Eskerrak

Adiskideaz hitz egitera nator, zer den eta zenbateraino den adieraztera.

Zuloratuta zaudenean, soka bat; itota zaudenean, arnas pausatua.

Minduta bazaude, ukendua da; gustora bazaude, bidaidea.

Errutinak aspertuta bazauzka, bizigai izango duzu; konspiratzean, konplize.

Hutsunean, bete egingo zaitu eta betekadan gonbitoka lagundu.

Hor egongo da, hor ez badago ere. Faltan botatzen duzunean, hitz egingo duzue, eta baliteke asteak igarotzea, berriz ikusterako. Maite duzula esango diozu; baliteke sekula elkarri maite konturik ez aipatzea, baina hitzek ahoa bete baino, hobe lukete ekintzek hitzak betetzea.

-Hautsita nagok, esango diozu; eta zutik hago! ihardetsiko dizu berak.

-Beldur nauk, aitortuko diozu; hemen nauk,  hark erantzungo.

Eta sorbalda hori eskertuko duzu, bizkarrezurra beste, azken heldulekua bailitzan,  barruak krak egin dizunean. Elkarren beharra izango duzue, eta horrek egingo zaituzte adiskide. Ez gehiago konta, harreman iragankorren ipuin hura, benetakoak nahi ditut, bizitzen jarraitzeko.

Har itzazu hitz koldarrok,  inoiz aurpegiratzen ez dizkizudanak dira. Esker minez doazkizu; eskerrak minean ondoan zauzkadan, pozean ere hala izateko gero.

 

 

1 Iritzi

  1. Goethek bere ‘Fausto’n:
    “Gizakia lozorroari emanegia ohi da; oztopo gabeko atsedenaren xerka da ari; hortakotz du on adiskide paregabe bat, bizi eta susper dezan, Deabruak nola.”

    Eskerrak bueltan, alegia.

Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko.

*

© 2018 Kontu Lepo