Lazkao Txiki gogoan.

Herenegun bete ziren 25 urte, Lazkao txiki bertsolari maitatua hil zela. Atari honetan, bere zenbait pasadizo agertu dira egunotan. Halere, Abaliñeko txikiaren memoriari neure alea jartze aldera, plazan kantatu zituen bat-bateko bertsoen hautaketa txiki bat ekarri nahi izan dut gaurkoan; ezagunak batzuk, ez hainbeste besteak . Bertsoaldi batzuetatik, zenbait bertso kentzeko lizentzia hartu dut, hautaketa zabalago baten mesedetan. Irriz eta malkoz (Auspoa, 1994) liburuetatik, Bat-bateko sorgina (Berria, 2005) liburuxkatik, zein grabazio zaharretatik atereak dira, guztiak ere.

Markinan behin galdetu zioten: “Negar ala barre?”

“Negar o parre?” esaten zidan, entzun dezuten moduan

badakizute egite honek gaur zenbatsu tranpa duan

askok negarra ta askok parra izaten dute goguan

biak e oso zailak dirade gogorik ez dan orduan.

 

Oso umezalea omen zen Joxe Miel, eta behin “Zergatik maite dituzu haurrak?” galdetu omen zioten.

Haurtxo txiki bat sehaska baten ikusten dan bakoitzean

ez dakizute zer maitasuna sartzen zaidan bihotzean

neri begira irriparrezka aingeru baten antzean

gizarajoak asko ez daki zer datorkion zahartzean.

 

Azpetian ipini zioten beste batean gaia: “Aspaldi hontan, Europa dala ta ez dala, bada nahiko gorabehera. Eta Euskal Herrian,  nola baserritar, hala arrantzale, nahiko kezkati. Nora goaz?

Euskal herriko baserritarrak alperrik gabiltz lanean

gure esnea bajatutzen da kanpotik sartzen danean

Nik pentsatzen nun izango zala Euskadirentzat onean

bainan uste det sartu gerala Europako komunean.

 

Oso errekurtso jorratua zuen Lazkao txikik bere txikitasuna, konplejuak estaltzeko egiten zuela ere esan izan da. Kontuak kontu, Ahetzeko Mattini (gizon txikia hau ere) eta biei “txikiaren abantailak” kantatzeko agindu zieten, eta honelaxe erantzun zuen Joxe Mielek:

Hankak iristen zaigu gerritik lurrera

luzena ere gehiago izango ote da

ta amak zeratenak kontuak atera

jaiotzekuan ere hobeguak gera.

 

Beste batean, egoera eta gai bertsuan, honako hau ere kantatu zuen:

Mattin da ni juntatzean alkarren ondora

beti txiki-kontua dakarte gogora

baina laguntza eske ez joan inora

hoiek hainbeste gera bekokitik gora.

 

Bermeon, honako gaia ipini omen zioten:Atzo emakume langilearen eguna izan zan”

Emakumeak maite ditut nik, nahizta mutil zaharra izan

pena hartzen det ikusitzean askotan nola dabiltzan

zenbait gizonek bere andrea hartzen du kriada gisan

horrelakorik pasa ez zedin mutilzahar gelditu nintzan.

 

Apaiz batek, baserri batean gaixorik zegoen aitona bat bisitatzetik bueltan, Lazkao Txiki ikusi, eta puntua jarri omen zion:

 

-Apaizak beti ere ondo egiten du

 

Hala ez bada ere hori esaten du

inori ezer eman ez ta ahal duena kendu

bizitzen galerazi ta hiltzen lagundu.

 

Ildo berean, beste perla bat:

Elizak esaten du makina ba egi

fin sinisten dunantzat agian gehiegi

hartzeko beti prestu emateko nagi

pobreak famatu ta aberatsei segi.

 

 

 

Puntu bakarrarekin erantzundako puntuak ere baditu Lazkao Txikik, gehiagorik behar ez zutelako:

-Lazkao Txiki, tú eres un zakilipotros

Y tú siempre bebiendo a cuenta de otros

 

Zegamako jatetxe bateko nagusiak, puntua jarri omen zion:

-Hamaika lotsagabe bazegok munduan

Zu bakarrik zinala uste al zenduan.

 

Bere auzoa zen Lazkaomendin, libreko saio batean, txoriei buruz ari zirela kantatu omen zuen beste hau:

Birigarroa zugaitzean da xoxoa sasi onduan

gaur goizean e egin ahalean hor ari ziran kantuan

Kukua berriz zugaitzik zugaitz kuku hemen da kuku han

kalendario gabe badaki noiz etorri ta noiz juan.

 

Zarautzen jarritako gaia da beste hau: “Lazkao Txikik mutilzahar fama du, baina hor atean, aldemenetik “te quiero, Joxe Miguel” esan dio neska batek”

Erderarikan ez nun ikasi gaztea nintzadenean

ezin ikasiz han pasatu nun nik soldaduska danean

neskatxa batek “te quiero” zion atean aldamenean

tea nahi zula ulertu diot, hori esan duanean.

 

“Egunsentiari” kantatutakoa da, hurrengo bertso antologikoa:

Goizian goiztar jeikitzen banaiz kanporatutzen naiz beti

ikusten zaitut zabaltzen goruntz eguzkiaren aldeti

eguzkiaren argitasuna hortxen dator sortaldeti

egunan haurtzaro besteik etzera, bihotzeko egunsenti.

 

 

 

 

“Su bajuaren” bueltan kantatukoa da hurrengo alea, are zentzu handiagoa hartzen duena gaur egunean:

 

Dakiguna da ez ginala gu ez millioi askoren jabe

bainan alkarri hitz egiteko umoretsu eta trebe

garai hartako alkarrizketak orain atzenduta gaude

orain bazkaldu egiten degu alkarri hitz egin gabe.

 

Zestoan gaia emanda, “sehaskari” kantatu zizkion bertso famatu hauek.

Nere sehaska oraindik ere gordea daukat goguan

neronek ere zail da esaten zenbat maitatutzen nuan

bere gainean ibiltzen ninun txoritxo baten moduan

karga haundirik ez nuen eta aixa jasotzen ninduan.

 

Hara ta honuntz astindutzen zan, hotsa jotzen zuen kun-kun

aingerutxo bat banintz bezela gordetzen ninuen txukun

amak ertzetik kantatzen zuen, gero sehaskak erantzun

gaur nik dakidan euskera ere zuk erakutsi zidazun.

 

Amaitzeko, Lazkao Txiki hil eta gutxira, Andoni Egañak Zestoan kantatutako bertso gogoangarrien grabazioa eskegitzea erabaki dut. Zail da hobeto adierazten, Lazkao Txiki zer zen bertsolaritzan eta euskal munduan. Ederra da txoko hau izatea, txikiaren harribitxiak ekarri ahal izateko. Udaberriro hasten gara kantuan.

http://bdb.bertsozale.eus/es/web/bertso/view/jf1g0

 

 

 

 

 

 

2 Iritzi

  1. Ederrak guztiak ere. Eskertzen da hartu duzun lana.
    Ondo izan.

  2. hamen laatzeitut ixpillue eskun zula botatakuek:
    zeñi ai zako? ixpilluei, ixpilluko irudiyei, bere buruei, bere pertsonaje eo bertsonajiei…?

Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko.

*

© 2018 Kontu Lepo