Nazio ukapenetik Estatu eraikuntzara

 

 

Pero ni ETA, ni todo KAS, ni Herri Batasuna, ni ninguna formación política por muy grande que sea, podrán solucionar los problemas de la clase trabajadora vasca, del Pueblo Trabajador Vasco. Únicamente el mismo Pueblo Trabajador Vasco puede solucionarse sus propios problemas.”

Argala

 

 

Aurreko batean nazioaren kontzeptu abstraktuak ezkutatzen duen errealitate kontraesankorra azaltzen saiatu nintzen. Hau da, sistema kapitalistaren baitan nazio orok bi nazio barnebiltzen dituela: burgesiarena eta langileriarena hain zuzen. Eta ondorioz ezin dugula ulertu nazioa errealitate kohesionatu eta armoniko bat bezala, baizik eta interes antagonikoak dituzten eta gatazkan dauden bi klase sozialek osaturiko errealitate gisa.

Nazioaren ulerkera honetatik abiatuta, Euskal Herrian nazio zapalkuntza gainditu eta Estatu bat eraikitzeko aukeren inguruko hausnarketa eta azalpen minimo bat egiten saiatuko naiz. Beti ere erreferentzia bezala izanik nazio zapalduaren baitan klase interes antagonikoak ditugula.

Lehenik eta behin esan beharra dago nazio-estatua edo estatu nazionala burgesiak historikoki hartu duen forma politikoa dela. Burgesiak historikoki nazioaren abstrakzioa erabili izan du klase menperakuntza mantentzeko, desjabetuei sinestarazteko komunitate kohesionatu bat osatzen duela bere zapaltzaileekin batera. Baina, garbi ulertu behar duguna da burgesiarentzat nazioak merkatua esan nahi duela. Hau da, lurralde jakin bat non merkatu ekonomia ezarria dagoen eta beraz burgesiak ekoizpen bitartekoen jabetza pribatua monopolizatua duen klase bezala. Eta errealitate honen gainean eraikitzen du Estatua. Izan ere, Estatua klase menperatzaileak duen tresna juridiko-politikoa da lurraldetasun jakin bat kontrolatzeko. Marx-ek errealitate hau egitura eta gain-egitura bezala definitu eta azaldu zituen. Egitura oinarria da, oinarri ekonomikoa non ekoizpen harremanak ezarriak dauden (jabeak eta desjabetuak edo langileak eta burgesak). Hemen kokatzen da benetariko klase boterea eta dominazioa. Burgesiak baititu ekoizpen bitartekoak eta desjabetuok behartuak gauden  gure lan indarra saltzera, oinarri honetan kokatzen da klase antagonismoa. Eta hain zuzen klase dominazio hau bermatzeko eraikitzen du burgesiak gainegitura jurdiko-politikoa, Estatua. Klase izaera du  estatuak, klase menperatzaieak sortua eta erreproduzitua da bere interesak bermatzeko, esplotazioan oinarritzen den eta gainbalioaren pilaketa helburu duen ekoizpen harremanak bere horretan mantentzeko.

Estatuaren klase izaera kontuan hartuta, ondorioztatzen dena da Euskal Herriak pairatzen duen nazio zapalkuntzak klase interes batzuei erantzuten diela. Hau da, Euskal Herria ukatua eta zapaldua dela botere burgesak ala erabaki duelako, historikoki eraikitzen joan diren burgesia nazional ezberdinek euskalerria zatikatu eta espoliatu dutela beraien interesen arabera. Oligarkia espainol eta frantsesak beraien estatuak eraiki dituzte gure lurra zatituz, eta euskal burgesia subjektu aktibo bat izan da honetan. Hau da, euskal burgesiak ez du izan eta ez du egun inongo zapalkuntzarik edo ukapenik jasaten estatuen partetik bere negozioak aurrera eramateko, bere klase posizioa mantentzeko. Haitzik , estatu espainol eta frantsesak euskal burgesia ordezkatzen dute, bere klase dominazioa ahalbidetu eta beraz klase interesak bermatzen dituen heinean. Euskal burgesiak bere egitura juridiko-politiko propioa du, estatu zapaltzaileen baitan gorpuztua dagoena, bere klase dominazioaren sostengua hor kokatzen delarik.

Beraz, Euskal Herria zapaldua mantentzen duten Estatuek klase interesei erantzunez egiten dute, eta hauek oligarkia espainol zen frantses eta euskal burgesiaren klase interesak dira. Honekin esan nahi dudana da, Euskal Herria zapaldua bat eta bakarra dela: euskal langileria, hain zuzen.

Dominazio burgesak zapalkuntza nazionalaren forma hartzen du gurean. Zapalkuntza nazionala abstrakziotik errealitate materialera eramaten badugu, garbi ikusi dezakegu Euskal Herriak jasaten duen nazio zapalkuntza, klasesko nazio zapalkuntza dela. Hau da,  euskal langileria dela zapaldua den subjektua. Euskal burgesiak ez du zapalkuntzarik jasaten, bera da zapalkuntza gauzatzen duen subjektua, klase interesek bultzatua Estatu espainol eta frantsesen eta bere oligarkien anai ttipia da, hauen funtzio estruktural eta patu bera partekatzen duelarik. Beste modu betean esateko, baldin eta euskal burgesiak bere klase boterea mantendu nahi badu, euskal langileria esplotatzen eta Euskal Herriaren ukapen nazionala sostengatzen jarraitu beharko du. Kontrakoa egitea, askapen nazionalaren alde egitea, bere klase interesen aurka egitea baita.

Beraz, euskal langileria da zapalkuntza jasaten duen subjektua, eta ondorioz subjektu iraultzaile/askatzaile posible bakarra. Euskal Herriko desjabetuontzat, langileontzat, estatu duina estatu sozialista da, euskal langileriak eraikia bere klase interesen arabera. Eta honetarako klase bezala artikulatu/antolatu behar du, autonomia politikoa garatu behar du. Egun Euskal Herria zapaltzen duen botere burgesaren antagonikoa izango den boterea artikulatu behar du euskal langileriak. Botere propioa, langile boterea. Soilik euskal langileriak ekarri baitezake Euskal Herriaren askatasuna, soilik sozialismoaz lortu baitaiteke independentzia.

2 Iritzi

  1. DavidRiazanov

    2018-06-12 at 8:05

    Aupa Harrika,

    Testuan zehar ageri zaizkigun kezka eta azalpenekin ados egonik ere, matizazio txiki bat egitea gustatuko litzaidake, zure esaldi baten esanahia zalantzan jartzeko asmotan: “Dominazio burgesak zapalkuntza nazionalaren forma hartzen du gurean”. Forma nazionala forma burgesa da esentzian, ederki esan duzun bezala merkatu nazional baten konstituzioak harremantze eta kultura eredu propioak artikulatzen baititu, forma ekonomiko sozial burgesa litzateke nazioa (XVIII. mendetik aurrera), aurreko eredu ekonomiko eta forma politiko zein sozialak barnebiltzeko gaitasuna duena kasu batzuetan (Ingalaterran eta Alemanian), eta berriak eratzeko beste batzuetan (Frantzian). Langileriaren formazio sozialak merkatu territorializatuaren markoak gainditzea du helburu, baina mundu mailako harreman eredua artikulatu artean territorializatua beharko du egon, edo nahiago bada, forma nazionala hartuko du. Dena dela, eta egia da Euskal jauntxoek bere nazio propioa eta estatua badutela, Basque eta espainiar estatua hain zuzen ere, baina instituzioak artikulatzeko dituzten aukerak ez dira agortzen Estatu espainolean, naiz eta orain inongo interesik ez izan estatu forman artikulatzeko. Ez da agortzen euskal Estatu baten aukera logikoa, naiz eta orain arte behintzat hertsiki lotua izan den espainiar estatuarekiko (eta horrela jarraituko du denbora luzez, ez da egongo Euskal Errepublikarik 2026an). Dominazio burgesak klase izaera hartzen du gurean, beste toki guztietan bezala, baina gure zeregin intermedioa klase nazional bilakatzea da (Marxek Frantziako guda zibilean zioen bezala, Parisko komunako borrokalariei erreferentzia eginez) eremu ekonomiko sozial honetan, Euskal Herrian, hemendik hastea borroka.
    Borrokarako eremua da Euskal Herria, artikulazio politiko propioa duena (bere instituzioak, marko ekonomiko bereizia eta desberdintasun kulturalak), baina borrokaren izaera klase borroka da eta ez zapalkuntza nazionala gainditzearena, nahiz eta nazio forman instituituko garen lehen pauso gisara.

    Ez dakit ulertu zaidan,

    Besarkada bat!

  2. Aupa hi!

    Ados. Hirugarren paragrafoan diodan bezala, nazio estatua errealitate burgesa da eta abolitu eta gainditu beharrekoa beraz. Bestalde, diozun bezala, ezinenzkoa suertatzen da berau gainditzea baldin eta iraultza sozialak maila internazionalean ez badu garaipenik lortzen (eta bistakoa da hori urrun dagoela). Finean nik testuarekin aldarrikatu nahi dudana da desjabetuontzat askatasun bakarra sozialismoa dela. Eskertzen da ekarpena!

    Ondo izan!

Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko.

*

© 2018 Kontu Lepo