Berrogeita hiru urte igaro dira erregimen frankistak FRAPeko hiru militanterekin batera Txiki eta Otaegi ETAkideak fusilatu zituenetik. Odol jarioa ordea, ez zen frankismoko kontua soilik izan. Euskal Herri Langilearen sufrimendu eta miseria gaur eguneraino luzatu ditu kapitalismoak, eta espainiar eta frantses estatuen bidez zapalduon aldeko borrokan dihardugunon aurka oldartu izan da eta oldartuko da.

Luzea eta zabala da Euskal Herri Langilearen borrokaren historia, eta unean une forma ugari izan ditu. Guztira ehundaka kide izan dira erahilak, espetxeratuak, torturatuak nahiz erbesteratuak. Horregatik, erabili dezagun egun sinboliko bezain garrantzitsu hau, askatasun kolektiboaren alde dena eman dutenen borroka lehen lerrora ekartzeko eta eurek hasitako bide borrokalari eta iraultzaileari jarraipena eman behar diogula aldarrikatzeko.

Egun honen garrantzia azpimarratzeaz gain, adierazi nahi dugu ez dugula onartuko memoria lantzeagatik gure kideak erasotzerik. Izan ere, ekainean iritsi zen azken erasoa Gasteizko ikasle mugimenduko hiru kideren aurka, Gudari Eguneko ekitaldiaren harira atxilotu zituztelarik, zestoako gazte bat tartean. Honen aurrean, doakiela gure besarkadarik beroena erasotuak izan ziren hiru kide hauei nahiz era batean edo bestean burgesiaren indar errepresiboek kolpatuak izaten jarraitzen dutenei.

Borrokak ez du etenik! Gora atzo, gaur eta biharko gudariak!