DENA EZ DELAKO GEZUR EDO EGIA

Paseoan noa etxera bidean, eguna joan da jada, ilunak gain hartu du berriro, eguneroko norgehiagoka amaigabean. Haizea leun dabil udaberriko gau eder honetan, zerua… ez, zerua ez da oskarbi nahiz han hemenka ilargiak muturra ateratzea lortu. Paseoan noa, gaurko gauaz hausnarrean, gau polita gaurkoa, aspaldi atera ez ziren konbertsazioak atera dira gaurkoan, gaurkoa erreza izan da. Hitz batek bestea ekarri du atzetik, galdera batek bestea eta zalantza… ongi etorria izan da, arrazoia izatearen rankinga gaur, itzalita balego moduan.

Ederra da inora heltzeko presarik izan gabe oinez ibiltzea, ibiltzea soilik hurrengo pausua… Ostia!!! Hori dek sustue!! Zerrek heldu zik eskutik??? Metro bateko jauzia eginaz batera begiratu dut atzera, berton marrokiar itxurako gizon bat dago begi ilun eta handiekin niri begira, ixilik, eta ni bere begiei begira. Gizon begi handi honek azalean zerbait arraroa du, aurpegiko eta eskuetako azalak zuri itxura hartzen baitu lehorraren lehorrez, azala hautsi diotela dirudi. Ile motz eta beltza du, bakantzen hasia, 40-50urte artean ibiliko da. Segundo batzuk pasa dira erreakzionatzea lortu dudanerako, orduan, eskutik heldu elkarri eta paseoari ekin diogu berriro. Ixilik goaz, behin elkarri helduta hitzek baliorik ez balute moduan, baina bat batean bere hitzek nire barrunbetatik atera naute.

– – Gau ederra
– – Ederra gaua bai.
– – Gaurkoa berezia da.
– – Ba egia esan aspaldi duk ez niala horren gustura gauez pasiatzen. Hi ere ze paseatzera atera haiz?
– – Bai beno, horrelako zerbait… familiarekin gelditu naiz, etorri nahi?
– – Bale, zeatik ez.

Berriro ere ixiik goaz, nire barnean sartu naiz berriro, eta elkarri heldutako eskua da kanpoko mundurako lotura. Neure buruari galdezka nabil ea nor ote den gizon hau, oraindik izenik ere ez dakidan gizon hau. Baina jada izena galdetzeak zentzua galdu du, ez da garrantzitsua, eskutik helduta goaz. Bat batean eskua askatu dit.

– – Iritsi gara.
– – Nora? Non daude?
– – Orain etorriko dira.

Hori esan bezain laster, hor agertu dira bi emakume, ama eta alaba. Alaba ni baino urtebete gehiagoko neska bat da, bizitza guztia inguruan ibili baina guztira lau hitz egitera iritsi ez naizen pertsona horietakoa, ama ez dut ezagutzen eta maleta handi batekin datoz. Elkar ikusi orduko besarkada eta muxuak izan dituzte elkarrentzat opari. Ni atzean nago, lasai bezain harraro, begira. “Alde egiteko momentua iritsi ote?” pentsatzen hasia naiz, baina bat-batean moztu nau.

– – Goazen, bagoaz.

Bakarrik hasi, eta orain lau gara paseoan goazenak, beno gu laurok eta maleta handi bat. Ixilik goaz berriro, hilaran goaz zabal, espaloi guztia guretzat hartuaz, furgoneta pare baten odora iritsi garen arte. Furgoneta inguruan gazte talde bat dabil bidaiaren bati ekiteko trasteak sartu eta sartu, ozen hitzegiten dute gaueko ordu txikiak izanagatik, marruekosera eskalatzera doaz entzun dudanagatik. Begiek dir-dir eigiten diete, adrenalina nabari da giroan, lanean pasatako hilabete luzeen ordaina iritsi da antza.

Gazte taldearengana hurbildu dira bi emakumeak maleta eskuan, gu biok elkarri eskutik eutsi eta begira geratu gara.

– – Iepa gabon, ze bidaiatzeko gogoz?
– – Bai desiatzen, ordu dexente ditugu aurretik baina, gero, puafff lekuak merezi du!!!!
– – Dena hitzeginda bezala ezta?
– – Bai, beno, maleta horren neurria izan ezik beste guztia bai.
– – Sartuko duzue ezta?
– – Beharko!!
– – Ongi zaindu gure txikia bale?
– – Lasai egon horregatik, gure kontu, etxeko ate aurrean utziko dugu.
– – Eskerrikasko, ikusi arte!
– – Ikusi arte.

Gugana hurbildu, eta niri eskua emanda dagoen 10 urte inguruko neskatoa agurtu dute ama alabek, jarraian begiak malkoz beterik hurrundu dira gaueko iluntasuenan ezkutatu diren arte.

Ni xok egoeran gelditu naiz, 40 urte inguruko gizon bati eskua emanda egotetik, 10 urte inguruko neskato bati eskua emanda egotera pasa naiz eskua ireki gabe, xok eogeran nago. Xok egoeran eta neskatoaren begi ilun handi eta azal leunari begira. Ez da ganorazko hitzik atera nire ahotik.

– – Baina nola…
– – Nire aitarengana itzuli behar dut, gaixo dago, oso gaixo. Gorputz guztiko azala lehorraren lehorraez hautsi eta erori egiten zaio. Hankak lurrean ipintzeko gai den artean ikusi nahi dut. Familiarekin gelditu naiz, etorri nahi?

Hori esan, masailean muxu bat eman eta furgonetara igo da neskatoa. Ni begira gelditu naiz, eta begira nengoen artean furgoneta arrankatu eta joan egin dira, besterik gabe, itsasoa zeharkatzeko asmoz.

Nik berriro paseoari ekin diot gertatua ulertu ezinik, berriro bakarrik. Gertatua amets bat bailitzan ekin diot aurrera. Etxera iritsi eta ametsa idatzi dut, ametsa balitz gustatuko zitzaidalako idatzita edukitzea, eta nork jakin, agian egun batez kontulepon idaztea.

Dena ez delako gezur edo egia, gora ametskeria.

kontukomeri

1 Iritzi

  1. Badek tentue ta abileziye. Eskerrik asko halako kontuek idazteatik.

Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko.

*

© 2018 Kontu Lepo