Ondorengo egunetako borroka egunetan sakondu aurretik, emakume langileen egunaren bueltan eta greba feministaren harira, lehen lerroan jarraitzen duten emakume iraultzaileei gorazarre egin nahi nieke. Lehen lerroan jarraituko dugu kapitalarekin eta dominazio forma guztiekin akabatu arte!

Eta nola ez jarraitu lehen lerroan, esplotazioa, autoritarismoa, zapaltzaileen historia, guretzat interesik ez duten edukiak, lan ordu amaigabeak, mehatxuak, zigorrak, humillazioak eta beste hainbeste zapalketa gure larruan egunero bizi eta sentitzen dugunok? Hauek guztiak ez direla adibide isolatuak konturatu garenok? Arazoa ez dela zuzendari hau ala bestea, irakasle bat edo bestea, guraso bat edo bestea, konturatu garenok? Arazoa sistema kapitalista eta bere parte den hezkuntza sistema dela konturatu garenok?

Badaude Azpeitin, gainontzeko herrietan bezalaxe , kontsezio gehiago egiten dituzten ikastetxeak (greba eskubidea edota antolaketarako eskubidea aitortzea esaterako) eta baita, inolako eskubide politikorik aitortzen ez dutenak ere, Iraurgi Ikastetxea adibidez. Baina oinarrian berdin berdinak dira, gaur egun, zentro guztietan, adin guztietan, hizkuntza guztietan jasaten ditugun zapalkuntzen arrazoiak. Izan zuzendari edo irakasle progrea edo izan irakaslerik gorrotagarriena, Murtziakoa ala Brasildarra, hezkuntza sistemak, indarrean den sistema ekonomiko-politikoari erantzungo dio. Gu, langile klaseko seme-alabak, etorkizuneko langileak, sistemaren beharretarako, hots burgesiaren beharretarako prestatzea eta zapalduoi obedientzia hezurretaraino sartzea dira hezkuntza sistemaren eginbeharrak. Honetarako tresna besterik ez dira azterketak, etxeko lanak, faltak, ordutegiak, txirrinak (edo txalaparta, berdin dio), eskolara ilaran sartzea, “ongi eserita” egon beharra eta frustrazioa, gogaitzea… eragiten dizkiguten beste hainbat elementu.

Baina lehenago esan izan dudan bezala, zapalketa dagoen toki guztietan, gutxienez erresistentziak agertzen dira, eta erresistentzietatik, gizarte ordena guztia hankaz gora jarri dezakeen ofentsiba antolatzeko baldintzak sortu daitezke. Honela bada, Martxoaren 21ean zita garrantzitsua dugu berriro ikasle iraultzaileok. Burgesiarentzat prestatzera ikastetxera joan beharrean, kalean botere burgesaren aurkako borrokan prestatuko gara eta obedientziaren pozoina barneratu beharrean, desobedientziaren indarraz jabetu eta gozatzeko parada edukiko dugu.

Baina…. nola? Eta ez badigute uzten? Etxekoen baimenik ez badut? Zigortzen banaute? Klaseak berdin jarraituko badu? Gainontzeko ikaskideek egiten ez badute? Zer egin dezaket nik? …

Behin egin nahi dugula jakinda eta arrazoiak soberan ditugula argi izanda ere, asko dira sortu ahal zaizkigun zalantza eta galderak greba egun baten aurrean eta hauek kolektiboki landu eta gainditzea ezinbestekoa da greba egunak arrakasta izan dezan. Hona hemen hausnarketa kolektiborako iritzi eta proposamen salda bat:

1. Greba ez da eskubide bat, egiten utzi behar digutena ala debekatuko digutena. Greba egitea geure erabakia da, langileriaren borrokarako tresna historikoa, besteentzako lan egiteari (denbora tarte batez bada ere) uko egitearen eta geure gorputzen jabe egitearen erabaki irmoa. Ez utzi beste inori (ez guraso, ez irakasle, ez zuzendari) zuri dagokizun erabakia.

2. Borrokaldia ez da greba egunean hasten. Greba egunak arrakasta izan dezan, oso garrantzitsua da aurrez lanketa serioa egitea. Nekez lortuko dugu helburua, greba aurretik bi paper pasilloan bota eta kartela jartzearekin aurrelanketa egintzat jotzen bada. Garrantzitsua da, grebaren inguruko informazioa zuzenean iristea, ikasgeletan eztabaidak egotea, jendea posizionaraztea, piketetarako zerrenda egitea (mugikorretan ez, mesedez!), irteten diren zalantza guztiak argitzea… Lan hauetako batzuk egiteko eta falta diren lanak banatzeko ikastetxetan greba asanbladak egitea, kasuan kasu baloratu beharrekoa den arren, oso interesgarria izan daiteke. Hauek publikoak edo klandestinoak izan daitezke ikastetxearen arabera. Bestetik, grebako astean hitzaldiren bat jartzeak edota astoratze ekimenen bat antolatzeak ere funtzio asko bete ditzake (eztabaida sortzea, giroa berotzea, animoak altxatzea, norbanako bakoitza argudioz betetzea…). Pasilloan eserialdi bat, ikastetxe aurreko errepidea moztea, zarata ateratze masibo bat, ikastetxea apaintzea, parodia bat egitea eta irudimenak eman dezakeen ia edozer gauza izan daiteke lagungarri (umorea erabiltzeak ere lagundu dezake, noski). Lan hauek ongi egitea erabakigarria izan daiteke grebaren arrakastarako.

3. Greba eguna ez da inprosibisatzen. Garrantzitsua da egitarau bat zehaztuta edukitzea eta gertaera ezberdinek ez ezustean harrapatzea. Honetarako, grebaren bueltan sortu daitezkeen gertaera ezberdinak aurreikusi eta bakoitzari eman diezaiokegun erantzuna pentsatuta edukitzea komeni da. Ezustekoak minimizatzeak (beti gertatu daiteke aurreikusi ez dugun zerbait) eta eszenatoki ezberdinei aterabide bat pentsatzeak, geure arteko nahasmen, tentsio eta gaizkiulertuak, kaos egoera eta bapateko erabaki indibidualak ekiditea ahalbidetuko digu. Alde batetik bestera nola mugituko garen (talde handi baten, bi taldetan, sakabanatuta…) hausnartua eta erabakia izatea komeni da.

4. Piketeetako materiala. Normalean piketeek eramaten duten materiala eskuorri, banderola eta antzekoetara mugatzen da. Ez dago sobera eta eraginkorra izan daiteke zarata ateratzeko materiala ere eramatea (karraka, bozina, txapa eta makilla, petardoak, txistua…). Arrautzak ere ugariak izan ohi dira zenbait grebetan eta etsaia markatzearen zeregina bete dezakete.

5. Argazkiak atera eta bideoak grabatzeko bitartekoak aurrez lotuta izatea komeni da eta momentu oro beraien presentzia bermatuko da. Alde batetik, grebari ohiartzuna emateko balio dute, bestetik defentsa mekanismo bezala (zuzendariak, irakasle erasotzaileak… jarrera aldatu dezake norbait grabatzen ari zaiola konturatzean) eta azkenik erasoak (jasan ezkero) zabaldu eta salatzeko balio dezakete. Gure kideen aurpegiak ez grabatzen saiatuko gara eta honetarako beti irudiak beraien atzetik hartzen saiatuko gara.

6. Borrokaldia ez da greba egunarekin bukatzen. Greba, prozesu sakon eta konplexuago baten barnean erabiltzen dugun tresna da. Hurrengo egunetan kolektiboki eta zintzotasunez baloratu behar da greba eguna, hurrengo pausuak zehazten saiatuko gara eta parte hartu duen oro zorionduko dugu. Greba egunaren aurretik genuena baino komunitate sendoagoa eta batuagoa izatea lortu behar dugu.

7. Errepresioaren aurrean elkartasuna eta borroka. Hainbat eta hainbat dira ezkutuko zein ageriko errepresio formak eta ziur egon gaitezke (gauzak ongi eginez gero) hauetakoren batekin edo gehiagorekin topatuko garela. Ikasleok jasaten ditugun errepresio forma ohikoenak ikastetxearen aldetik ala gurasoen aldetik jasaten ditugunak dira. Normalean ez dira errieta eta mehatxu batzuetatik pasatzen, baina horrek ez du esan nahi erantzun gabe gelditu behar direnik. Egiten duguna garbi izatea, arrazoitzeko ahalmena izatea eta erabakietan irmoa izatea dira elementurik erabakigarrienak. Zalantzak adieraztea eta atzera egiteak gure egoera okertu besterik ez du egingo. Faltak, zigorrak eta bestelako neurri errepresibo guztiak kolektiboki erantzun eta publiko egin behar dira. Borrokalari bat ikutzen badute denak jotzen gaituzte, denok erantzun behar dugu. Hauei aurre egiteko baliabide ugari ditugu ikasleok (adibidez, falta jarri duen irakaslearen klasea etengabe boikoteatzea zigorra kendu arte) eta greba eguna pasa ostean ikastetxean borroka pizturik mantentzen, ikasleon elkartasuna sendotzen eta geure botere posizioak irabazten ere lagundu dezake. Ikastetxeren batean ikasleak jazarriak badira, besteetatik elkartasun ekintzak burutzea ere erantzun posible bat litzateke. Kontutan izan irakasleek eta gurasoek elkarrekin hitz egiten dutela edo egin dezaketela eta beraz garrantzitsua da guk ere elkarrekin hitz egin eta posizioak adostea.

Errepresioak esparru hauek gainditzen baditu eta txakurren eskuetan erortzen bagara, ez hitzik egin, identifikazioa eskatuz gero identifikatu, deitzeko aukera utziko dizute (deitu lagun bati), abokaturen baten izena badakigu berarekin egoteko eskatu eta lasai egoten saiatu.

Beste kide bat baldin bada atxilotua jarri kontaktuan lehenbailen ikasle antolakundearekin edo herriko beste eragile batekin eta komisariara joan lagun talde bat.

 

Besterik gabe, ANTOLATU, PENTSATU TA EGIN!

GORA IKASLEON BORROKA!

 

Martxoaren 8aren harira IAk ateratako komunikatua:

Emakume langileon borrokaz, sistemari aurre!

Martxoaren 21eko grebaren harira IAk ateratako komunikatua:

Hau ez da gure hezkuntza! M21 ikasleok kalera!

Atxiloketen kasurako CNT sindikatuak ateratako gida (ez dago gaizki jakitea):

http://www.cnt.es/sites/default/files/manual-sobre-detenciones.pdf