Indarra da nigan bilatzen dudana,

zerura naramaten kantetan aztarka nabil.

Bisaiak haize freskoa  ebakitzen duen sentipen purua da,

minaren arrastoa galkorra dela diostana.

Hemen norberak aukeratzen du

bere bizitzaren soinu-banda.

Konpas banari zor gatzaizkio;

kontrabaxuaren pauso pisuari,

biolinaren soinu arinari,

distortsio zartatuari,

melodia itsaskorrari.

Erresistentziari ala hondoratzeari.

 

Osotasunaren metafora baino ez ginen izan azken batean.

Banoala sentitzen dut,

badakit baina banatorrela bueltan.

 

Indarra gugan kausitu dut azkenean,

eta zinez eskertua natzaizue, berriz ere.