2016ko udazkenean taberna batean bi Guardia Zibilekin izandako liskar baten ondorioz epaileek guztira 79 urteko kartzela zigorra ezarri die Altsasuko gazteei: 13 urteko kartzela zigorra ezarri die Oihan Arnanz eta Iñaki Abadi; 12 urtekoa Jokin Unamuno eta Adur Ramírez de Aldari; Jon Ander Cob, Julen Goikoetxea eta Aratz Urrizolari 9 urteko zigorrak, eta Ainara Urkijori 2 urteko zigorra. Espainiako Auzitegi Nazionalak “kalteak, desordena publikoa eta mehatxuak” eta “agintearen aurkako atentatu” delituak leporatu dizkie zortzi gazteei. Gainera, “nagusitasun abusu eta gorroto” larrigarriak ezarri eta gertakari haiek “arrazoi ideologikoengatik eta Guardia Zibilarenganako gorrotoagatik” eman zirela argudiatu dute. Ezin da ahaztu Jokin, Adur eta Oihanek urte eta erdi daramatela espetxean epaia atera denerako.

Horrez gain, eragindako lesioengatik tenienteari 9.200 euro ordaindu beharko dizkiote; sarjentuari 3.700 euro, eta bi horien bikoteei 6.100 euro bakoitzari eragindako lesioengatik. Hori gutxi balitz, lehenaren bikotekideak 45.000 euro eta bigarrenaren bikotekideak 25.000 euro jasoko dituzte “ondorio eta kalte moralengatik”.

Azken berrien arabera, gaur goizean Guardia Zibilak Altsasuko lau gazte atxilotu ditu: Iñaki Abad, Jon Ander Cob, Aratz Urrizola eta Julen Goikoetxea. Dirudienez, epailearen aginduz atxilotu dituzte saio bat egiteko arratsaldeko lauetan, zeinetan Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileek erabakiko duten gazte horiek espetxera bidali behar dituzten ala ez.

Asier Petrirena, Ruben Iglesias eta Endika Etura oreretakoen eta Julen beasaindarraren kasuari dagokionez, Espainiako Auzitegi Nazionalak bina urteko espetxealdira zigortu ditu 2017ko martxoaren 11n Iruñean egin zen manifestazioaren ondorengo liskarretan parte hartzea egotzita. Larrigarri gisa jaso ditu Auzitegiak “objektu mingarriak eta artefaktu piroteknikoak” erabiltzea. Kasu honetan ere ezin da ahaztu oreretako hiru gazteak istiluen egunean bertan atxilotu zituztela eta ia zortzi hilabete egin zituztela Iruñeko espetxean preso.

Berriro ere Euskal Herriko militantzia politikoak errepresio gogorra jaso du; berriro ere botere judizialak bere aurpegi bortitzenarekin egin du indar erakustaldia, kasu honetan Euskal Herriko gazte borrokalarien aurka; finean, berriro ere klase agintariak desjabetuon kontrako erasoa egin du. Botere judizialak azken aldian erakusten ari zen ezaugarri berdinekin egin du erasoa oraingoan ere: modu arbitrario eta desproportzionalean. Ezaugarri horiek botere burgesaren ezaugarriak dira, dominazioa egoera bermatu ahal izateko behar duena egiteko ahalmena baitauka.

Egoera horri amaiera eman behar zaio, eman behar diogu. Errepresioak gure burua kolpatzen badu, guk gure burua babestu behar dugu eta horretarako premisa beharrezkoa da gure gaitasunak artikulatzea eta handitzea. Menperatu nahi gaituzte, subordinatuta nahi gaituzte, baina egoera hori irauli beharra dago.

Bien bitartean, gure animorik eta besarkadarik beroenak gazte horiei guztiei. Zuekin gaude!

 

 

 

Azpeitiko gazte batzuk