Askotarikoak izan dira mundu osoan zehar, zapalduon historia luzean eman diren saiakera iraultzaileak. Aipamen berezia egin diegu Maiatzaren Lehen honetan, langile iraultzaile ororen ereferentzia diren 1871ko Frantziako saiakera iraultzaileari edota 1917an mundua astindu zuen iraultza boltxebikeari. Biak ala biak, esplotazioa mundutik behin betiko ezabatzetik hurrun gelditu izanagatik, garaituak izanagatik, munduko iraultzaile guztion begirunea dute. Saiakera egite hutsagatik batetik eta bidean utzitako ekarpen eta irakaspen guztiengatik bestetik. Irakaspen hauei so eginez soilik izango da posible garaipena.

Gure herriko mugimendu iraultzaileak ere porrot gogorra jasan du zalantza izpirik gabe. Porrot honek hurrengo saiakeraren hazia jartzeko balioko digulakoan nago, baina zintzotasunetik ez bada egoera irakurtzen, porrotera hamarkada luzez kondenaturik gaude.  Zapalduon zientzia, errealitatea irakurtzetik hasi behar da, eta ez errealitatea itxuraldatzetik. Honela, ETAk poliziaren esku bere tresnak jartzean, herriari eman dizkionaren antzezpena zertarako egin duen galdetu diot neure buruari. Aldi berean, biolentziaren monopolioa bi estatuen esku uzteak bakerantz gerturatu gaituenaren ideia okerra zabaldu nahi da: “hoy es un día histórico, en el que el país está feliz. Yo quiero compartir esa felicidad con toda la gente de mi país” Arnaldo Otegi ETAren desegiteaz ari da.

Euskal Herrian ere, kapitalaren diktadurari demokrazia deitzen diote orain, eta langile demokraziaz (proletargoaren diktaduraz) hitz egitea, anakronismoa omen da. Honela, patronalek eta bi estatuek urte luzez jarraitutako helburua lortzear dute: indar antagonikoen “kontziliazioa” eta askapen mugimenduaren asimilazioa. Andoni Ortuzarren (EAJ) hitzak entzun besterik ez dago Ezker Abertzaleak autonomia estatutua (78ko erregimena) onartzean azken 50 urtetako pausurik garrantzitsuena eman duela esaten.  Etengabeko biolentzia egituratuari aurre egitea akatsa izan omen da, ez omen zen inoiz gertatu behar. Burua makurtu eta etsaiari berriro altxatuko ez garen bermeak emateak ekarriko omen ditu burkideak etxera, bakea herrira eta justizia zapaldu guztientzat. Bitxia azterketa.

Bitartean, NATOko kide leialak izaten jarraituko dugu (biolento batzuk alegia), dagoeneko iragana den ongizate estatua aldarrikatuko dugu, abiadura handiko trenean zeharkatuko ditugu eukaliptozko basoak eta kapitalismoa gure herrian gestionatzeko autonomia gehiago erregutuko diogu ahots batez (herri gisa) espainiako gobernuari. Obedientzia itxua, desobedientzia baketsuz mozorrotua.

Ez gaitzaten engaña. Ez dago aro berririk zapalduontzat. Etxe kaleratzeak, espetxeratzeak, terrorismo akusazioak, espazio okupatuen desalojoak, manifestarien aurkako oldartzeak, jarraipen polizialak, erahildako langileak, bortxatutako emakumeak, txiolarien jazarpena, mugimendu iraultzaileen kriminalizazioa, ekintza faxistak, ikasle antolakundearen aurkako eraso antolatua, pikoletoen kontrolak, pobrezia, tortura… Biolentziak eguneroko ogia izaten jarraitzen du eta hala jarraituko du, zapalduok garaipena lortu ezean, Iraultza Sozialista erdietsi eta heriotzeraino defendatu ezean.

Eta ez, ez dago aro berririk, ez da promesa antzuen aroa, ez da zain egoteko aroa, ez digu inork ezer emango. Oraina eskuetan hartzeko aroa da, etorkizuna kontzesiorik gabe eraikitzen jarraitzeko aroa; orain arte egindako saiakerak oroitu, aztertu, omendu eta berriak abiatzeko unea.

Ez dago hirugarren biderik. Aurre egin ala obeditu, iraultza ala sumisioa.