Kurtsoa bukatzear dago eta nahita edo nahi gabe, baina balorazioak (ez balorizazioak) egiten hasiak gara. Balorazioek beti dakarte kritika, ikusi, entzun, irakurri eta ikasi dugu hori guztia hartu eta ondorioak ateratzean datza azken finean. Honela, uneoro berrikusiko den iritzi bat garatuz. Balorazio guztien artean bada bat hona ekarri nahi izan duguna, urte guztian zehar kulturaren inguruan jorratu ditugun gaiekin lotura zuzena duelako.

Gure inguruan etengabe dabilen hitza da Kritika. Badirudi, guztia zalantzan jartzea modan dagoela azken aldian. Baina, ez dira asko errealitatea bere osotasunean ulertu, kritikatu eta eraldatzeko helburua duten kritikak. Edo helburua hori izanda, horretan asmatzen dutenak. Beraz, guk kritika hauen berauen azterketa kritiko bat egitea proposatzen dugu. Gure erreferente kontzeptuala den Trabisek, beste behin ere modu ezin hobean definitu zuen Kritikaren problematika. Kritika, beraz, ez da gaitasun subjektibo batetik sortzen den zerbait edo arrazoiaren subiranotasunaren berezko espresioa, kritika testuinguru objektibo batean parte hartzea da, egoera aldatzeko helburuarekin erabakiak hartzea. (Trabis, 2018).

Bereizketa kontzeptual honek errotik bereizten gaitu gaur egun posmodernitatearen ideologia ezaugarritzen duen kritikatik. Hau da, kritikak momentu oro errealitateari erreparatu behar dio, hau bere osotasunean ulertuz, eta bere kritika eraldaketara bideratuz. Nahi eta nahi ez, kritikaren objektua bere osotasunean aztertzea eta ezagutzea eskatzen du (bere ezaugarri guztiak eta bere egituraketan parte hartzen duten aspektu guztiak kontuan hartzea). Zer gertatzen da hau ez bada egiten? Sistema bere osotasunean kritikatu ordez, sistemaren aspektu edo ezaugarri zehatzak kritikatzera mugatuko garela, hauen irakurketa oso bat egin gabe. Kultura adibide hartuta, esan dezakegu, kultur produkzioari (edozein izan ere) egiten zaion kritikaren abiapuntua ez dela produkzio kulturala bere osotasunean egituratzen eta ezaugarritzen duen sistema oso bat, honen ezaugarri konkretuak baizik. Kasuan kasukoak. Honek ez du esan nahi kritika hauek ez dutenik errealitatean euren abiapuntua, hau da, ez dienik errealitate konkretu bati eta tokian tokiko eta kasuan kasuko problematikari erantzuten. Baina, ukaezina da, koadro baten pintzelkada bat aztertzen tematzen bagara nekez ikusiko dugula koadroa bere osotasunean.

Honen adibide izan liteke, euskal kulturari orokorrean, eta euskal literaturari zehazkiago gaur egun egin hoi zaion kritika. Azken urteetan ikusi da Euskal Herri mailan egin den literatur kritikak hizkuntzaren problematika hartu duela ardatz. Enfoke honek, hizkuntza politikari eta euskarari ekarri ahal izan dizkion onurak alde batera utziz, bestelako hainbat kritika estali dituelakoan gaude. Euskaraz egin eta publikatzen diren izenburuen kantitatetik harago, nekez kritikatu izan dira produktu hauek izan ditzaketen ezaugarri artistikoak (izan forma edo izan edukia) zein ideologikoak. Kasu askotan, literatur eta kultura merkatuari egin zaizkion kritikak ere hizkuntzaren ikuspegira mugatu dira, argitaletxeei eta euskal literatur produkzioari loturiko albiste guztiak hauek euskaraz publikatzen eta irakurleek euskaraz erosten duten izenburu kopuruari lotuta aurkitzen ditugu. Kritika ia ezerezean (edo behintzat oso mugatua) gelditzen da, merkatuak euskararen erabileran eta sustapenean duen eraginaz hitz egiten badugu, baina erabat ahazten badugu merkatu eta logika berdinak gaur egun produzitzen den guztiaren forma eta edukian nola eragiten duen.

Beraz, gaur egun nagusi den kritika kritikatzea proposatzen dugu. Produkzio kulturalaren eta bere kontsumoaren kritika oso bat egitea aldarrikatuz. Produktu kulturalak errealitatea ulertzeko, azaltzeko eta eraldatzeko tresna aktibo izan behar dute, eta helburu hori betetzerako bidean kritikak paper oso garrantzitsua betetzen du. Izan ere, gaur egun egiten diren kritika partzial eta lokalizatuek osotasuna estaltzen dute, sistemaren eta produkzio kulturala ezaugarritzen duten aspektu guztiak ezagutzea eta hauek eraldatzeko tresnak garatzea galaraziz.

______________________________________________________________________________________

Asteartean, ekainaren 5ean, Federico García Lorca poetaren jaiotzaren urteurrena izan zen. Kontu Lepon gure omenaldi xume bat egin nahi izan diogu, erail baino egun batzuk lehenago eginiko elkarrizketa batean esandako honako hitz hauek gogora ekarriz.

“La poesía es algo que anda por las calles. Que se mueve, que pasa a nuestro lado. Todas las cosas tienen su misterio, y la poesía es el misterio donde tienen lugar las cosas. Se pasa junto al hombre, se mira a una mujer, se adivina la marcha oblicua de un perro, y en cada uno de estos objetos humanos está la poesía.”