Gainean dugu uda eta gainean ditugu Xanjuandeiko festak nahiz hemendik kanpoko herri askotako txoznaguneak. Gurean egiten diren festetan badira festak auzolanean antolatzeko lan handia egiten duten batzordeak, bai Xanjuandein, Urrestillan nahiz Azpeitiko Marea Arroxan. Lehen biak antolaketak amaitzen ari direla ikusita (hala komeni behintzet jejeje), hirugarrenari heldu nahi nioke, bertako funtzionamenduari nahiz bere gaineko hausnarketari ekarpena egiteko intentzioz (heure ustez…).

Marea Arroxan orain arte egindako lana eskertzen hasi nahi nuke, urtetan egindako lanaren ondorioz, festa garaian herrian duen erreferentzialtasunak ez baitu parekorik, gutxi izanik herrian hori lortu dutenak (PNV bakarrik ustet… kar-kar!). Festak herritik herriarentzat eta auzolanean antolatzeko filosofiatik jaio zen festa batzordea eta horretan dihardu oraindik ere, bere bilakaera eragin duten hainbat erabakiren ondoren.

Duela urte batzuk Marea Arroxatik irten ziren proposamen edota eskaeren ondoren, Udaleko Festa Mahaira sartu zen festa batzordea, bertako eragileengan eragiteko eta bakoitzak egiten zuenaz hausnartzea bultzatzeko, honen bidez, mahai horretatik eraikitako festek bestelako kutsu bat izan zezaten.

Gaur egun festa batzordeko kide garenok ongi dakigu mahai horretan egotearen funtzio horiek euren zentzua galtzen ari direla aurreko helburuei dagokienez behintzat. Izan ere, badakigu hainbat interes desberdin elkartzen diren gune horretan, gauza asko eta asko elkarrekin kontrajarriak direla: ekologismoa bultzatu nahi eta erraustegiaren erantzuleak gonbidatzea, parekidetasunaren alde lanean aritu eta tabernetan musika matxistak onartzea merkataritzagatik… Uler daiteke Udaleko mahai batean iritzi ezberdin hauek onartu eta hauekin aurrera egitea, Udaletxeak denen iritziak onartu behar (nahi) omen ditu eta.

Hala ere, iruditzen zait Marea Arroxak bere filosofiari heldu eta lanketa politiko propioak garatzea izan behar duela helburu. Horrek ez du esan nahi Udaletxeko Festa Mahaian egon ezin duenik, baina bai izaera propioa eta borroka komunitate baten parte izan behar duela, festei ezartzen dizkion helburuak beste esparruetan ere indartzera begira lan egingo duena. Hau da, auzolanaren filosofia festetan txertatzea kapritxo bat izatetik haratago (ederragoak irten daitezkeela uste dugulako edo gehiago gustatzen zaizkigulako), herritarrengan auzolanaren filosofia zer den txertatzea izan behar duela helburu, hau bultzatzeak dakarren harreman eredu kolektiboa sustatzea beste esparru guztietara.

Zorionez, herrian badira festak herritik eta herriarentzat auzolanean antolatzeko prestutasuna agertu dezaketen eragileak, eta hauek elkartuz lan egin eta kolektibotasuna bultzatzeari ekin behar zaio esparruz esparru. Festetan zentratuz, esango nuke herri mugimendua elkartu eta herri mugimenduaren festak antolatuko dituen Festa Batzordea izan behar duela Marea Arroxak. Lanketa eta eragile ezberdinen proposamenak elkartu, hausnartu eta aurrera aterako dituen mahai bezala lan egingo duena, hain zuzen.

Beraz, norbanako bezala, auzolanaren alde eta lanketa politiko zehatzetan sinesten duzuen eta hauen alde lan egin nahi duzuen eragile eta pertsona oro bultzatu nahi zaituztet, mahai honetara gerturatuz, lan eginez, parte hartuz eta iritziak elkarbanatuz zuen alea jarri eta kolektiboaren aldeko ardurak hartzen ikastera. Lan handia dago egiteko. Egurra!