Beste garai bateko punkyrik punkyena bezala deskribatu izan du Josu Zabala musikariak. Eta deskribapen hori lapurtuta hasiko naiz omenaldi xume hau eginez.

Pasa den maiatzaren 19an bete ziren 30 urte Maurizia Aldeiturriaga Zabala zendu zela. Nire belaunaldiko gazteok apenas dakigu nor izan zen. Eta ni baino gazteagokoak are gutxiago. Ez dut asmorik efemeride tarte bat egiteko baina noizean behin, merezi dutenei aipamena egitea ondo deritzot (Lazkao Txiki tarteko).

Haundietan haundienetako bat izan zela esatera ausartuko naiz. Maurizia, Zeberioko Egia baserrian jaio zen 1904an. Bederatzi urte eskas zituela neskame bidali zuten Basurtoko ganaduzale baten etxera, eta 12 urterekin fabrikara lanera. Baserrian lana egiteaz gain, fabrikan egin zuen lan oso gaztetatik. Etxera dirua eramanaz. Fabrikan lanean hasi orduko ezagutu zuen garaiko beste trikitilari bat eta honen bultzadarekin panderoa jotzen ikasi (bere kasa ikasi ei zuen) eta horrela egin zuen salto oholtzara eta erromeriaz erromeria hainbat plazetara. 12 urte besterik ez zituela hasi zen plazarik plaza panderoa jotzen. Ohikoa omen zen auzo eta herri txikietan emakume panderojole nahiz trikitilariak ikustea. Baina plaza handi eta oholtza gainean, Maurizia bat eta bakarra zen. Bazuen halako erritual bat. Jotzen hasi aurretik, egunkari orri batzuk beheko sutara bota eta panderoaren larruazala berotzen zuen suarekin. Horrela, soinu hobeagoa ateratzen omen zuela zioen.

Kontuak kontu, emakume berezia izan zen. Bere garaiko punky bat nolabait esateko. Ohikoa ez zena ohiko egiten.

Garai latzak izan ziren haiek. 12urterekin fabrikara lanera, industrializazio garaia bete-betean. Ondoren, diktadura bat, eta geroxeago beste bat, eta horrek zekarren guztia. Espainiako Gerra Zibila hasi zenean, gorriak eta bi ikusi behar izan zituen Mauriziak. Panderoa albo batera utzi eta etxetik ihes egin behar izan zuen familiarekin. Gurdian ahalik eta gauza gehien sartu eta lehendabizi osabaren etxera, gero Bilbo ingurura eta handik Cantabria aldera. Gerra hasi orduko Mauriziaren senarra preso hartu eta Santoñako kartzelan sartu zuten. Eta gerrak iraun arteko hiru urteak espetxean pasa zituen. Gerra bukatu orduko, euren etxera itzuli ziren baina “rojo separatista”-tzat zituzten diktadurapeko Arratia hartan. Nekez lortu zuten etxera itzultzea. Urte ilun haietan itzalpean gelditu zen Mauriziaren panderoa eta bere musikarekiko grina. Baina urte batzuk geroxeago berriro ekin zion gehien gustatzen zitzaiona egiteari; plazarik plaza kantu eta trikiti soinuaz gozatzea eta gozaraztea.

Oholtza gainean emakume bat, ausarta eta indartsua. Bere ahots bereziarekin abestu eta kopla zaharrak botatzen zituena. Presentzia indartsua, ahots indartsua, erreferente indartsua. Zenbaitentzat oso arrotza izango zena. Eta ziur batek baino gehiagok horren kontra egin zuela.

Egiten zuena gustatu edo ez, ezin uka daiteke historiarako emakumea izan dela. Izan beharko lukeela.

Txoko honetatik, beraz, Aupa Maurizia!

–Maurizia.

–Zer, Teodora?

–Jende askok galdetu dit ea zergatik esaten duzun “aupa Maurizia” plazan jotzen ari zaren bitartean. Eta egia esan, neuk ere ez dakit zergatik egiten duzun.

–Teodora, horrek erantzun erraza dauka ba! Neronek aupatzen ditut Leon eta Fasio, baina ni nork aupatzen nau? Leonek ezin du berbarik egin alboka jotzen duen bitartean… eta Fasio totela da! Bietako zeinek animatuko nau ni?

–Arrazoi!

–Horregatik esaten diot neure buruari… Aupa Maurizia!».