Aliantza estrainioak I

Aurrenekoen oinordekotza drogaz jositako kale miserablea da, eta besteena, berriz, mundu hobeago baten sinesmena triskatua. Bata derrota da, bestea derrotismoa.

 

Boterea gauz asko da, baina, esplizitatu, agerian agertu, kanposantuan egiten da behinik behin. Ziudade Handiak badu kanpo saindu handi bat eta bertan badaude santifikatutako mausoleo eder galant askoak: tokiko burgesia galantaren ordezkari behinenak, Gerra Handian frantsestuekin eroritako gudarienak, eta abarrak. Baina Ziudade Handi honetako nitxo estrafalarioena, agian, hala jartzen du xaflak, Jodorovich sendiarena da. Lore koloretsuz josia darrai oraindik, baten batek oraino zaintzen duen seinale, eta, nabari zaio, balen aurkako kristalez itxituta dago.

Horrek gauza asko esan nahi du. Jodorovichtarrak larogeigarren hamarkadan banketxeak eta beste lapurretan jarduten ziren ijito-familia ziren. Esan beharrik ere eztago poliziari desafioak eta delinkuentziak beti sortzen duela lilura guregan. Horregatixe erabakiko zuen Action Directe talde anarkista frantsesak beraiekin aktuatzea, Guardia Zibiliei erasoz eta lehergailuekin tratuan ibiliaz.

Horrela pentsatzea, ordea, akatsa da. Jakin ere jakina zelako Jodorovichtarrek euren irabaziak heroinatik eta bestelako droga-saltzetik ateratzen zituztela. Osotasuna ez denari halako kondizioa atxikitzeari, hemen aratz ikasi izan dugunez, fetitxismoa deritzo: engainua, amarrua. Hilobiak erakusten du hori argi, huraxe baita absolutua: nola batzuk tokiko burges-handienak nola, urrez dotoreasko apainduta dirauten, eta besteak, berriz, ahanzturaren anonimotasunean ezkutatuta. Aurrenekoen oinordekotza drogaz jositako kale miserablea da, eta besteena, berriz, mundu hobeago baten sinesmena triskatua. Action Directe eta Jodorovichtarren laguntasuna aliantza estrainio bat da.

Aliantza estrainioak II

Exarjian erdi purdizko dilerrak odol hotzez akatzen dira, eta platian (plazan) porroa erretzen eta edaten dirautenekin ezta akziorako aliantza iraultzailerik egiten.

 

Eta Ziudade Handian gaur ere badaude horrelako gehiago. Horietako bat da lazotxo horien aliantza. Batek eztauka honetaz ohartu ere egin beharrik ausaz derrigorrezko oharpen baten testigantza izan ezpada. Soilik ausaz Nazio Berriaren Guraso Fundatzaile berrien ekitaldi baten testigo izan denak senti dezake horrorea: negar egiteko gogoa. Trajeak, soinekoak, Michael Kors boltsoak, muturreko makillajea, seketrak, kazetari erdeinagarri harroak, bizkar zainak, polizia patruilak… eta kolegeoa. Ez zen izan zaila zetaz itxuraldatutako Antonio Baños bat bere laguntxoekin txiste-kontaketan behatzea.

Lurra hemen ez dago salgai, aitzina saldu da. Horregatik da bat aberaskillo, salmentatik atera du dirua. Turismoaren eta enpresa transnazionalen kidetasunarekin aberastu denak profitatzen jarraitu nahi du: aberastasunarekin jarraitu, lurrak salduta segi dadin. Gauzak hala, lurrarekiko, kulturarekiko atxikipen oro abstrakzio engainagarri dira. Hemen kalea zintzo deskribatzen duenak badaki droga-saltzea, alkohola eta putak eskaintzen dituela batek, eta besteak berriz hotelak eta konsultoriak.

Exarkhian erdi purdizko dilerrak odol hotzez akatzen dira, eta porroa platian (plazan) erretzen eta edaten dirautenekin ezta akziorako aliantza iraultzailerik egiten. Ez drogen alde edo kontra daudelako, droga mafiosoei eskerrak ematea delako baizik, ezer autogestionatzeko posibilitate-kondiziorik eztaukan ziudade batean. Exarkhia ere ziudade handi baten parte da, eta hura ere, Ziudade Handi hau bezalaxe doa pikutara ziztu ikaragarrian.

Ekintzailetza kosmobisio bilakatu duten herritar berri horiexek nahi dute nazioa askatu. Orduko 6 euro gordin ordaintzen dizutenak eta ezkertiar diren heinean, alokairu iruzurtiekin dirua ateratzen ari direnak, inori aitorpenik egin gabe.

Gaur hemen pozoitu gabe bizia aurrera ateratzeko batek etxe aurreko frutero pakistandarrari galdetu behar dio ea lanik ba al dagoen, eta 45 orduko lanaldia eskainiko dizu, oilaskoari iztarrak apartatzen, 800 euroren trukean.

Kontrajarriak diren bi kosmobisio elkartzen dituen aliantza hori, lazo horiarena, gutxienez, estrainioa bada behintzat.

Bakunien hilobia Geneva-Zurich autobidetik datorren ke beltzak belzturik dago

Garaiak aldatu egin dira, batek azkar erreparatu behar zion horri Azpeitiko herribildu txikian duela pare bat urtetik ekintzailez eta alkandora zuriz bete zitzaigunean erdikalea.

 

Garaiak aldatu egin dira. Kontura bitez Leturia berriak. Lilura! Lilura! Lilura berria zera da, Txillardegi, Ziudade Handiko portu galantean merkantziak karga deskargan jardutea goiz iluntzez mila euroren trukean, metafisika ikastea arratsez, eta nehoiz zu ta zureentzat (gizadia osoarentzat) ortu propiotik jango duzula amets egitea.

Bakuninen hilobia Geneba-Zurich igarotzen duen autobideak belztuta dagoela apuntatzen dute, literatura finez, kamarada anarkista zintzo batzuk. Iragan erromantikoa dago osotasunean beltzak hartuta, izorratuta. Disertatio-rik ez, hemen desertaziorako dugu preparatu beharra.  Garaien aldaketaz jabetu ez diren poeta mordoa dabilkigu oraindik Heine-eta, Aresti-eta errezitatzen; konturatzen ez direlaik betiko akatsaz: erromantizismorako posibilitate oro autobideko keak ilundu duela, progresoak, edo beste era batera esanda: ekintzailetza eta erlatibismo posmodernoa ezin direla bateratu ez abertzaletasunarekin, ez eta justizia denotatzen duen beste edozerrekin ere.