Norbait faltsukerian aritu bide zen Josef K.ri buruz hizketan, berak inolako txarkeriarik burutu gabe atxilotu baitzuten goiz batean. Grubach ugazabandrearen sukaldaria, egunero zortziak aldera gosaria ekartzen ziona, ez zen orduan azaldu. Lehenengo aldiz gertatzen zen halakorik. K.k beste pixka batean itxoin, eta oheko burkotik ikusi zuen etxe parean bizi zen andre zaharra, ohi baino jakinmin handiagoz begira; hartan, harrituta ezezik gosetuta ere bai, txirrina sakatu zuen. Berehala, atea jo ondoren, berak etxean sekula ikusi gabeko gizon bat sartu zen. Argala baina gorputz sendokoa, traxe beltz estua soinean, bidaijantzien antzera ongi hornituta, tolestura, sakel, bukle, botoi eta gerriko, oso itxura praktikoarekin, nahiz argi jakiterik ez egon haiek denek zertarako balio zezaketen.

                -Nor zara zu?- galdetu zuen K.k ohetik erdi altxatuta.

Baina gizonak galdera aintzat hartu ez, bere agerpena jasan beharreko zerbait balitz bezala, eta besterik gabee san zuen:

                -Deitu egin al duzu?

                -Annak gosaria ekarri behar dit -. esan zuen K.k Hasieran isilik saiatu zen igartzen, arretarekin hausnartuz, gizon hura nor ote zen. Baina honek ez zuen bere burua luzaroan K.ren begiratupean utzi, eta aterantz jiratuta txirrikitu egin zuen, ate atzean bertan zegoen norbaiti esateko:

                -Annak gosaria ekartzea nahi du.

Algara labur bat aditu zen orduan aldameneko gelan, baina ez zegoen antzematerik lagun bakarra edo gehiagogandik ote zetorren. Algara hartatik ezer berririk jakiterik ez izan arren, gaztigu baten doinuan esan zion K.ri:

                -Ezinezkoa da.

                -Oraindik holakorik! –bota zuen K.k, ohetik jauzi egin eta galtzak airean jantziz-. Aldameneko gelan nor dagoen ikusi nahi dut, ea Grubach andreak enbarazu honentzako aitzakiarik baduen.

Berehala ohartu zen hobe izango zukeela halakorik esan ez balu ozenki, hartara onartu egiten baitzion arrotz hari, nolabait, bera zaintzeko eskubidea; baina ez zuen garrantzizkotzat hartu. Hala ulertu zuen behintzat arrotzak, esan baitzion:

                -Ez al duzu nahiago hemen geratzea?

                -Ez dut nahi ez hemen geratu eta ez zurekin hitz egin, zeure burua aurkezten ez duzun bitartean.

                -Onez onean ari nintzaizun –esan zuen arrotzak, oraingoan atea bere borondatez zabalduz.

Nahi baino astiroago sartu zen K. aldameneko gelan, eta, lehen begiradan behinik behin, dena iragan gauean bezalatsu zegoen. Grubach andrearen egongela zen, altzari, oihal, portzelana eta argazkiz gainezka, eta agian bestetan baino zabalxeago zirudien. Baina hori ez zen berehala antzematen, are gutxiago aldaketa nagusia leiho irekiaren alboan liburu batekin eserita zegoen gizon bat zenez. Begiak jaso zituen orduantxe liburutik:

                -Zeure gelan geratu behar zenuen! Ez al dizu Frantzek esan?

                -Bai, baina zer nahi duzue zuek? –esan zuen K-k, ezagutu berri zuen gizasemeagandik ate ondoko Franz izenekoagana begiak zizenduz, eta ondoren atzera hasierakoagana.

Lehio irekitik atsoa ageri ze berriro, zahar jendearen jakinminez aurreko leihoan ipinita, dena ikusi ahal izateko.

                -Grubach andrearekin nahi dut… -hasi zen K., eta mugimendu bat egin zien bi gizonengandik aske geratzeko bezala, beragandik urrun zeuden arren. Joatekoa egin zuen.

                -Ez –esan zuen leiho ondoko gizonak, liburua mahaitxo baten gainera bota eta zutituz-. Ezin zara hemendik Joan, atxilotuta zaude eta.

                -Hala dirudi, bai –esan zuen K.k-. Baina zergatik? –galdetu zuen ondoren.

                -Ez digute agindu zuri hori esateko. Zoaz zure gealara eta itxoin ezazu bertan. Bideratu berria dago prozesua, eta bere garaian jakingo duzu dena. Nere egitekoen muga gainditu dut zurekin honen jator hitz eginda. Baina espero dut inor ez dugula entzuten edukiko, Franzez gain; bera ere, arau guztien aurka, jator ari da zurekin jokatzen. Egokizu zaizkizun zaindariarekin izan duzun zorte ona baldin baduzu gerora ere, itxaropentsu egon zaitezke.

(…)

                -Nola egon naiteke hori eta horrenbestez atxilotuta?

                -Berriro ere lehengoarekin? –esan zuen zaindariak, opil bat gurinarekin eztiaren txarroan barruraino sartuz-. Guk ez diegu horrelako galderei erantzuten.

                -Erantzun beharko diezue bada –esan zuen K-k-. Hona hemen nere nortasun agiriak. Erakutsi zuek ere zeuonak, eta ezer baino lehenago atxilotze aginduak.

                -Hau da hau! –esan zuen zaindariak-. Ez duzu berehalakoan amore ematen! Badirudi gu alferrik amorrazteko teman ari zarela, zugandik hrubilen gaudenak garen arren.

                -Hala gaude bai, zaude ziur –esan zuen Franzek, eskuetan zeuden kafe kikara ahora zuzendu beharrean K.ri begirada luzea botaz: esanguratsua nonbait, baina ulertezina.

Nahi gabe K. hizketa mutuan hasi zen Franzekin, bata besteari begira, baina paperak artindu ondoren esan zuen:

                -Hona hemen nere nortasun agiriak.

                -Zer axola digu horrek? –ohiukatu zuen zaindari altuak-. Umea baino okerrago ematen duzu. Zer nahi duzu? Zure prozesu luze madarikatua lehenbailen bukatu, ze eta zaindariokin nortasun agiri eta atxilotze aginduez eztabaidan arituta? Gu enplegatu soilak gara, nortasun agiriei ozta-ozta ematen diegu tankera eta ez daukagu zerikusirik zure auziarekin. Zu egunero hamar orduz zaintzeagatik ordaintzen gaituzte. Hori da gure ardura. Dena den, jakin badakigu gure agintariek, honelako atxiloketa erabaki baino lehenago, zehatz mehatz ikertzen dutela bai atxiloketaren arrazoiak eta baita atxilotua bera ere. Ezinezkoa da hutsegiterik gertatzea. Gure agintariek, nik mailarik apalenean ezagutzen baditut ere, ez dute bilatzen hiritarren errua; aldiz, legegintzan esaten denez, erruak erakartzen ditu agintariak, eta hauek gu bidaltzen gaituzte, zaindariok. Horrela da legea. Non egon daiteke hor hutsegitea?

                -Nik ez dut lege horren berri.

                -Zuretzat okerrago –esan zuen zaindariak.

                -Zeuon buruan bakarrik dago –esna zuen K.k, nolabait zaindarien buru barrura lerratu nahian, bere mesederako aldarazi, edo bestela bertan etsitzeko. Baina zaindariak ez zuen hizketan jarraitu nahi izan.

                -Izango duzu ezagutzeko aukera.

Franz ere tartean sartu zen, esanaz:

                -Ikusten, Willem? Legearen berri ez duela onartu, eta aldi berean errugabe dela aitortzen dik.

                -Arrazoi duk, baina ez zegok hori ulertaraziko dionik –esan zuen besteak.

K.k ez zuen besterik erantzun (…)

 

Prozesua. Franz Kafka

 

Kafkaren Prozesua nobelaren hasierako zatia duzue honakoa. Eduki propioak idazteko denbora faltaren aurrean Kafka bezalako klasikoak beti dira aukera ona, eta gainera, aitzakia honekin, literaturaz gozatzen dugu (edo hori espero dut behintzat).

Dena den, eta goze edo gozamen estetiko soiletik haratago, nobela honek gaur egun pil-pilean dauden hainbat kontzeptu eta eztabaida oso modu bikainean mahai gainean jartzen dizkigu, hala nola, justizia eta askatasuna bezalako kontzeptuak zalantzan jarriz edota burokraziari eta estatuari eta bere aparatuen egituraketari kritika  eginez.

Beraz, eta zuetako norbait liburua osorik irakurtzera animatuko delakoan (nire iritziz gaztelaniazko itzulpena euskarazko baina hobea da, baina hori bakoitzaren aukeran utziko dut), beste behin, gozatu.