Goizero moduan lanean, irratia piztuta, neure zereginak nola hala betetzen ari nintzen astelehenean. Euskadi Irratia entzun ohi dugu lantokian eta han ari ziren betiko tertuliano aspergarriak Gure Esku Dagoren giza katea gora eta Altsasuko auziaren proportzionaltasunik eza behera. Nork erabakitzeko eskubidea zabalago defendatuko, nork justizia ozenago aldarrikatuko, nor demokratago. Nazkatuta, irrati katea aldatu eta Arrate Irratia jarri nuen. Meza ari zen han, berriz; meza santua.

Berriro lanpostura itzuli behar eta denbora asko galtzeko gogorik gabe huraxe utzi nuen, eta meza santu entzuten igaro nuen hurrengo ordu erdia, Arrateko esatariak urtebetetzeetako eskaintzei eta auzoetako festen egitarauei paso eman aurretik. Pentsatu nuen neure baitarako “Ze ai haiz mezie aitzen?”, baina ez zidan apaizaren sermoiak goragale handiegirik eragin; Euskadi Irratiko tertulianoak goizero entzuten ohituta nago…

Bi sistema antzeko dira kristautasuna (edo beste edozein erlijio) eta demokrazia; azpikoak kontrolpean eta geldirik edukitzeko bi sistema. Aurrenak pekatuaren eta infernuaren mehatxuaz herri xehea beldurtuta eduki zuen mende askoan; bigarrenak edozertarako askatasuna daukagula aldarrikatuz engainatuta gauzka. Izan ere, mezako apaizak entzuten edo irratiko demokratak entzuten, ni lanean eta haiek hizketan, batzuk zein besteak ni baino poltsiko beteagoarekin. Eta aukeran, elizako musika nahiago nik.

Demokrazia ezer ez aldatzeko askatasuna da, ezer ez aldatzea erabakitzeko ahalmena. Aste osoa lanean pasa eta asteburuan lasai mozkortzeko eskubidea. Hilean asko ordaindu gabe nahi dituzun futbol partida guztiak ikusteko aukera. Zure botoarekin mundu aldatzeko esperantza. Goikoak behekoekin justizia egingo duten ustea da demokrazia. Demokrazian zure lan-baldintzak hobetzeko borrokatu dezakezu. Eta hilean bi mila eurotik gora irabaztera ere iritsi zintezke. Bi seme-alaba eduki eta telebistan saltzen duten moduko bizimodu eroso eta lasai lortzeko aukerak dauzkazu, gauzak ongi eginez gero, demokrazian. Demokrazian giza eskubideak daude, eta ez badaude demokrazia demokratago bat aldarrika dezakezu, kontuan hartzeko aukerak murritzak izanik ere.

Baina demokraziarik demokratenean ere, behekoak behean eta goikoak goian. Demokrazian gure futbol talde maiteko presidenteak armak saltzen ditu eta ez da ezer pasatzen, eta welcome refugees. Demokratarik demokratenak onartzen du bankuak dirua utzi badizu, interesekin itzuli beharko diozula, hau da, zuk lana egin eta bankeroak kobratu. Demokraziarik demokratenean lanera joan beharko duzu, eta beste bat (edo gehiago) zure lanaz baliatuko da bere kontu korrontea betetzeko. Eta logika horrekin apurtu nahi baduzu, demokratikoki ostiak etorriko zaizkizu, eta demokratikoki isunak, edo kartzela-zigorrak. Eta munduak, zoriontsu, demokrazian jarraituko du.

Ziur nola zioen gogoan ez badut ere, Jon Sarasuari irakurri nion noizbait gaur egungo gizarte modernoak erlijioan sinesten zuen belaunaldiari barre egiten dion moduan, biharko gizarteak demokrazian sinesten duen gaurko belaunaldiaz gauza bera egingo duela; poztuko nintzateke hala balitz.