Moda marxista belaunaldi berrietan

Aurreko astean, arrazoi ezberdinak medio, soilik noizean behin hitz egin ahal dudan bi pertsona ezberdinekin denbora tarte bat hartzeko aukera izan nuen. Oso ezberdinak izatez, baino oso militanteak biak ere. Oraindik “aktibo” egon arren, “aurreko belaunaldiko” militante gisa definitu genitzake, ehundaka galdera eta kezkaz itota garaiok eskatzen duten moduan.

Batak enbidia sanoz begiratzen zion egungo gazteriari. Testuinguru anker zein nahasia izanik ere gaurkoa, hauek formakuntza eta analisi politikorako duten gaitasuna miresten zuen, berau indartzeko eraikitako guneak eta epe motzean eman litzazken fruituen potentzialitatea. Bere garaiko hutsune hura zuen gogoan, material iraultzaile eta teorikoaren ageriko falta.

Besteak kezkaz begiratzen zion “moda marxista” gisa definitzen zuen “fenomeno berriari”. “Ismo” eta dogmetaz zen mintzo, gutxi izan ez eta militantzia zatitzearen inguruan, liburutegiak beteta izateaz sareetan inkoerentziak salatzeko prestaketetan, kaleak hutsik dauden bitartean.

Nire iritziz, izandako bi berriketaldiek, ondorio argi bat azaleratzen zuten; garai “berriek” generazio aldaketa bat behartu dute.

Kontulepon zein gaztetxean parte hartzen duen lagun bati esker, belaunaldi oso ezberdinetako militanteen esperientziak entzun ahal izan ditugu lehen pertsonan, garai ezberdinei erantzuten zieten praktika zein borroka moldeak ezagutzeko aukera izanik. Agerikoak ziren generazio ezberdinen analisi zein lan egiteko moduen diferentziak garaiaren arabera.

Gaur egun, antzeko zerbait gertatzen ari denaren sentsazioa daukat. Duela 10 urteko gazteriak zituen aurreikuspenak ez dira egungoak dituztenekin alderagarriak. Etorkizun ustela duten gazte hiper-formatuak dira gehiengoak egun, esplotazio umilianteenera kondenatuak lantokietan, honi erantzuteko gaitasunik duen erakunderik ez dagoela jakitun.

Garai gogorrenetan, mota guztietako erreferentzia iraultzaileak galdu ditugu, gazteriari amesteko aukerak ematen zizkiguten mezu zein ekintzak agortu direlarik. Azken krisiak langileriarengan emandako kolpe itzelak klase ikuspegiko irakurketak areagotzetik haratago, elementu interklasistak hegemonizatu dira “ezker” gisa definitzen genituen mugimenduetan.

Honek guztiak, borroka molde, estrategia iraultzaile eta praktika politiko ezberdinak hausnartzera behartu ditu egungo militante berriak. Europaldeko herrialde borrokalarienetako bat ginela sinestetik, egungo egoera negargarri hau bizitzera zerk ekarri gaituen ulertzeko saiakera lehen lerroan jarriz.

Nire iritzi apalean, gazteria egun hartzen ari den lana, hurrengo hamarkada luzetan eskertua izango den praktika da (duela hamarkada batzuk gertatu zen moduan). Lan egiteko moduen inertzia edota jarraikortasun itxu bati uko egin eta heuren errealitateari egokitutako borroka formak hausnartzen hasiak dira, honek suposatzen duen guztiarekin. Akomodatutako agente politiko ugariren hitz-jarioak irenstetik haratago, historikoki langile mugimenduarentzat ezinbestekoak izan diren irakurketak eguneratu eta praktika politikora bideratzeko aukerak aztertzeko gaitasuna erakutsiz.

Aipaturiko “moda marxista”, pertsonifikazio banal batetik haratago, aurkitzen garen desertu teorikoan langileon zientzia garatzeko grina bezala identifikatu genezake. Kapitalismoaren garapenarekin batera guztiz beharrezkoa dugun ikasketa eremua alegia, dinamikoa eta egungo erronkei erantzuteko gaitasuna izango duena. Teoria ezinbestekoa zaigu non gauden kokatzeko, izan nahi dugun hori definitu eta izatera iristeko estrategia garatzeko, bideko taktikak diseinatzeko… are gehiago orain arteko saiakera orok porrot egin duela jabetun garen garaiotan.

“Ismo” horien magalean akomodatu nahi izan dituzten karikaturizazioak desegin eta klaseen arteko borroka garatzeko beharrezkoak izan diren erreferentziak geureganatu eta eguneratzea ezinbestekoa dela iruditzen zait, berritzaile gisa saltzen zaizkigun hainbat amarru zahar identifikatzeko gaitasuna garatzearekin batera.

Behin guzti hau esanda, haseran aipatutako bigarren lagunarekin bat ere ados ez nagoela pentsatzera eraman dezaket irakurlea, eta ez da okerrean egongo. Hala eta guztiz ere, onartu beharra daukat aurrera begira gehien kezkatzen nauten gaien artean daudela honek aipaturikoak, eta nire ustez benetan zaindu beharrekoak, esaterako: Saiakera hau ez dadila “guaya” izateko moda puta bat bilakatu, ez ditzagula militante dogmatikoak “eraiki”, perfil ezberdinetako langileekin lan egiteko bitartekoak diseinatu behar ditugula kontuan hartu, teoria kritika pedanteetatik haratago praktikarako erraminta dela ulertu, komunikazio politikoan eman beharreko hurratsak findu eta pixkanaka, kaleak gazte iraultzaile berrienak izateko formulekin asmatzea.

Ehundaka izango dira oraindik hartu beharreko erabaki okerrak, milaka bidean egin beharreko akatsak, bereziki gogorrak “ahora que no hay cobertura” aurrekoan batek errepikatzen zuen moduan….. baina onartu beharra daukat, mujombre eta futbolaren mendean, demokrazia eta pake faltsuaren garaiotan, non edo non argi izpitxo bat ikustekotan, “moda marxista” horren itzalpean lanean diharduten harribitxien esperantza zintzoan soilik ikus dezakedala.

Beti esan izan dut belaunaldi berriekin harremandu, ulertu eta eraikitzeko gaitasunik ez duen hurak soilik uzten diola “gazte” izateari (konplexu kontua agian), eta zoritxarrez, Euskal Herria azkar zaharkitzen doan herria izatearen sentsazioa daukadala onartu behar dut.

Argi Beltza

7 Iritzi

  1. DavidRiazanov

    2018-05-28 at 15:47

    Kezkak erabat partekatzen ditudala onartu beharrean naiz Argi, baita testuan eginiko afirmazioak ere. Gure herria zaharkitzen ari delakoan nago ni ere, eta zaharkitzea bera gizartearen mamiak zeharkatzen ari dela edo, inertziaz eta bultzadaz. Indarren arteko talka bat bizitzen- eta indarra egiten, noski- ari garelakoan nago, porrotaren kontsiderazioa eta nekea, alde batetik, eta borrokatzearen beharra generazio berrientzat, bestalde. Dena den, “oraingo gazte eroen”, “marxisten” posizioa nire eginik, iraganeko borrokek egun duten errepresentazioak kezkatzen nau, eta egungo jarrera ikusirik, zein errelato eraikiko duten marxista berriek- etortzear dauden gazteek-, aurreko belaunaldiak krisialdian soilik ezagutuko baitituzte. Tradizioa nolabait jaso dugu batzuek, eta oso eskertuak gaude horretaz, estetika hutsetik haratago lan ohitura ederrak baitakartzagu. Orain, nola garraiatu hori generazioen artean, ondorengoei? Bestalde, ezin eskatu gauzak desberdin burutzen ari diren horiei ulermena, konprensioa, ez baitugu berdin jasotzen gure jarduna, ulerkera ezberdinak ditugu.

    Azkenik, testuaren zati honekin geratzen naiz bereziki: “Kapitalismoaren garapenarekin batera guztiz beharrezkoa dugun ikasketa eremua alegia, dinamikoa eta egungo erronkei erantzuteko gaitasuna izango duena” ba bai, marxismoa ez da metodo zurrun eta estatiko bat, mugimenduan dagoen errealitatearen ezagutza sistema baizik, errealitatearen barnean-ezin baitugu kanpoan kokatu, Trabisek zion bezala, halako usteak eraikitzen baditugu ere-, praxian, elikatzen eta ezagutzera iristen dena. Horretan datza bere handitasuna, marxismoa sistema politikoa baita guztiz, politika estatuarekin soilik identifikatzen duen dogmatismotik haratago. Politika gure aktibitate ororen fundamentua da, ideologia forman ezkutaturik ageri bazaigu ere.

    Ea asmatzen diagun hurrengo generazioei aurrekoek eskaini ziguten besteko emaitza uzten! Beste behin ere, asmatu duk, Argi.

  2. Arratsalde on Argi Beltza,

    Eskertzekoa da zure lana. Eztabaida teorikoa kaleetan artikulatuta dauden problematika jakinen bitartez mahai-gaineratzen baituzu. Nire aldetik ostera, generazio berri horren kidea izan omen naizen heinean, utz zaidazu helduen kezka horri heltzen: balizko marxismoaren modarena.

    Argitu beharreko auzia honako hau da: zer desadostasun estrategiko adierazten ditu marxismoaren eduki teorikoarekiko delako moda horretaz beldur denak. Era berean pentsatu beharra dago estrategia komunistaren gaurkotasun taktikoarengandik eratortzen den bizi ereduaz zer deritzon pertsona horrek. Hau da, zer uste du orokorki marxismoaz? Okerra, nire aburuz, gaur egun “marxista” kategoriak ahalbidetzen duen identitate heterodoxiak eragiten du, eta horregatik “marxismoaren modak” orokorki aipatzean ez dugu arazo zehatzik denotatzen. Izan ere, marxistatzat bere burua duen indibiduo asko estrategia iraultzaile-komunistatik kanpo kokatu beharra dugu, eta zentzu hertsian marxista ez den arren txarto ulertuak ekiditeari begira “marxistez” beharrean militante iraultzaileez hitz-egingo nuke. Hala, hipokritak eta komunista iraultzaileak bereiztu ahalko ditugu beren bizi-praktiken bitartez. Ezberdindu behar baitira marxismoaren izen pean dirua ekoiztea helburu besterik ez duen UPV-ko irakasle sasi intelektual (baina ez-jakin) bat eta Azpeitiako gazte langile konprometitu bat (bere pertsonaz haratago bizi dena, klase solidaritatea exigitzen duena eginez).

    Bereizketa hau behin argituta horrela planteatuko nuke auzia: nola ekidin genezake langileok hamarkadaz hamarkada sistematizatzen joan garen esperientzia politikoaren jakintzak (marxismoak) sufritzen duen subsumtzio burgesa. Prozesu honek forma asko hartzen baititu, ez soilik “moda” desubstantzializatu bilakatzearena (bulgarizazioa = bere benetako objektua alde batera utzi duen pentsamendu sozializatua, marxismoaren kasuan iraultza pentsatzeari eta antolatzeari utzi dion aktibitatea, zeina Marxen eta bere epigonoen baliabideak erabiltzen dituen), baita merkatu nitxo bihurtu (akademian txertatu izana) edo honen karikatura eginez gazte askok Euskal Herrian aurrera daramaten aktibitate politikoa arrazoitu barik baliogabetzeko baliabide bezala erabiltzea. Azken hau da niri gehien kezkatzen nauena, funtzio estriktuki politiko burgesak betetzen baititu. Hortaz, zertaz ari gara marxismoaren modaz ari garenean? Honen lelo pean tontakeriak esaten dituzten horietaz? Leninen eta Maoren testuetan oinarrituz inoperantzia aldarrikatzen duten beste horietaz? Ala estrategia komunista-iraultzailearen alde lanean ari eta gainontzeko pertsonen gisara noizbehinka akatsak egiten ditugun militanteetaz?

    Azkeneko hauek hartu behar ditugu kontuan. Marxismoa ahotan edonolako aktibitatea erreakzionarioa edo kolaborazionista duten horiek burutzen duten praktika politikoaren bitartez kritikatu behar ditugu, diotenaren esanahi testualari erreparatu gabe: klase borrokan betetzen duten papera baita burgesa edo proletarioa dena, ez mintzatzen duten hori.

    Militanteoi dagokigunagatik bi dimentsio bereiztuko nituzke era probisionalean. Alde batetik klase kontzientzia, eta bestetik langileriaren zientzia estrategikoa. Biak marxismoaren baitan kokatzen ditut. “Klase kontzientzia” izatea, proletalgoak ekoizpen prozesu orokorrean (eta hortaz klase borrokan) duen posizioari dagokion klase-batasun estrategiarekin kontsekuente izateari deritzot. Hau da, bere klase pertenentziari dagokion posizio politikoa praktikatzea. Eta langileriaren zientzia estrategikoa, aldiz, klase borrokaren artikulazio aktuala aztertzen duen ekoizpen esparrua dela esango nuke; zeinak bide-orri orokorra eskaini eta klase antagonismoak fokalizatzen diren guneetan gatazka nola sintetizatu erantzuten ahalegintzen den: langile boterearen eraikuntza pentsatzen duen zientzia. Bi elementu hauek era iraultzailean nola sozializatu hausnartu behar dugu, kontuan izanik hein batean ekidin ezina dela prozesu hau hedatzen den bitartean joera anti-iraultzaile duen marxista-de-palo ugari aurkituko dugula bidean. Izan ideologia burgesaren lugar-tenienteak zein izan burges dirudunen kume aspergarriak. Gure kezka, ostera, klase kontzientziaren (hau da iraultza antolatzearen) artikulazioaren ardura izan behar da: praktika jakin bat langileak animatzearena. Eta bestetik, langileriaren zientzia den ekoizpen esparrua nola antolatu eta, modu efikazean funtziona dezan, esparru teoriko honen lanaren banaketa sozial-iraultzailea nola gauzatuko dugun pentsatzea dagokigu.

    Amaitzeko hausnarketa bat arin bat. Marxismoaren edukia kontuz sozializatu behar bada ere, ez dadin forma burgesengatik iruntzia izan, ulergarria da Euskal Herrian bizi izaten ari den hedapen abiadura bizia. Bi arrazoi nagusi ditu nire iritziz: 1) Lehen aldiz era antolatu eta sistematikoan lantzean ari da Euskal Herrian marxismoa; hau da, horrenbeste baliabide sozial zein organizatibo sekula ez dira marxismoaren lanketara bideratu hemen. Eta 2) Marxismoak langileon institoari kategoria arrazionalak eskaintzen dizkio; langileon afekzioak arrazoiz hornitzen ditu, horregatik bere erakarpen gaitasun erraldoia. Gure gorrotoa zilegia dela erakusten digu, baita gorroto horri eman behar zaion forma politikoa zein den ere. Desenfreno hedonista honen aurrean efimeroak ez diren laguntasun zein maitasun harreman leninistetan murgiltzen ari gara marxismoari esker. Klase solidaritatea saretzen doa.

    Besterik gabe, “moda marxistaren” beldurra argitzeko elementuak eskaintzen saiatu naiz, eta horren aurrean pentsamendu komunistaren nondik-norakoak zirriborratzen ere. Segi horrela lanean gazteak, latza da gure etorkizun oparoa!

    • ” Lehen aldiz era antolatu eta sistematikoan lantzean ari da Euskal Herrian marxismoa; hau da, horrenbeste baliabide sozial zein organizatibo sekula ez dira marxismoaren lanketara bideratu hemen. ”
      BENETAN? Motibazioa gauza bat da baina… joder! marxismoak herri honetan (ere) ibilbide luzea daka e!
      Hemen, duela 100 urtetik gutxienez, jendeak marxismoa landu izan du, askotan teorikoki eta sakonean, beste batzutan politikoki, hainbatetan heriotzera helduz… Uste det hor goiko hori esatea, gutxienez, oso ausarta dela. Fuerteago esanda, komeniko litzkela langileon historiari buelta bat ematea, zilborretik haratago, eta herri borrokekiko errespetuz.
      Ondoloin.

      • Aupa Gallarta,

        Lehenik eta behin, utz ditzagun elementu dramatikoak alde batera. Bestela ezin izango dugu eztabaida bere termino egokietan eman. Ez, marxismoak ez du Euskal Herrian ibilbide luzerik. Hemen Askapen Mugimendu Nazional bat egon izanak, eta honen historian marxismoaren zenbait elementu jorratu izanak (nahiko modu eklektikoak ala ere), ez du marxismoaren lanketa organizatibo eta estriktuki marxista bat inplikatzen. Ez dezagun txarto ulertu: ez dut ukatzen badenik marxismoa sakonki landu duen inor; baina Euskal herriak ez du bizi izan prozesu marxista bat.

        Euskal Herrian, batik bat bigarren mundu gerran osteko periferia kapitalistako herrialde batzuk bizitako nazio askapen esperientzien bitartez heldu zitzaion marxismoari (oro har). Eta beti subordinatua egon izan da gure herriko nazio askapen mugimendua sorreratik artikulatu duen auziari: euskal nazioaren autonomia politikoaren lorpenari; estatu baten eraikuntzari. Sinplea da, kontsulta itzazu ETAren barne eztabaiden garapena; hor ikusiko duzu ondo noiz eta nolako terminotan txertatu zen gure soziologia politikoan marxismoa. Eta bestelako interpretazioak egon badira ere marginalak eta baztertuak izan dira. EHNAMek marxismoaz izan duen ulerkeraren akats nagusia honako hau da: nazioa askapen mugimenduaren kontzepzio maoistarena, zeinetan etsaia burgesia inperialista den eta berau gure lurraldetik kanporatu artean nazionalitate bereko klase sozialen interesek konbergitzen dute. Zuzenki ez zen maoismoarekin erlazionatu, baina bere jatorriak eskaintzen dio bere izaera hemen jorratu den marxismoaren eduki estrategiko-politikoari. Aldiz, ikuspegi leninistarekin erlazionatu izan den arren EHNAMeko “independentzia” formak ez du kabidarik Leninen eskema estrategikoetan. Ikus dezazun badela aspalditik marxismoak gure historian izan duen presentzia ikertzen ari denik.

        Beraz, gure herrian baliatu izan diren baliabide politikoak gutxiesteko intentziorik gabe, hauen izaera eta esanahi historikoa aztertzeko ahalegina egin behar dugu. Beraien esanahi iluneraino iritsiz. Horrela bakarrik izango zaigu agerikoa zer suposatu izan duen marxismoak azken hamarkadetan hemen, edo nola jorratu izan den hau. Izan ere, auzia sinplea da: zer esan da sozialismoaz, materialismoaz edo Marxez mintzatu izan denean txostenetan, liburuxketan, ponentzietan…? Edukiari erreparatu behar zaio. Agian ez gara uste dugun bezain marxistak izan.

        • Beste azterketa ildo historiografiko interesgarria: marxismoak “autonomoen” (komandoak, talde politikoak…) bitartez Euskal Herrian izandako eragina. Aurreko iruzkinean aipatzea ahaztu zait. Agian hauen bitartez osatu beharko litzateke eskema orokorra.

          Zaindu!

  3. Iraultzailiek hedonistie beher du ezinbestien!

    “Porque ni festines ni banquetes continuos, ni goces con
    muchachos y mujeres, ni de pescados y otras cosas que
    conlleva una mesa suntuosa producen una vida de placer, sino
    un sobrio cálculo racional (νηφων λογισμος) que investiga
    las causas de toda elección y evitación, y que deshecha las
    opiniones gracias a las cuales la más grande confusión se
    apodera de las almas” (Lukreziok).

    “(…) por tal razón también más valiosa que la filosofía es la prudencia
    (por la cual todas las demás virtudes se producen
    naturalmente), que enseña que no es posible vivir
    placenteramente sin [vivir] prudente, bella y justamente, ni
    [vivir] prudente, bella y justamente si no [se vive]
    placenteramente. Las virtudes (αρεται), en efecto, son
    connaturales al vivir de un modo placentero
    y el vivir de un modo placentero es inseparable de ellas” (Lukreziok, baita).

    Sufrimentuek, juxtue bada, plazera emateu. Ona, politte ta juxtue bat ta bakarra da: plazer gorena.( Iraultzaile zantarrik eztao, horreatik!)

    Iraultzaile danak badaki hala danik. Ta hala danak badaki anai-arrebak, lagunek bereizten, baita alkar bide okerretik zuzentzen e.

    ‘La verdad es la verdad’

    (Jarri zun behin Machadok). Argi Beltzak esan moura, gezurre da kezkagarriye; Guai-zalekeriye, borondatien egiazkotasune, ta baita zahartzaruen (gelditasunen) etorrerie ere. Eiñ ahalko ote zaio kontra! Iraungo oteu (helduko ote) frexkuriek! Moituko ote gea noizbait! ta iraungo oteu mugimenduek!

    Kezka seriyuek, egiaz mugitzean bakarrenetako batek dauzkenak. Eskertzekue dek hire zintzotasune, Argi Beltza.

    Ondo ibili

  4. Draza Mihailovitx

    2018-06-20 at 10:39

    Kaixo denoi:

    Dudarik agbe aspaldim honetan (lehengo aldiz historian ez dakit, baina bai lehenengo aldiz aspaldi honetan), marxismoa sistematikoki lantzen den garai batean gaude.

    Honek pozteko arrazoi asko ematen ditu… eta baita ere kezkatzeko arrazoiak beste batzuei. Izan ere, aldaketa bat ikusi da aurreko belaunaldiekiko: marxismoa (lantzen dutenek lantzeko duten moduarekin edo haien “Korrontearekin” ados erabat, edo desados egon aren) jada ez da “apaingarri” bat, kartel batean mila ikurren artean azaltzen zen izar gorriak ordezkatzen zuen “bestelako aukera bat”, bestelako ideologia bat, “komunitate politiko-sozial” bat, edo “herri mugimendu” abstraktu bate elikatzeko (eta soilik elikatzeko, hots, menpeko papera hartuz, hots, “goikoek” nahi zutenean erabili eta nahi zutenean deskartatu ahal zuketena) balio zuena.

    Nere ustez hori iznago da, aurretik Yenikoyk aipatzen duen muga markatzen duen lerroa: gurean, betiere posizio internazionalistatik, langileria askatzeko gisa erabiltzen duten tresna-ardatz nagusi moduan ikusten dutenen eta beste zerbaiten menpeko gisa ikusten dutenen artekoa.

    Aurrerapausuak eman izan dira zentzu honetan. Geroz eta desapegatuago ikusten dut ekal gazte marxisten pentsamoldea une konkreu batetarako forma organizatiboek edota taktikek bildutako “komunitate” batuzzen inertziei… eta honi diote hain juxtu “komunitate” hau betikotu dutenek, hots, tresna askapejn-subjektuaren (langile klasearen) gainetik jarri dutenek beldurra.

    Gauza batetan fijatu naiz hain zuzen, “espainolista” hitza irain bezala orain gutxitan erabil tzen dela (tarteka azaltzen da, baina gutxitan). Oirain beste bi gauza esaten digute: a) “Ez dezute ezer ere egiten, etxeko teorikoak zerate”; eta b) “Matxista batzuk zerate”. Lehena gezurra dela bistakoa da, faltsukerien bidez soilik mantendu daiteke. Bigarrenari dagokionez, deskalifikazioaz gain, marxismoak (marxistek), beren iritzia plazaratzeko eskubidea, eta marxista bezala ikuspegi propioarekin aritzea ebatsi nahi digute.

    Horiek izango dira guri jarriko dizkiguten “sasiak”. Bste artikuluu batean “David Riazanov” izenez sinatzen duenak esan du aurtengoa izango dela mugimendu honen posizioak irabazteko urtea (edo halako zerbait buruz ari naiz). Aurrera bada!

Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko.

*

© 2018 Kontu Lepo