke ezagutu ere egingo ez dituzun nagusi edo akziodunen poltsikoa gizentzeko lan egin beharra.

Zorte apur batekin, lehentxeago edo geroxeago, irits zintezke lan egonkorrago bat edo soldata altuxeago bat lortzera. Horrek ez du askorik aldatuko zure lanbideko egoera; sumisioa eta besteen poltsikoak zure lanaz gizentzeak hor iraungo du, zure lan-kontratua edonolakoa izanda ere. Baina beste egonkortasun bat emango dizu bizitzarako; errentan sar zaitezke etxe baten bizitzera lagunen batzuekin, edo gurasoen laguntzarekin etxe bat erostera ausartu, 20 urtetik gorako hipotekarekin. Hau da, bizi osoan lanean jarraituko duzula bankuari hitz emanez, berak lan horren irabazien zati bat jaso dezan, zure nagusiak jasotzen duenaz gain.

Aisialdia ere geroz eta homogeneoagoa da gazteontzat. Parranda, esaterako; tabernaz taberna edanean, regetoia nagusitzen ari den giroetan. Edo, bestela, sare sozialak; mugikorrak denerako aukera eskaintzen du, lagunek inguruan edukitzea mugikorrean bakarrik ez aritzeko aitzakia besterik ez da askotan…

Bide-orria ongi finkatuta dago, aurrez erabakitako bizimodu baten erreprodukzio huts izan gaitezen, gure bizitzaren inongo kontrolik gabe. Gutxi batzuek pribilegioak manten ditzaten hirugarren mundua deitutakoaren bizkar erdi-ondo bizi garela sinestarazi digute; krisiak krisi pintxo-poteora irteteko aukerari eusten diogu behintzat…

Gurpilari jarraitzea ia edonork egin dezakeen hautua da. Ez gaitu denok konbentzitzen ordea eskaintzak, are gutxiago mundu modu honek atzean ezkutatzen dituen zulo beltzak aurkitu ahala. Ostiralean batuko gara gaztetxean horietako batzuk; beste mundu eta bizimodu bat posible dela erakusteko… eta gauzatzeko!

 

“Ia ezertarako gai ez garela pentsatzen jarraitzen baduzue,

lasai segi segurtasunaz gozatzen, ezer hasi gabe dago!”

Brigada Criminal “Gugandik oso gertu”