Atzo eguerdian, Atxuri eta Santutxu (Bilbo) artean, Maguette Mbeugou hil zuten. Urte honetan Euskal Herrian hil duten seigarren emakumea da gutxienez. Zifretatik harago, argi dago emakumeen aurkako indarkeriak bere aurpegirik gordinena erakusten jarraitzen duela.

Argi izan behar dugu arazo estruktural baten aurrean gaudela. Hau da, sistema kapitalistak harreman sozialen egituraketa zehatz bat egiten duen momentutik, biolentzia forma zehatzak artikulatzen dituela. Horregatik, oso garrantzitsua da ulertzea, kapitalismoak harremanak fintzeaz eta zuzentzeaz gain, indarkeria mekanismo guztiak antolatzen dituela. Hori horrela izanik, indar-harremanetan oinarritutako sistema honen markoan kokatu behar ditugu Mbeugouren erailketa nahiz emakumeok egunero jasaten ditugun indarkeria kasuak. Izan ere, sistema kapitalistak bere mekanismo guztiak perfekzionatzen ditu egiturazko indarkeria hau ohiko bihurtuz. Emakume langileei dagokienez, azpimarratzekoa da haiek bizi duten errealitate gordina, emakumeen eguneroko lan baldintza prekarioek eta egoera ezegonkorrek zapalkuntza egoerak areagotzen dituztelako.

Horrenbestez, beste behin, argi daukagu: indarkeria hau ahalbidetzen eta sustengatzen duen sistema irauli ez ezik, errotik aldatu behar ditugu sistema horren barnean garatzen diren harreman sozialak. Erakundeetatik ematen diren politikek nekez aldatuko dute egoera, indar harremanetan oinarrituriko gizarte eredu hau aldatzeko beharrezkoa baita harreman sozial berriak eraikitzea, eta, noski, horien garapena ahalbidetuko duten baldintzak sortzen jarraitzea.

Gure egin beharra gizarte eredu berri baten oinarriak ezartzea da, horrekin gizarte kapitalistak ezartzen dituen harreman sozialak bere osotasunean gainditu ahal izateko. Beraz, emakumeon aurkako indarkeriarekin amaitzeko ezinbestekoa da arazo horrek duen larritasunaz jabetzea eta, behingoz, erantzuten hastea.

Horregatik, Azpeitiko Gaztetxetik dei egiten dugu Maguette Mbeugouren erailketa salatzeko gaur 19:00etan plazan egingo den kontzentraziora joateko.