1

Egoera behartu beharra dago: fortzatu beharra.  Egoera estutzen denean gauzak ondo ertetzen direlako (militante anarkistaren esana)

Egoera behartzea, azken muturreraino ematea, zera da: endredoan dagoena zerbait egitera behartzea. Endredoan, ordea, denok gaude. Esan beharrik eztago egoera muturrera eraman nahi duenak galtzeko beldurrik eztuela. Eta halakorik ez badu, ezta, derrigorrean, galtzekorik eztuelako, baizik eta egiati biluztu (destapatu) delako eta behin gezurkeria erauzirik, absolutura egin dezakeelako. Gezurra dionak separazioan darrai: asko jota zaunka egin dezake, eta ezkuta, bere estalki gezurtia desestali egingo ote den beldur (hortxe politika klasikoaren muga). Egiatia, ordea, definizioz dago deskubritua: galtzekorik eztu –galdu zituen estalkiak-: horregatik dio, betiereko optimismoaz, egoera fortzatu egin behar dela, gauzak ondo atera daitezen. Egia azaleratzen da kontua muturreraino eramanaz gero.

Horraino ematen du Jaun Handiaren eta Zerbitzariaren parabolak. Eta gaur, behintzat, Hegeli aurka egiterik eztago. Egia gezur, gezurra egi, Errelato garaitezina gaur kapitalarena delako. Koherentzia (edukirik gabeko balio formal bat baino eztena) printzipio denean, afirmazioa garaile da beti. Eskuinak inkoherentea joko-taulatik kanporatuko du kontraesankorra delako, eta Ezkerrak bere esentzia kontraesankorra ezkutatuko du, edo haren apologia egin eta inebitabletzat joko, bere burua arazteko. Joko-taula analitiko ingelesen printzipio argumental motelek arautzen dutela komeni da, badaezpada ere, azpimarratzea.

Ezkerra galtzaile izatera kondenatua dago ezpaita kapaz ezer fortzatzeko (egia muturreraino eramateko).

Hala ere, Hegel frantsestura itzulita

Guri berdin digu historia amaitu al den edo ez espekulatzeak, historiak probidentzia edota fatalismoa esan nahi badu: ezta hura gure joko-taula. Optimismoak eta pesimismoak (esan esperantzak eta desesperantzak) berba dibinoaren oroitzapena gaurkotu baino eztute egiten, eta euren ordezkapen faktikoak hauexek dira: itxarotea eta suizidioa. Jota gaude bietan.

2

Gezurrezkoa egiazko bilakatzen denean, egiazkoa bera ilusio baino ezta, ja. Ezer-eza errealitate bilakatzen denean, errealitatea ere ezer-ezean balantzaka dabil (Tiqqun 1. Qu’est-ce que la metaphysique critique?)

Fenomenologia erlatibismo posmo lotsagabearekin nahastearen ondorio zuzenena laguna etsaiarekin konfunditzea da. Garbi dugu jokoan dagoena bi mundu-ikuskeren arteko talka dela (klase borroka), eta bi mundu ikuskera horien artean eztagoela fotograma hibridorik. Gauzak nola, ordea, hibridazioan ibiltzera kondenatuak gaude, egiazkoa ilusio denean, egiatiak ezkutatu beharra baitu bere jarduna, ergelek (jakitun berriek) iluso, kokolo dei eta kartzela barruan sar  ez dezaten.

Fenomenologoak badaki estruktura gezurtia bereizten, eta badaki, halatan, estruktura erauztea, apartatzea dela egia azaleratzeko modu bakarra. Hala, baina, badakigu iraultzailearen lehen egitatea gezurra dela. Hau da: irauli nahi den egiturari itsatsirik dela; gezurrezkoa den errealitatean bizi dela, ezer-ezean.

Diruari men, soilik hala sentitzen gara seguru, eta sekula ez dugu nahikoa diru. Biharamuna segurtatzeko nahikoa diru.

Oinarrizko onarpena behar du horrek izan, gure artean zerbait serioa egin dezagun.

3

Gu geu izan gaitezen, gure barnetik kanporatu behar ditugunak dira: polizia, tertulianoa, epailea, ekintzailea… soilik hala lortuko dugu egiaz garena izaiterik: IZAKI KOLDAR BAT (El pressentiment, nº 67).

Erradikalismoak sustraia du beti jomuga. Eta fenomenologoak badaki egia zerbait bada sustraia dela (ρίζωματα παντον!): esentzia. Erradikalaren egitekoa bere baitan dituen determinazio kontingente guziak harrika botatzea da. Soilik hala aurki daiteke erreal faltsuari (kapitalaren errealitate errepikakorrari: kalkulu teknologiko atomizanteari) kontran jartzen zaio Erreal Bizia (espontaneotasun apetatsua: komunismoa).

Bizi Erreala tentsio absolutuan da bizitze kapitalistarekin, eta soilik tentsio hori biziberrituz egin dezake aurrera iraultzaileak (erradikalak). Tentsioa ukaezina da, lehenago ala beranduago etorriko da, horregatik komeni da berau biziberritzea, eguneratzea. Bi bizi-ikuspegiren tentsioa eguneratzen duen ekintza horri, keinu erradikala deritzo. Keinu erradikala askotarikoa dateke, baina baditu bi ezaugarri: Egia (Bizi Errealaren praktika) batetik, eta ilegalitatea bestetik.

 

 3.1

“Azeleratuta nago”, zioen euforiaz Marsellak, lehen aldiz saltokian lapurretan egin berritan. “Suposatzen dut molotofa jaurtitzean bezalakoa izan behar duela sentsazio honek, ezta?”, jarraitu zuen ahapeka,  begiak dir-dir.

Marsella oraintsu ari da politizatzen. Bere intuizio antikapitalistak forma iraultzaile baten jittea hartu dute. Perbertsio kapitalista ezta, jada, fenomeno akzidental bat beretzat, zentzu propioa duen substantzia baizik. Irteera komun baten  pentsatzen jarriak daude bai Marsella bai Josepe, bere bikotekidea, horixe omen baita iraultzailetza.

Josepek eta Marsellak badituzte, hala ere, diferentziak eta ezta egunik urte osoan diferentzia horiek direla-ta borrokan eta eztabaidan aritzen eztirenik. Aurrenak perbertsio kulturala leporatzen dio bigarrenari: orain dela hilabete batzuk arte Marx zein tzen ere ez jakitea. Bigarrenak perbertsio existentziala aurpegiratzen dio aurrenari: oraintsu arte soldatapeko lanik egin gabe bizi izana, ikasketen aitzakipean, bizitza benetan zer den ezjakiñ izatea.

Aurreneko fakto eztabaidaezina da Marsella langile-klasearen ordezkari dela 18 urte zituenetik: bere beharrak ez ezik familiarenak ere soldatarekin ordaindu behar izan dituelako: justu eta urduri bizi delako beti, hilabete amaierara iritsiko ote den kezkarekin. Langile-klasearen ordezkariak eztu unibertsitate-titulurik, ikasi beharrean lanean ari delako, gelditu gabe, tentsioan. Hori bizi eztuena ezta langile-klase. Nemesio Etxaniz apaiz azkoitiarrak Marsellaren beldur bera zuen 1961n:

«Euskaldunak burgestu egin gara; dirutu eta bigundu. Guztiek seme-alabak katedradunak nahi dituzte. Laster euskaldunok kapitalista gorrotagarri egingo gara, eta koreanoak izango dira hemengo proletarioak».

Bigarren fakto eztabaidaezina, ordea, zera da: Kojèvek ondo ikusi bezala, Esklaboaren alienazioari Jaun-Handiaren alienazioak jarraitzen diola. Umiliazioa kontent onartu duen esklaboaren onarpenak eztuela asebetetzen Jaun Handia: bere aurkaria aurkari ezten momentutik gailentasunarekin jarraitzeko berebiziko interesik eztuela, berez. Mundu hau eztutela Handien eta Txikien interesek mugitzen, kontentuak eta deskontentuak baizik. Potentzial iraultzaile handiagoa duela ermitaño ekologista burgesitoak (esan dezagun, euskaldunak), meritokrazian eta klaseen arteko konpetentzia librean sinesten duen langileak baino.

Politizazioa garrantzizkoa dela. Fundamentuzko politizazioa.

Marsellak ulertu du hori, horregatik abesten du “¡me gusta llevar vestidos”, Las Vulpesen “me gusta ser una zorra!” ergela entzuten duenean. Marsellak eta Jusepek ulertu dute inportantea keinu erradikalaren betikotzea dela. Bi kosmobisioren artean inebitablea den tentsio bitalari irteera ematea. Dependentzien haustura eragitea, ilegalitate sutilean ohitzea, estruktura abandonatu arte.

Keinu erradikalaren logika irtenbidea da, ez kalkulu arrazionala; bigarren hau keinu terroristaren logika da. Marsellak jakin du lapurretan eztuela egin Poliziak isunetan kendu dizkion 1.300 euroak berreskuratzeko, ezta liburu-dendak ordaintzeke utzi zizkion beste horrenbesteak enpazteko, Bizitzeko baizik. Jusepek jakin du, ordea, gaur eztuela Marsellak lorik batere egingo, egin duenaren dardarrak sartuko diola segurtasun-falta hezurretan. Horregatik idatzi dio hau:

«Todo gesto radical solamente puede ir dirigido a desocultar lo que verdaderamente somos: un ser cobarde. Sólo sobre esa base, esa confesión íntima, la más radical de todas, podremos edificar algo bonito. El gesto más intuitivo y a la vez más sabio del cobarde es sujetarse de la mano del otro para seguir; si no, se estremece, barrunta su propia caída. Esa sujeción es primariamente amor, luego amistad y luego camaradería: a la segunda y a la tercera sujeciones llamo yo política».

 

Keinu erradikal konstantearen anonimotasunak militante ahoberoaren arrogantzia ordezka dezake: eta biak batu.