Kolaborazioa: Azpeitiko Gazte Batzuk

Xabier Rey, Iruñeako euskal preso politikoa hilik agertu da bart Puerto III (Cádiz) espetxean. Lehenik eta behin gure doluminak eta elkartasun osoa agertu nahi genizkioke Xabierren  familia eta lagunei. Bestalde, estatu espaiñola salatu nahi dugu gure indar guztiekin, berak baitu Xabierren heriotzaren erantzukizun osoa.

Xabier 2008an atxilotua izan zen eta bost egunez inkomunikatuta izan zuten autoinkulpatzen zuen dokumentu bat sinatu zuen arte. Hau da, torturapean lortutako “froga” bat erabili zuten bera epaitu eta kartzelaratzeko. Sori txarrez, ondotxo dakigu zein den indar okupatzaileek aplikatzen dituzten protokoloak herri honetako borrokalari konprometituenei; inkomunikazioa eta tortura. Xabier, beste ehunka euskal herritar bezala honen biktima izan zelarik atxilotu ostean. Espetxean berriz, isolamenduko erregimenean eduki dute 10 urtez. Hau da, 10 urtez, egunez egun, Xabier torturatua izan da etsaiaren ziegetan, bere buruaz beste egin duen arte. Argi eta garbi utzi nahi dugu Xabier eraila izan dela, espetxe politikak eta estatuak erail dutela. Inkomunikazioa, tortura, urruntzea, sakabanaketa eta isolamendua, hori da estatuak erabiltzen duen errezeta ankerra militante iraultzaileak zigortu eta makurtzeko asmotan.

Hain zuzen, salbuespeneko neurri guzti hauek erakusten dute euskal presoak preso politikoak direla. Arrazoi politikoak daudela militante iraultzaileek euren bideari ekiteko, eta arrazoi politikoengatik zigortzen dituela estatuak militante hauek, heriotza ezarriz behar izanez gero, Xabierri bezala.

Guzti honengatik, uste dugu soluzio integral bat behar duela preso, iheslari eta deportatuen gaiak. Egoera horretara bultzatu dituzten arrazoi politikoen gaindipena, bermea izateko berriro ere ez direla existituko preso politikoak herri honetan. Badirudi, ala ere, berme hori lortzetik urrun gaudela, estatuaren jarrera ankerra ikusita.  Egoera honen aurrean mobilizatzen eta borrokatzen jarraitu behar dugu, hori baita etsaiak bahituta eta deserrian dauden kideei egin diezaiekegun ekarpenik garrantzitsuena.

Preso, iheslari eta deportatu guztiak ETXERA!!

AMNISTIA ORAIN!!

 

Agur eta ohore ANTXO