Orrazirik gabeko lamia naiz ni. Hau nire aurreneko kolaborazioa da. Lamiak haserretu egiten omen dira orraziak kentzen badizkiete. Niri ere orrazia lapurtuko zidaten, antza. Haserre egoteko motiborik badut, behintzat. Kontu Lepora nola iritsi naizen kontatzen hasi ninteke, baina gaur nahiago dut beste bide (tour) baten inguruan hitz egin. Izan
ere, Azpeitiak aukera asko ematen ditu Cool Tour-a (kul tur-a) egiteko.

Azpeitiko Kul Turra egin nahi baduzu hainbat bide har ditzakezu, Azpeitiak Experience asko eskaintzen dituelako . Turismoa eta kultura eskutik doazelako zenbait pertsonen ahotan.

Hasteko, Inaziotar Bidea aukera dezakezu. Duela ia 500 urte inguru, 1522. urtean, Loiolako Inazio gure patroi handiak Azpeititik Kataluniara egin zuen bidea da hori.

Azpeitian hasten da, Loiolako santutegiaren atarian, hain zuzen. Bukatu, berriz, Manresan. Besteak beste, Basquetour Eusko Jaurlaritzaren turismo agentziak, Azpeitiko Udalak, Jesusen Lagundiak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatzen -diruz laguntzen- dute proiektua. Inazio zenak bakarrik egin zuen bide hura, ez dakit zein dokumentutan ageri denez.

Baina badirudi, Inazio igaro ostean ez zela beste inor handik pasatu. Izan ere, Inaziotar Bideaz asko dakiten agintarien peoiek seinaleak jarri behar izan dituzte biderik ere ez zegoen lekuan, bide emanez biderik ez zegoen bide bati, horretan diru poltsa handiak xahutuz. Baina nahikoa arrazoi badituzte horretarako.

Finean, “kulturaren aldeko inbertsioa” dela baitiote. Inaziotar Bidea “espiritualitateaz eta erlijioaz gain, tokian tokiko kultura eta natura ezagutzera emateko zein toki horietako ekonomia suspertzeko tresna” da sustatzaileentzat.

Horiez ezik, horrelako egitasmoek turismo jasangarria bultzatzen dutela diote. “Datozen turistak bertako kultura, gastronomia eta bertako monumentuak errespetatzen dituzten turistak dira”. Gazte, jakin ezazu gaur egun Inaziotar Bidea egokitu gabe dagoela, baina lasai; iritsiko zara bukaerara nahi izatekotan. Dena den, eraman ezazu indarrak hartzeko zerbait. Esaterako, jatekoa eta edatekoa, hala nola Ignasis opiltxoak. Pastel horiek bukatu gabeko bidearen inguruko Inaziotar Bideko Jardunaldi Enogastronomikoan eros ditzakezu. Jardunaldi horiek ere kultura eta turismoa
sustatzeko sortu dituzte. Hala diote bultzatzaileek. Kul Turraren barruan, bada bereziki interesgarria den bide bat: festen inguruko ibilbidea. Sasoi honetan, uda iristearekin batera, izaten dira santioak eta saninazioak, eta horiek ezagutu ditzakezu. Bi eskaintza mota aurkituko dituzu uztaileko egun horietan, baina bi horietako batek egiten dio so Azpeitia Experience filosofiari. Horren aldeko hautua eginez gero, honako ekintza hauetaz gozatzeko parada izango duzu:

umeen eguneko erraldoien kalejira, umeen korporazioa, prozesioak, sagardo dastaketa, blonda txapelketa, errekortarien erakustaldia, txupinazoa, zezenketak, zezen txikiak eta entzierro txikia, suzko erroberak, harrera instituzionala, EITBk udako programazioaren harira muntatutako txiringitoa (Kantu-giro, Go!azen….) puzgarriak, paseilloa eta kontzertuak.

Subjektuaktiboa bazara eta festaz ekintzetan parte hartuz gozatu nahi baduzu, hori ez da zure bidea. Ez ezazu pentsa arrakastarik ez duenik, baina. Izan ere, eskaintza horrek ez du hutsik egin azken urteetan, eta herritarrek kontrakorik eskatzen ez duten bitartean horrela jarraituko du denak. Har dezakezun beste bide bat Alde Zaharrekoa da. Loiolatik herrigunera nola etorri ez baduzu, lasai: txu-txu trenak hurbilduko zaitu. Behin Alde Zaharrera iritsita, kultur hondare asko salduko dizute; tartean, Loiolako Inaziori lotutakoak. Leku horiei izen originala jarri diote, zinez; Inaziotar Guneak dute izena, eta honako hauek dira batzuk:

Madalena auzoko ermita…… Bestalde, Saninazio baino berriagoa den Sanagustin kulturgunea topatuko duzu Alde Zaharrean, udaletxearen magalean. Santutik gutxi dutenek eraiki eta orain beste batzuek balizko kulturaz beteko duten Soreasuko eraikina ere hor dago. Hutsak eta hautsak betetako mounstroa, sormena eta kulturgintza ezkontzeko hirigintza kulturaren konkista, hondarea gurtzeko etorkizuneko tenplua, santuen kulturtegia. Hormigoizko antrokia. Haren barruan kokatzen da Soreasu antzokia. Denetariko emanaldiak eskaintzen dituzte bertan, baina handiegia da, eta jartzen zaren lekuaren arabera gehiago edo gutxiago ikusten duzu oholtzan jazotzen ari dena. Imajinatu, nire lagun batek behin zalantzan jarri zuen eszenatokian hizketan ari zen pertsona hizlaria edo herriko alkatea zen. Baina ez zebilen oker. Handia da, gero. Herriko sorgintza gunea izateko jaio zen Dinamoa ere Soreasuko eraikinean dago. Dinamoek indarra sortzen dutelako jarri zioten lekuari gaur egun daraman titulua. Azpeitiko Dinamoa argia egiten hasi zenerako lokartu zuten, ordea; esnatu zenerako nekatu zuten, sorginkeria bidez edo. Hura ordezkatzera dator Soreasuko Sormen Gunea. Duela gutxi hasi dituzte eraikuntza lanak, eta lehen fasea egiteko milioi bat euro botako dituzte. Horiek botatakoan hasiko dira bigarren fasearekin. Behar ez den eraikin bat behar ez diren gauzekin hornitzea edo betetzea eta hori garaipen modura saltzea, behar ez dena eraikitzearen parekoa da. Kultura aitzaki jartzeak ez du balio. Zor-menaren kultura ere Azpeitira bidean da.

Bukatzeko eta asteburuan zer egin ez badakizu, hona hemen kultur eskaintza eder bat: Gaztemaniak zirkuitua. “Gaztetxoen gozamenerako antolatutako kultur eskaintza berezia”, “Azpeitian kulturan egiten ari garen lana balioan jartzera eta eskaintza zabaltzera datorren ekintza”, edo are gehiago: “ 12-25 urte bitarteko gaztetxoentzako
kultur eskaintzan sortzen diren zailtasun edo hutsuneei erantzutera datorren ekintza”.

Egilea: Orrazirik gabeko lamia