Mezu labur honen bitartez Azpeitiko Gaztetxeko kideok gure babes osoa adierazi nahi diogu Iruñeko alde zaharreko Maravillas gaztetxeari, larunbat honetan arratsaldeko 18:00tan burutuko den mobilizaziorako deia luzatzearekin batera.

Alde batetik, ikasketa politiko gisara hausnartzen ditugu pasaden asteburuko gertakariak,  Nafar gobernuak huste prozesua geldiaraztea soilik kale mailan auto- antolaturik zeuden herritarren garaipena izan baitzen. Tamaina handiko garaipena, erabat politikoa dena, instituzio formalek duten zantzu autoritario eta askatasunak/ jabetza pribatuaren posesio mugagabearekin duen erlazio zuzena gainditzen duena, kale mailan eragiten den indar harreman politikoen biraketa batek instituzio aparatuen asmoak geldiarazi ditzakeen seinale.  Bestalde, argi adierazi nahi dugu Nabarreria kaleko eraikinaren erabilera auzoarena eta gaztetxeko kideena dela, eta ez Nafar gobernuarena zein boteredunen eskutik agintzen duten burokrazia egiturena. Gaztetxeak zilegitasuna dauka Nafar gobernuak eraikinarekin dituen erabilera plangintzetatik haratago, elkartasun, oroimen zein langileekiko konpromisoak lehentasun osoa baitute gutxi batzuen eskuetatik pasatzen diren proiektu- proposamenekin alderatuz. Nolanahi ere, kezkaz eta amorruz ikusten dugu ustezko “aldaketaren gobernuakMaravillas gaztetxea ostiral goizean hustu izana, gazteen determinazio politikoak erakusten digularik non kokatzen den aldaketa- iraultza– erreala eta non iraganeko gauzen egoeraren errepikapen sinplea, esanahi hutsalen bitartez “aldaketaz” izenpetua bada ere.

Maravillas gaztetxeak irekia daraman urtean auzoarekiko, ahaztuekiko, baztertuekiko, azpian gaudenokiko konpromiso irmoa erakutsi du, horretarako hamaika aktibitate antolatuz: Zinema ikuskizunak, elkartasun jantokiak, asanbladak, hitzaldiak, tailerrak eta abar luze bat aurki genitzake urte oso bateko egitarau oparoaren artean. Uste dugu berekoikerian eta bizi baldintzen -aginte baldintzen-  banaketa basati batean oinarritzen den gizarte eredu honen aurrean biderkatu beharreko esperientziak direla honakoak, herri bat gaztetxe bat lelo ezagunetik herri bat hamaika gaztetxe lelora jauzi eginaz. Honenbestez, gaztetxeak politika aparatu formalen azpiratze soil batetik agente politiko aktibo izatera pasatzen ari direla ikus dezakegu, urteetako esperientzia pilatuak posible egin duelarik egun ikusten ari garen autonomiaren loratzea. Asko dira azken boladan Euskal Herrian ireki diren espazio auto- gestionatuak, aspaldidanik bizi direnak ere inoiz baino indartsuago ikusten ditugu, horren adibidea direlarik aurtengo urtean Gipuzkoan zein Bizkaian antolatu diren gaztetxe zein gazte asanbladen topaketak.

Honenbestez, uste dugu ezinbestekoa dela gaztetxeen arteko koordinazio eta batasunean sakontzea, banandurik ezin dezakegulako indar gehiegirik egin, baina batasunez zein independentziaz- botere egiturekiko– aritzen garenean xake taulan aldaketak ematen dira, azken asteko gertaerek irakasten diguten modura.

Gehiegi luzatu gabe, larunbatean Iruñeko kaleak betetzera deitzen diogu Azpeitiko herritarrei, eta honekin batera jarrai dezagun gaztetxeak zein azpion gaudenon bizitzak pizten.

Maravillas aurrera!