Sarrera gisan

2015eko Diadaren ondorenean idatzi zituen honako lehen lerroak López-Petitek, eta horregatik ekarri da orain Kontu Lepora, irailean sartu berritan. Nekez teorizatua izan den gerturatze sentsiblea da Petitena. Eztu, bere hartan, akziora edo inakziora deitzen. Eta horixe da, beharbada, tristeena: gaur Katalunian zer egin erabakitzeko soziologo ingles gezurtien Joko-Teoriara jo behar duela batek. Euskal Herrian Katalunia ispilu izateak hondamendia areagotu besterik ezin du egin.

Komenigarria baita, esana geldi dadin behin betikoz, hau azpimarratzea: nazionalismo kataluniarrak daraman norabidea bat eta bakarra dela, eta norabide horrek nolakotasun konkretuak eta bereiziak dituela, nazionalismo euskaldun historikoaren ezberdinak, errotik. Bereiztasun horien artean daude interklasismo estrukturala, gailentasun enpresarialista eta fatalismora kondenatua dagoen eta, halatan, halabeharrezkoa den posmodernismoa.

Gaur kataluniarren atxikimendua espektrala da: edukiz hutsa den bizigogoa. Aspaldi saldu zuten kataluniarrek euren lurra. Kirtenkeria galanta da, beraz, lurra aldarrikatzearen simulazioa egitea.

 

“Aberrigabearen bakardadea”, López-Petit (2015eko irailaren 27a)

Aitortzen dut: kataluniar naizen heinean, atzerritarra bezain nahasita nago. Batzuk atzerritarren artean gara atzerritar, baina ondo dugu oroimenean nola beihala Mas presidenteak helikopteroa hartu behar izan zuen Parlamentura sar zedin, kanpoaldea “Inork ez gaitu ordezkatzen” diharka zebiltzan axolagabeek erabat inguratua zutelako. Orain, berriz, Mas presidentea hauteskunde-zerrenda batean babestuta ageri zaigu: araztasunez eraberritua. Horixe seinalatu nahi zuen Carl Schmittek, dezisionismoaren asmatzaileak, “politikaren milagroa” zekarrenean.

Guk, ahaztutzen ez dugulako, biziraun ahal izan dugu burbuilaren barruan. Burbuila nazionalistaren barruan airea falta da. Burbuila nazionalista zer den azalduko dut. Burbuila ostia honek lotura bikoitz baten forma logikoa du; esan nahi dudana hauxe da: elkarren aretan kontrakoak diren bi mezuk talka egiten dutela bertan, eta elkar-elikadura horretan ezinezko egiten dutela irteera-posibilidade oro. Diskurtso nazionalista espainola era diskurtso nazionalista katalana; horraxe lotura bikoitza.

Espainolismoak legalismo inozoena eta pasio baxuenak mugitzen ditu. Legea errespetatu beharra dago, legea zerbait sakratua bailitzan, indar-korrelazio baten gorpuztea dela dakigunean. “Nahi duzuena ezinezko da”, baieztatzen dute lasai askoan, justu ezinezkoa erreal egiteko borrokak duintzen duenean borroka bat. Eta, azkenik, espainolismoak beldurra eragitera jotzen du, inpotentzia agerian utzi besterik egiten ez duen argumentura.

Katalanismo independentistak, bestalde, biztanleriaren erdia ahaztu eta herriaren nahimena eraikitzeari ekiten dio, burugogortuta. Kasu honetan, pasio altuenak mugiarazten dira, esperantza kasu, errelato epikoetan hobekien funtzionatzen dutenak direlako. Baina, egiazki, denak balio du. Historia manipulatzetik “guretzako diru gehiago edukiko dugu” ankerreraino. Laburrean, betiereko prepotentzia trakets espainolari, erresuminetik eta engainutik erantzuten zaio, ilusiozko irri batez mozorrotzen den arren. Diskurtso nazionalistak sinplifikatu egiten du, inguruan duen guztia despolitizatzen eta beti kontserbadorea da. Bere baieztapena pobrea da, beti biktimismoz landua.

Orain gertatzen dena da kataluniaren ipuin zoriontsuari izu espainolistak erantzuten diola. Geroz eta aire gutxiago dago burbuila nazionalistan. Nola puskatu lotura bikoitz nekagarri hau? Izan zen aukera bat, nekeza, agian, ia existitu ere egin ez zelako: Katalunia anomalia bihurtzea; benetako anomalia bat, beste herri guztiak kutsatzeko modukoa. Anomalia bat, eta ez unitate politikoa. 15-M-n izan zen aukera hori, istant batzuetan soilik. Egiazki, ez genuen jakin egiten eta oso gutxi izan ziren batasunik gabeko unitatearen pentsamendua interesatu zitzaienak. Espainiak nahiago izan zuen, bere ahultasunean, barregarri gogortzea. Katalunia ipurdian itsatsitako Estatu propioarekin konformatu zen. Huraxe bere amets handiena. A zer destinu tristea!

Franz Fanonek, Argeliaren independentziaren aldeko borrokalariak, abisatu zigun: “Ez diezaiogun Europari omenaldirik egin bere gisako Estatuak, instituzioak eta erakundeak sortuaz … gizadiak gugandik imitazio bat baino gehiago espero du; karikatura zantar bat baino gehiago”.

(…)

Badaude baita independentismoa eta antikapitalismoa bateratu daitezkeela uste duten lagunak: Estatua beharrezko pausu bezala ikusten dutenak. Egia, ez dago hainbeste zinismo. Bestalde, gehiegi uste dute. Esaterako, uste dute, hemen, borroka nazionalak klase-borrokarekin bat egiten duela. Historiaren puntu honetan dagoeneko ez dakit oso ondo zer den klase-borroka, baina imajina dezaket, berau galtzen ari baikara. Badakit ez duela borroka nazionalistarekin zerikusirik. CUPek nazionalismo kataluniar hegemonikoarekin duen harreman zalantzagarria ikusita, muturreko ezkerrak Estatuko ezker partitokratikoarekin zuen harremanaz oroitzen naiz. Eta ez diot gehiago.

Burbuilaren barneko hari musikala: “Zure biziko botoa”, “Goberna gaitezen”, “Bai, ahal dugu”… Politika modernoaren kategoriak –Estatu nazioa, herria unitatea politiko gisan, identitatearen eraikuntza- marko posmodernoan erabiltzeak simulakro handi bat baino eztu eragiten: ezer ezta dirudiena. Ikaragarri serioa bezain irrigarria eta patetikoa den bluf bat da. Denbora agortzen ari da eta argi hitz egin beharra dago. Independentziaren alde edo kontra bozkatuko duzu? Bai ala ez? Lotura bikoitza hautsiko duen erantzun kolektiborik existitzen ez denez, okurritzen zaidan bakarra Descartesen behin-behineko moral gisa dirauen “aukeran, nahiago ez” erantzuna da. “Aukeran, nahiago ez”, horixe erantzuten baizuen Bartlebyk presa sartzen ziotenean. Ni ez naiz, ordea, bera bezala gosez hil arte bulegoan sartuta egongo. Ados. Erabakitzeko eskubidea defendatzen dut. Ihes egiteko eskubidea nahi dut nik. Ihes egin nahi dut nik, eta interesatzen ez zaidan galdera bati erantzun beharrik ez izatea. Aberrigabe bat izan eta ezerekiko lotura gabe ezeri erreberentziarik egin beharrik ez izaitea. Ezinezko internazionalismo bat entseatzea, ezinezko horregatik borroka egiteak pena merezi duelako. Irteera pertsonal bat dela? Hala deritzonak eztu ezer ulertu. “Ez naiz ezer baina dena izan beharko nuke” baieztatzen zuen Marxek proletargoaz. Ez dute sekula jakingo zenbat garen eta ez gaituzte sekula zenbatuko. Aberrigabearen bakardadean anonimotasunaren indarra eta minaren indarra daude. Horregatik ezin du boterearen begiradak horra heldu. Tertuliano guztiak gorrotatzen ditugu. Egunerokoan ez gara txorakerietan galtzen, esentziazkora goaz. Eta igandeetan amets egiten dugu… mugimendu subertsibo batek behingoz harri-kartoizko agertoki hau suntsituko duela.