Helburuak, bitartekoak eta Maquiavelo

Askotan errepikatzen du jendeak formula hau: “helburuak bitartekoak justifikatzen ditu”, edota, “helburuak ez ditu bitartekoak justifikatzen”. Gogoratzen naiz, adibidez, nola joan ginen “Asier ETA biok” ikustera orain dela bost bat urte edo gure herriko zinemara. Eta hala zioen jendeak: “eta zu zer, zer uste duzu, helburuek bitartekoak justifikatzen dituztela hala ez?”. Formula horrek jendea posizio bat edo bestea hartzera behartzen zuen eta bakoitza izugarrizko malabara argumentatiboak egiten hasten zen bere jarrera justifikatzeko: “Independentzia bai, baina armak ez, sozialismoa bai edo …”.

Egia esan ez da erraza oraina aztertzea, berau determinatzen duten indar-erlazio sozialen eremua marraztea eta egoera aldatzeko gure eginbeharra definitzea. Gainera, askotan aztertzen ditugu koiuntura politikoak topikoen bitartez. Topiko horiek presupuesto ideologiko gisa gure burmuinean pilatzen dira eta epaiketa politiko egokiak egitea oztopatzen digute. Ohitura txarrek bezala, errealitatearen aurrean posizio eta jarrera egokiak hartzea zailtzen digute.

Ez dakit zihur horrela den, baina  Nikolas Maquiavelo (1469-1527) filosofo politikoari egozten zaio goiko esaera. Baina horrek azalpena behar du, esaera horrek esanahi determinatua baitauka italiarraren pentsamenduan.

Maquiaveloren pentsamenduan helburua eta bitartekoa ez dira modu externoan erlazionatzen. Bitartekoak ez dira instrumentu neutroak helburu politiko bat baino gehiagorentzat balio ahal dezaketenak.  Bitartekoak ez dira koilarak bezala lanabes neutroak. Gutiz kontrakoa. Maquiavelok ondo kargatutako ideiak jaurtitzen ditu: bitartekoek, formek, bere baitan eraman behar dute helburua.

Azkar esateko, Maquiavelok Italiaren batasunaren auzi politikoa planteatzen du; hau da, italiar nazioaren eraikuntza Estatu nazional baten bitartez.

Berak dio Estatuaren aparatu indartsuena ejertzitoa dela. Baina kontuz, existitzen diren ejertzito forma ezberdin guztiak ez dira egokiak: ez ejertzito mertzenarioak, ez ejertzito auxiliarrak, ezta ejertzito mistoak ere, inork ez du balio helburua erdiesteko. Soilik ejertzito nazionalaren bitartez eraiki daiteke Estatu nazionala. Baina bi neurri hartu beharko ditu ejertzito horrek: batetik, landa/hiri banaketarekin apurtu behar du, eta guztiek hartu behar dute parte ejertzitoan; bestetik, ejertzitoa berrantolatu behar da eta infanteriari eman behar zaio garrantzia gehiena, ez zalditeriari.

Nekazariak ejertzitoan sartzen direnean jaun feudalen agintea hausten da; herri xeheko jendea, bai landa eremukoa eta baita herri/hirietakoa, infanterian sartzen denean eta, aldi berean, zalditeriari pisua kentzen bazaio, ejertzitoan bertan ordena hierarkiko feudala puskatzen da eta posizio sozial ezberdineko jendea nahasten da ordena militar berean. Horrela, lehenago existitzen ez zen unitate sozial (nazional) berri bat sortzen hasten da ejertzitoaren barnean.

Hori dena konplexuagoa da, baina ideia bat azpimarratzea besterik ez dut nahi: Maquiavelok dio ejertzitoa ez dela  instrumentu neutro bat; ejertzitoa ez dela teknika militar hutsa. Berak dio ejertzito forma ezberdin bakoitzak bere baitan unitate sozial ezberdinak ekoizten dituela, eta soilik ejertzito nazionalak ahalbideratzen duela bere barnean Estatu nazionala eraikitzeko beharrezkoa den unitate soziala (nazionala) sortzea.

Hau da, ejertzitoak bitarteko bezala balio du helburu politiko batentzat, baldin eta ejertzitoa bera helburu politiko horren forma errealizatua bada. Maquiavelo esaten ari zaiguna zera da: arazo bat konpontzeko bitarteko egokiek bere baitan eraman behar dute arazo horren soluzioa.

Beraz, antolakuntza forma egokiek lortu beharrekoa da helburua bitartekoetan egotea. Bitartekoa helburuari egokitzen zaio, bitartekoan bertan (ejertzitoan) helburua betetzen delako. Horrela, helburua bitartekoaren barnean dago eta helburuak eta bitartekoak ez dira modu externoan erlazionatzen. Beraz, “el fin justifica los medios”, bai, baina “porque el fin está en los medios”.

Baina garrantzitsua ez da Maquiavelo, gu baizik. Eta guk ere helburuak ditugu, eta ez nolanahikoak, baina arazoak ere bai: gaztetxeen desalojoak, gazte mugimenduko militanteei jarritako multak, militante politikoek jasaten duten jarraipen poliziala, eta abar luze bat. Maquiaveloren pentsamendua baliagarria zaigu, guk ere gure helburu politikoei egokituko zaizkien antolakuntza forma egokiak pentsatu beharko ditugulako.

Antolakuntza formak efektiboa izan behar du, gure arazoen soluzioa ekarri behar duelako. Gure antolakuntzaren formak berarekin ekarri behar du gure arazoen soluzioa: multak ordaintzeko baliabideak lortzea, gaztetxeen desalojoa ekiditea, elkartasuna erreal bihurtzea, etab. Antolatzearen helburua ez da bilerak egitea, efektiboa izatea baizik, gure arazoei irtenbidea ematea eta gure helburuak erdiesten hastea.

3 Iritzi

  1. Karreterako hiru eguneko elur horrek eztit uzten testue letzen!

  2. Maquiaveloren idatzietan ez da “el fin justifica los medios” enuntziatua, ezta antzeko postulaturik, agertzen. Esaldia Napoleon Bonaparteri dagokio; Maquiaveloren “De Principatibus” (Printzea) lanaren irakurketan egin zituen anotazioetako bat da. XX. mendean sarritan publikatu izan da “Printzea” Napoleoni testu honek ekarri zizkion pentsamenduekin batera, liburu bakarrean. Esanguratsua da, izan ere, Napoleonek anotazio horietan adierazten duen pentsamolde politiko-utilitarista (eta etikoki desinteresatua) egozten dio Maquiavelori irsitsi ezjakinak, izan Napoleonena edo gaitasun organizatiboak potentzia iraultzaileengandik aldendu nahi duten horiena denean (burges erreakzionarioena); baina Maquiavelo konplexuagoa da, zuk artikulu honetan ondo adierazi duzun moduan. Maquiaveloren pentsamendu zuzena honako hau litzateke: helburuen eta bitartekoen harreman ez da extrinsekoa, edo bitartekoen efektibitateak inmediatuki helburuarena inplikatzen du. Hala da, bitartekoak eragiten duten efektuaren (helburuen) bitartez definitzen baitira edo hauen abstrakzioan. Baina bata ala bestean biak dira praxi (aktibitate jarraitu) beraren bi une kategorial, edo abstrakzio logiko. Zuk aipatutako infanteriaren kasuak analogia interesgarria du demokrazia ateniensean; hau indar-militar nabalak (itsas armadak) ahalbidetu baitzuen; ez soilik taktiko-militarki (hau da bitartekoa helburuarengandik abstraitua), baita atenastarrak elkarrekin harremantzeko eta iritzi ekoizpen prozesu eta erabakiak hartzeko mekanismo sozial modura ere. Bertan gauzatzen ziren errealki ondoren hirian formalizatzen eta eszenifikatzen zen eztabaida politikoa.

  3. DavidRiazanov

    2018-09-25 at 10:00

    Eguardi on eta besarkada bat kurtso berri honetan kontu lepoko idazle eta irakurleei,

    Ederra artikulua, edozein unitate politikoren printzipioetan enuntziatu unibertsalak egon behar baitira ezinbestean, eta hauek koherentzia (kontraesan eza) bat behar dute bere edifikazioan.

    Printzipio iraultzailea da honakoa, Maquiaveloren garai historikoan burgesia nazionala forma politiko dominantean egituratzea zen bezalaxe, gure denbora historikoan langileriaren egitekoa sozialismoa konkistatzea dugu. Honekin burura datozkit Lukacs gaztearen idazki politikoak, “Tactica y etica” bilduman jasotzen direnak. Pentsalari Hungariarrak zioen taktika ezin dela inolaz kontraesanean sartu estrategiarekin, prozesu berdinaren bi momentu direla.

    Urrun geratu zaizkigu XX. mende hasierako idatziak, eta baita garaipen politikoak ere, baina errealismo iraultzailearen printzipioak soilik ahalbidetzen digute estadio historiko konkretu baten gaindipenerako giltza.

Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko.

*

© 2018 Kontu Lepo