Azken hamarkadako ohiturei jarraiki, aurten ere Azpeitiko Gaztetxetik formakuntza, aldarri eta komunitatea eraikitzen jarraitzeko ekimen osatua antolatu dugu: Gazte Astie.

Urte mordoxka bat pasa badira ere lehenengo aldiz antolatu genuenetik, esan genezake aste honen esentzia ez dela askorik aldatu, ezta honen helburuak ere. Ongi izate estatua bezala definituriko garaiko azken urteetan lortu zen Azpeitian Gaztetxea, eta honen degradazioaren lehen urteetan hasi ginen Gazte Astea bere osotasunean antolatzen.

Ez ziren garai xamurrak gurean. Ilegalizazio, atxiloketa eta torturak gogor kolpatzen zuten Euskal Herria, eta nola ez, Azpeitia. Milaka atxiloketa, ehundaka preso, dozenaka sarekada eta makrojuizio, forma eta tamaina irrazionaletako errepresio kasu andana… gure gaztetxea lortze bidean ere izan genituen atxiloketa eta kartzela eskaerak, ez nola nahikoak gainera.

AHTaren aurkako borrokak ere bere protagonismoa hartu zuen garai hartan, makroproiektu eta etxebizitzen espekulazioarekin batera. Zementu eta eraikuntzan aurkitu zuen akumulazio fase azkar eta errentagarria “gure” burgesiak euskal herrian, eta herri txiki borrokalari honen militantzia…. aurretik aipatutako prioritateak tarteko, ez zen guztia erantzuteko gai izatera iristen.

Nire iritziz, defentsan inbertitu behar izaniko urte luzeetan, jende gutxik zuen zer ginen eta nora gindoazen aztertzeko tartea. Onartu behar dugu, arazoak arazo, gure burua klase ertaineko langile pribilejiatu gisa identifikatzen hasiak ginela, desjabetu izaeraren onarpena asentatzen zioan bitartean. Militantzia, militante indibidual soilak osatzen genuen, lanerako kondena onartu eta geure bizi indibidualista aurrera eramanaz.

Militantzia bera lan orduekin uztartu behar zen, familia edo lan ordu luzetako kontratuak zituztenak kanpo gelditzen zirelarik, baita ikasle finak ere, lanetik nekatuta iristen ziren guztiak….. bizi eredu kapitalistaren asimilazioa guztiz egonkortua zen zentru inperialista osoan bezala, zuzenbide estatua gure maniobrabilitate maila birrintzeko lanean zen bitartean.

Pentsatzeko eta kontzientzia generatzeko tarteak kapitalaren funtzioa betetzen zuten bitartekoen esku ziren, unibertsitateko irakasle eta politiko profesionalak kasu, berauei ahotsa ematen zieten komunikabideetan.

Honekin, “masak” akumulatzera begirako borroken hegemonizazioa etorri zen, mundu berri batekin amesteari utzi eta mundu “hobe” baten inguruko borroketan murgildurik osoki. Krisiak eskeinitako erronka eta klase arteko interes antoagonismo erakusketa haundienetik hamar urte igarota, borroka molde honen ezintasunaren egonkortzea iritsi dela iruditzen zait. Kapitalismoaren izaera zapaltzailea onartu eta berau integralki suntsitzeko eman beharreko pausoak ezin direla masa difusoen eskutik etorri hausnartzera eman behar gaituela alegia. Burgesiaren kontsezio soiletara mugatzetik haratago, bizi eredu berri baten eraikuntza ezin dela delegatu konturatzera, kapitalari integralki erantzuteko perspektiba duen militantzia ereduen eraketak ahalbideratuko duela soilik boterea eskuratzeko baliabideak sortzeko aukera.

Egungo gazteriak, beraz, erronka berriak ditu. Lehenengo Gazte Astea antolatu zenetik, generazio aldaketa nabarmen bat eman dela agerikoa da, baita beraien bizi pertsonalerako perspektibak ere. Generazio hiper-formatuak eroskin lan egitera kondenatuak, txio batengatik espetxeratuak izateko arriskuarekin, eta honi integralki konfrontatzeko perspektiba duen erreferentzia falta nabarmena. Zer gutxiago, zerk ekarri gaituen hona aztertu eta erantzun bat emateko lanetan jarraitu baino?

Haseran esan bezala, Gazte Asteak bere helburuak betetzen jarraitzen du. Erronka berriei aurre egiteko beharrezko formakuntzarekin jarraituz, gure ideia eta aldarriak beldurrik gabe plazaratzeko tartea hartuz, eta honelako egitaraua antolatzeko dagozkion lanak kudeatzeko gaitasuna erakutsiz, elkar lagunduz, lan karga pertsonalak murriztuz, elkar zainduz eta finean, aipatutako komunitate hori eraikitzen jarraitzeko lanetan tinko eutsiz.

Beti esan izan da gazteak iraultzailea eta errebeldea izan behar duela. Nire ustez, akats haundi bat da etiketa hori gazteei soilik egokitu behar izana.

Animatu Gazte Asteko parte izatera, ez zaizu damutuko.

Argi Beltza