Euskal Herrian urte luzetako aldarria izan da okupazioarena eta hamaika proiekturentzako oinarriak jartzeko balio izan dute: irrati libre (Hala Bedi, KK in Zona…), gaztetxe nahiz etxebizitza funtzioa hartu duten proiektu ugari ikusi ditugu, bakoitza bere planteamendu eta helburuekin. Okupazioak burgesiaren legeak gainditzen dituela garbi ikusten dugu, horregatik kriminalizatu izan dira okupa mugimenduak eta horregatik jasan behar izan dute jasan duten errepresioa.

Okupazioa burgesiaren jabetza pribatuaren aurkako erasotzat ulertu behar dugu, zeinak bere interesetarako erabiltzen dituen etxeak, eraikinak, fabrikak edota lurrak. Burgesia prozesu produktiboen jabe den klase soziala da, eta bereak izango dira (langileen lanarekin) eraikitzen dituzten eraikin guztiak zein horren gainean ematen den produkzioa (adibidez, fabrika, bertako makinak eta bertan sortzen diren produktuak). Langileak, berriz, ez du horrelako bitartekorik, eta etxebizitza, jana, arropa edota bestelako edozein beharrizan ase ahal izateko, bitarteko produktiboen jabetza duen bati saldu beharko dio bere burua, honek esplotatu dezan: batak, biziraun dezan, bestearen aberastasuna sortuko du.

Gauzak horrela, zuzenbide estatuaren bidez egingo du burgesiak bere jabetza pribatuaren defentsa eta desjabetu borrokalarien aurkako errepresioa. Baina tira, kontu hauek Pashukanisi utziko dizkiogu.

Okupazioa, beraz, jabetza pribatuaren gaindipenerako alternatiba edo funtzionamendu berri baten eraikuntza bezala ulertu behar genuke desjabetuok: jabetza kolektiboa. Gizarte forma berri baterako tresna bezala ulertu behar dugu, gure oinarriak ezarri ahal izateko baliabideak emango dizkiguna, forma berrien garapenerako tresna, eta ez azken helburua. Azken helburua jabetza kolektiboan eta elkartasunean oinarrituko den gizarte berria sortzea izanik, expropiazioa ezin dugu etxebizitza propioaren aldeko borroka gisa soilik ulertu, klase estrategia baten baitan eraikuntzarako pauso bezala baizik. Gainera, etxebizitzatik haratago, aurrez aipaturiko fabrika, lur eta abarren okupazioa azpimarratu behar dugu, askotan etxebizitzarekin bakarrik erlazionatzen baitugu.

Horrez gain, klase estrategiaren baitan behar-beharrezko puntua da langile klasea osatzen duten kideengana klase kontzientzia zabaltzea, hots, gizartearen oinarriak ikusarazi eta desjabetuon borroka nagusia identifikatzea: elkartasunean oinarrituriko gizartea eraikitzea. Horregatik, militante iraultzaileon eginbeharra litzateke okupazio ekintza bakoitzari zentzu hau ematea eta botere propioaren egituraketarako oinarriak jartzea antzeko proiektuetan lanean dihardutenekin elkarlana sustatuz eta beharrizanak asetzeko ezintasunak dituen orori laguntza eta baliabideak eskainiz (etorkinak, etxegabeak…).

Hau guztia modu efektiboan egin ahal izateko, herri mailatik irten eta Euskal Herri mailan langile klasearen interesei erantzungo dien sektore antolatuaren beharra ezinbestekoa da. Izan ere, herrietako asanbladek denbora luzez gainerako lanketak egin ezinda ikusten dute euren burua etxebizitza abandonatuek eurekin dakarten lanaren ondorioz, okupatuta bizi ala ez, ahalik ondoen bizi nahi dugulako guztiok (nola ez?). Honen ordez, nazioa mailako lan talde kualifikatuak osatuta edukitzeak, etxebizitza (edo berdin gaztetxe bat) duina izatearen borroka hilabete bateko kontu bihurtzea ahalbidetu diezaguke, okupatzea lan-karga izatetik tresna eraginkor bihurtzera bidean. Hori gutxi ez eta gizarteari auzolanaren adibide praktiko bat jarriko genieke, modu antolatuan eginez gero duen efektibitatea erakutsiz, erakargarri eginez, eta funtzionamendu berrien esperantza mahai gaineratuz. Elkartasun-sareen antolaketa nazional egokiak,  baliabideak eta lana errazteaz gain, babes juridikoak, autodefentsa mekanismoak eta beste hainbat onura ekar ditzakete, gurean jasotzen duguna besteei eskainiko diegularik.

Laburbilduz, beraz, okupazioa harreman berrien eraikuntzarako baliabideak eskuratzeko tresnatzat hartu dezakegu, beste modu batzuen bidez (erosiz, alkilatuz…) lortu ezin ditugun baliabideak eskuratzera begira eginiko praktikatzat, eta ez helburutzat. Errepresioa ekidin daitekeen bideetatik eskuragarriak badira lur, gaztetxe zein etxebizitzak, errazagoa izan baitaiteke berauetan praktikan jarri nahi ditugun praktikak bultzatzea, eta hau izan behar dugu helburutzat. Bidea, kasu konkretuen azterketak erakutsiko digu, baina goazen jabetza pribatuarekin hautsi eta jabetza kolektiboa ahalbideratuko duten proiektuak hauspotzera.