Gosea. Gose handia. Ezin beste ezer pentsatu. Eta lanean segi behar. Eta zerrekin bete behar dut nik orain sabela? Lanean segi beharko. Baina egunak pasa dira sabela azkenengoz bete nuenetik. Eta lanean segi behar. Baina nondik aterako ditut indarrak? Indarrak baino, nondik aterako ditut xoxak? Errealik ez, eta gainera errenta ordaindu behar, eta primiziak, eta janaria, eta lanean segi behar. Eta ezin ordaindu, eta ezin jan, eta ezin bizi. Eta gainera, larrutik ordaindu beharko dugu…eta uzta txarra eta gosea. Gose handia.

Banoa kalera, ez dut galtzeko ezer. Gosez hilko naiz, edo hilko naute. Eta irabazteko guztia dut, dugu. Madarikatu horien kontra. Gure bizitzen jabe diren pelukadun horien kontra. Gure lur, elikagai eta erreal guztien jabe diren gutxi horien kontra.

Banoa kalera, ez dugu galtzeko ezer, eta irabazteko dena.

Azpeitian, 1766ko apirilaren 14a. “