Duela 252 urte, gaurko egunez, apirilak 14an, piztu zen gutxik jakingo duten Gariaren Matxinadaren lehen txinparta Azkoitiako herrian, gerora Gipuzkoako hainbat herritara zabaldu zena. Testuinguruan kokatzeko, argi dago garai latzak zirela bertako langileentzat. Azpeitiako eta Azkoitiako bost baserritatik lau jauntxoen eskuetan zeuden eta gainera uzta txarreko urte batetik zetozen. Bestalde, herriak gosea izan arren, jauntxoek gariarekin espekulatzen zuten; kanpora sal zezaketen garia edota gordeta eduki prezioa igotzeko. Gariaren prezioa geroz eta altuagoa zen heinean, langileak geroz eta haserreago zeuden.

Horrela, apirilaren 14ean, Mendarotik bi erosle gari ale bila etorri ziren Azkoitiara. Irteterako orduan, ordea, hainbat herritarrek ikusi eta geldiarazi egin zituzten. Erositako gari aleak itzularazi ondoren, kanpaiak jo eta baserritar ugari bildu ziren bertan. Jaunak heldu zirenean baserritarren eskaria onartu eta prezioak jeitsi zituzten. Azkoitiko baserritarrak gustora joan ziren etxeetara.

Bitartean, Azpeitiako jauntxoak beldurrez zeuden eta konfiantzazko baserritarrei armak eta janari ugari eman zizkieten, inolako arrazoirik eman gabe, mugak babesteko eskatuz, nonbait Azkoitiarrak lurrak kendu behar zizkietela aitzakia jarrita. Hauek, ordea, mugak babestearen benetako arrazoia jakin zutenean Azkoitiako txinpartari jarraiki matxinatu egin ziren. Iluntzeko zazpiak aldera jende ugari abiatu zen Loiola aldera, basilika erakitzen ari ziren langileekin elkartu (gehientxuenak kanpotik etorritako etorkin langileak ziren, besteak beste, ia gehientsuenak galiziarrak) eta Azkoitiara joan ziren denak batera. Azkoitiara heldu eta baretuta zegoen jendea aztoratu zuten berriro eta Azpeitiara bueltatu ziren guztiak, aleen salneurria merketu nahian. Guztira 2000 pertsona inguru altxatu omen ziren. Herriko apaiza eta bi jauntxo behartu zituzten matxinatuen aurretik jarri eta bidea ireki zezaten. Garai hartako jauntxo ilustratua zen, Xabier Munibe Peña Floridako kondearen etxe atarira joan ziren matxinatu guztiak, baina jauntxorik gorrotatuena ez zegoen etxean, herritik alde egin zuen zetorkionaz ohartu zenean.

Azpeitiara heltzean, bertako jauntxoen etxeetara joan ziren guztiak. Leihoetara harriak bota, etxeetara sartu eta mehatxatu zituzten. Garai hartako juantxo gorrotatuenarikoa zen Antonio de Gorostizu etxeko arropetan atera omen zuten etxetik eta kalean gora eta behera ibili omen zuten.Baita, Vicente de Basozabal alkatearen etxeko atarira sartu eta leihotik aterarazi zuten. Garai hartan, Azpeitian zegoen Erregearen Korrejidorea (epailea) eta Gipuzkoako administrazio guztia (Donostia, Tolosa, Azkoitia eta Azpeitia hiru urtez behin txandakatzen joaten ziren, hiriburu gisara).

Goizaldera, matxinoek gari alearen prezioa jeistera behartu zituzten jauntxoak Azpeitiako plazan. Beste zenbait neurri ere hartu omen ziren beraien alde; zekaleen prezioa jeistea, mistel, olio,pattar eta beste zenbait elikagai herriko hainbat puntutan erosi ahal izatea, primiziak kobratzea… baina gaur egun ezin da jakin zehazki zein izan ziren neurri horiek, garai horretako akta guztiak ezabatuta daude eta. Badirudi baten batzuek interes berezia izan zutela 1766ko matxinada ez ezagutarazteko.

Azpeitiako eta Azkoitiako matxinadaren ondoren, inguruko herrietara zabaldu zen mezua eta Gipuzkoako zenbait herritan ere piztu zen matxinada. Erepresioak ordea ez zuen etenik izan. Hainbat eta hainbat langile izan ziren atxilotuak eta erailak. Beste hainbat matxinatu Gipuzkoatik deportatuak izan ziren. Eta egun hartan lorturiko neurriak, jauntxoek eta agintariek ezabatu eta merkatu librearen irekierari bidea eman zioten.

Orduko jauntxoak gaurko bankeroak dira, gaurko espekulatzaileak, politikariak, epaileak, gure lanabesen eta lanaren jabeak, sistema kapitalista sostengatzen dutenak. Gure herriko historiak, eta tartean, errepresioak zapalduriko altxamendu hark, irakaspen ugari utzi dizkigu eta hauetatik ikasi eta borroka berrabiatu beharra dugu. Elementu asko aldatu badira ere, lehengo zapaltzaileak gaur egungo zapaltzaile berberak dira eta orduko zapalduak gaur egungo zapalduak gara. Hau honela, burgesiaren pribilegioekin eta sistema kapitalistarekin amaitzea premia larritzat daukagu. Lantegien, lanerako bitartekoen eta lur sail handien jabetza pribatuarekin amaitu eta soldatapeko lana, dirua eta merkatu sistemarekin apurtzea dagokigu guri, gizakiak gizakia zapaltzen duen azken aldia izan dadin.

Orduan ausartu ziren, orain zergatik ez?