La oveja negra

En un lejano país existió hace muchos años una Oveja negra. Fue fusilada.
Un siglo después, el rebaño arrepentido le levantó una estatua ecuestre que quedó muy bien en el parque.

Así, en lo sucesivo, cada vez que aparecían ovejas negras eran rápidamente pasadas por las armas para que las futuras generaciones de ovejas comunes y corrientes pudieran ejercitarse también en la escultura.

Augusto Monterrosso

 

Facebookek nire laguna dela dioen batek atari horretan jarritakoak haserretu nau duela gutxi. Etorkinek jasotzen dituzten diru-laguntzei egiten zien erreferentzia. Imajinatu dezakezue, gutxi gorabehera, zer esaten zuen. Ez naiz xehetasunetan sartuko.

Arrazismoa intentzionatua da beti. Ez da koloreen gustu kontu bat. Jatorria dauka, eta funtzioa. Ez naiz historialaria, baina ez dut uste izan beharrik dagoenik kolonialismo garaian egindako sarraskien berri izateko. Hainbat mendetan zehar, zentro kolonialista (gaur egungo zentro inperialistaren zati bat), hau da, Europa, mundu osoko lurraldeak eta jendea ustiatzen aritu zen. Gaur egungo ekonomia eskalan postu pribilegiatu bat ematen digute orduko “balentriek”.

Oraindik ere indarrean dirau ustiatze horrek, noski; enpresen deslokalizazioa soldata baxuagoko langileen bila, beste herrialdeetako lehengaiak lapurtzen dituzten multinazionalak edo OTAN eta Europar Batasunak aurrera eramaten dituzten gerrak (tartean Euskal Herriko enpresek egindako armekin) dira adibide batzuk. Zentro inperialistan bizi garenok, izan arrazista sutsu zein errefuxiatuei ongi etorria ematen aritzen den “progre”, denok jasotzen ditugu inperialismoaren onurak, salbuespenik gabe. Garbi esanda, Azpeitian daukagun bizi maila izateko munduko beste leku gehienetan bizi maila txikiagoa izan behar dute, langileriari ematen zaion pastelaren zatia ere desberdin banatzen da. Gure sumisioaren prezioa da; beste batzuena baino garestiagoa. Eta lasai, ez da azpeitiarrok inor baino borrokalariagoak garelako…

Dena den, logikak agintzen duen moduan, larri dagoenak biziraun egin behar du, eta etorkin kopuru altu batek miseria atzean utzi eta (hobeto) bizitzeko aukera izango duen norabait jotzen du, tartean gure Azpeitira. Ezerezetik abiatuko da askotan kanpotik datorren hori; etxerik gabe, autorik gabe, ikastetxerik gabe… hau da, dirurik gabe. Ikuspegi kristau edo humanista batetik, gehiago daukagunok gutxiago daukatenei lagundu behar diegu, eta etorkinek duin bizitzeko beharrezko dituzten laguntzak hemengo instituzio publikoetatik eman behar zaizkie; ikuspegi logiko batetik, hemengo enpresak eta erakundeak (eta ondorioz gu) etorkinen herrialdeak ustiatzetik bizi izan direnez eta bizi direnez, etorkina dagokiona (normalean hori baino gutxiago) eskatzen ari da hemengo instituzio publikoetatik laguntzak eskatzen dituenean, eta beraz, zor zaio hainbeste; etorkinaren ikuspegitik, premia dauka, eta gorria gainera; baina kapitalaren ikuspegia da gailentzen dena, oro har, gizartean. Eta kapitalaren ikuspegia beti da bera, bere posizio pribilegiatuari eustea. Horretarako, etorkinen kasu konkretuan, interes horri erantzuteko hainbat mekanismo jarriko ditu abian.

Kapitalari langileria zatituta egotea komeni zaio, langileak elkartu eta bere boterearen aurka jo beharrean elkarren aurka jo dezaten. Helburu horrekin sortzen dira etorkinek hemengooi dagozkigun laguntzak lapurtzen dizkigutela moduko iritziak, edota hemengooi lana kentzera datozela. Eta horretarako baliabide gehiena dituena denez, iritzi horiek gailentzea lortzen du. Kapitalak lortzen du hemengo zenbait langilek polizia papera jokatu dezaten etorkinen aurka, haien gaineko errepresio sozialarekin. Langileriaren zati batek zapalkuntza bikoitza jasotzen du horrela Azpeitian; klaseen arteko zapalkuntzaz gain, hortik eratorritako arrazismoaren zapalkuntza. Beste zati batek berriz, bere zapalkuntzaren jatorria identifikatzetik urrun, bere egoera askatzeko ondoan beharko zituzkeenak gorrotatzen ditu.

Etorkinek jasotzen dituzten diru-laguntzengatik kexu dena, edo kontziente da egiten duenaz eta kabroi bat da, edo ez da benetan kontziente eta inuzente (ez inuxente) bat da. Facebookeko nire laguna ez dakit bietatik zer den, baina badakit Azpeitiko etorkinik aberatsenak baino maila ekonomiko-sozial handiagoa daukala.