Trantsizioaz

“Ninguna formación social desaparece antes de que desarrollen todas las fuerzas productivas que caben dentro de ella, y jamás aparecen nuevas y más altas relaciones de producción antes de que las condiciones materiales para su existencia hayan madurado en el seno de la propia sociedad antigua.”

K.Marx. Prefacio a la Contribución a la crítica de la economía política. 1859

 

Gaurkoan eztabaidarako tartea uztea gustatuko litzaidake, pasaden asteburuan Bilbon burutu zen Ekonomia Politikoari Kritikako kongresuan egon ginenok ideiak freskatzeko asmoz; eta egon ez zinetenontzat ere, noski. Sarri eta gogo onez eztabaidatzen dudan lagun batekin solasean nintzela, Michael Lebowitz ekonomialari Estatubatuarraren “Mas Allá de el Capital. La economía política de la clase obrera” liburua irakurtzen zebilela aipatu zidan, duela denbora bat irakurria nuena. Aipatutako liburuari begiradatxo bat botatzen ibili naiz egun hauetan, eta denbora batetik marrazteko asmoa nuen eztabaida luzatzera prestatu naiz.

 

Erlazio sozial kapitalistetatik formazio sozial komunistara trantsizioa burutzeko hipotesiak askotarikoak izan dira sozialismoaren aukera marrazten hasi zirenetik XIX. mendeko utopikoak. XX. mendearen lehen erdian zein bigarrengoaren hasieran orobat bi linea estrategikotan bereizi zen mugimendu sozialista- komunista (barka ezazue sinplifikazioa, artikulu honen helburua laburra izatea da ordea).

Alemaniako alderdi sozialdemokrata (SDP historikoa) abangoardia zuen mugimendu sozialista dugu alde batetik, Karl Kautsky zuena erreferente teoriko zein politiko nagusia. II. internazionala litzateke mugimendu honen isla,  alderdi sozialdemokratek estatu aparatuen kontrola eskuratzea eta hauen bitartez ekoizpen bitartekoen sozializazioa zuen trantsiziorako taktika. Gerra kontzeptu estrategikoak segidan hartu zituzten Kautsky eta Bebel– ek estrategia politiko sozialdemokrata aurrera eramateko, hala nola posizio gerraren taktika. Hegemonia kontzeptua Errusiako sozialdemokrazian ere hasi ziren erabiltzen (Plejanov), helburua forma legalean (parlamentu bidezko hauteskundeetan) indarrak batzea zelarik. Errebisionismo edo eboluzionismo kontzeptuak ere erabiltzen zituzten, historiaren garapen lineala marraztearekin batera.  Manifestu komunistaren zehar- lerroak erabili zituzten euren posizio estrategikoaren defentsa gisara, ondoren Rosa Luxemburg-ek kritika zorrotza burutu zien Erreforma edo iraultza liburuan. Estatuaren kontrol herritarra, eta hemendik ekoizpen bitartekoen sozializazioa, sintesi modura.

XX. mendearen lehenengo bi hamarkadetan II. internazionalaren barnean artikulatu zen mugimendu komunista dugu beste aldetik. 1917-18 urteetan banaketak burutu ziren sozialdemokraziaren baitan Alemanian eta ondoren Frantzian, Italian eta Espainian. Aurretik Errusiako sozialdemokraziaren binomioa emana zen, Boltxebike eta Mentxebikeen artekoa. Taktika iraultzailea langile mugimenduaren altxamenduen arabera artikulatzen zen, langile komiteen (Soviet) formak aginte politikora eramatea litzateke estrategia. Estatu aparatu burgesaren abolizioa, eta komiteen organizazioa lantegietan zein herri eta auzoetan, ekoizpena horizontalki koordinatzeko eta politikoki artikulatzeko; Parisko Komunak iragarri zuen ereduari jarraitzen zen. Taktika ezberdinak ziren Lenin eta Luxemburgenak, kontzepzio estrategikoa (kontzeptuaren eraketa) berdina edo oso antzekoa zutela esan genezake ordea, II. internazionalaren eta “sozialismoaren” seme alabak baitziren biak. Alemaniako iraultza garaitua izan zen, eta Luxemburg eraila. Zailtasun handien artean urriko iraultzak biziraun zuen, eta guda komunismoa martxan jarri zuen Leninek. Kasi bat- batean burutu zen sozializazio baten zailtasunak argiki adierazi zituen Leninek guda komunismoaren balorazioa egiterako orduan, herritarrak ez baitzeuden ez materialki zein espiritualki prest ekoizpena euren kabuz eta kapital harremanarekiko independentziaz erregulatzeko, batik bat nekazal eremuan (gehiengo absolutua zena garaiko gizarte Errusiarrean). Honek abangoardia alderdiak ekonomia erregulatzera behartu zuen, lehenengo urteetan premiazko Jakobinismoa zena urteen poderioz fundamentu sozialista bilakatuz (Stalin). Hemendik aurrera garatu zen komunismo “ofizialaren” historia badakigu. Ekarpen handiak utzi dizkigu, lehen mailako irakaspen politikoak, baina Sobietar Batasunaren erauspenarekin batera jauzi ziren bere fundamentuak.

XX. mende amaieran eta XXI. mendean bestelako ekarpen teoriko- praxistikoak ageri dira langile klasearen eszenatoki politikoan, hala nola XXI. mendeko sozialismoa, eta “Poder Constituyente” zein “Poder Destituyente” deitzen diren marko teorikoak. Hiruetatik lehenengoak sozialismoaren eraikuntza langileriaren auto- antolakuntzaz burutzen dela dio, Heinz Dieterich Steffan, Istvan Meszaros eta aurrez aipaturiko Lebowitz direlarik marko teoriko honen pentsalari nagusietako batzuk. Chavismoan eta Venezuelako prozesu eratzailean garrantzia handia hartu duen fenomenoa da honakoa, estatu burgesaren baitan eta honekiko ustezko autonomiarekin artikulatzen baita “4. boterea”, Botere Komunala deiturikoa. Kapitalaren kategoria ekonomikoak gainditzen dituen forma sozialaren gaineko hausnarketa burutzen dute, eta estatu burgesaren baitan artikulatzen dira, azken honi bitartekoak eskuratuz. Fundamentu ezberdinak izan arren, antzekotasunak ditu T. Negri eta Hardt pentsalariek ebatsitako botere eratzailearekin (Poder Constituyente), kategoria ekonomikoen ikerketa marxista partekatzen dute baina ondorio ezberdinetara iristen dira. Azkenik, osotasunaren destituzioa eta harreman kapitalistaren desegitea helburu duten forma neo- anarkisten teoria litzateke “Poder Destituyente” delakoa, estatuaren eta konstituzioaren ustezko figura probetxagarria errefusatzen dutelarik (interesgarria aztertzeko zentzu horretan).

 

Hutsunez beteriko errepaso labur hau amaituta, eztabaidarako puntu batzuek mahai- gaineratzen ditut, gure testuinguru konkretuan Komunismoaren eraikuntzaren inguruko ezaugarriak hausnartu ditzagun:

 

  • Estatu burgesaren limiteak aldaketarako instrumentu bezala (II. internazionalaren tesiei kritika).
  • Insurrekzionalismoaren limiteak eta ezintasunak XXI. mendean (III. Internazionalaren tesiak), bat- bateko sozializazioaren arriskuekin batera.
  • Komuna- sozialista lehen pausu bezala artikulatzearen beharra, langile klasearen autonomia politikoarekin batera.
  • Neo- anarkismoaren idealismoa.
  • Estatu aparatuaren erabileraren inguruko eztabaida, botere antagonikoa elikatzeari begira. Estatuaren neutraltasunaren zein autonomiaren gaineko kritika.

 

Bibliografia:

 

Michael Lebowitz. Mas allá de el capital. La economía política de la clase obrera. Akal, cuestiones de antagonismo.

Istvan Meszaros. Mas allá del capital.

Comité Invisible. Ahora. Pepitas de Calabaza.

Toni Negri. Poder Constituyente. Traficantes de Sueños ed.

-Toni Negri, Michael Hardt. Commonwealth. Akal, cuestiones de antagonismo.

Karl Kautsky. El camino del poder. Cuadernos de pasado y presente, 68.

-R. Luxemburg. Reforma o revolución. Akal

-Lenin. Estado y revolución. Alianza editorial.

Herman Gorter. Carta abierta al camarada Lenin (1920).

 

 

1 Iritzi

  1. Hausnarketa laburra, eta presaka idatzia:

    Marxismotik estatuaz mintzatu nahi izan denean sarritan adierazi izan da ukatu nahi den kontzeptu bera (uler dadila, euskal herriko agente politiko ezberdinen aktibitate garaikideaz ari naiz). Estrategia interklasista bere manifestazio ezberdinetan kontrajartzeko hauek darabilten estatu aparatu burgesen kontzepzio neutral eta instrumentala seinalatu ohi da, ahistorikotzat eta klase terminotan desustantzializatutzat joz: hau da, juridikoki instituzio gisa antolatuta adierazten diren gobernantza estrukturen botere erreal gabezia azpimarratzen da burgesiaren indar fundamentuak (erasotu beharrekoa) beste batzuk direla adierazteko. Prozedura hau klase kapitalistaren dominazio printzipioa balio-forman edo kapitalaren akumulazioan datzala esanez amaitzen da gehienetan. Zuzena izan arren, burgesiaren botere modalitatearen oinarriaren eta estatu aparatu edo juridikoki artikulatutako dominazio teknologia kapitalisten arteko erlazio mekanikoak pentsamendu zein eztabaida marko okerrak suertatzen dizkigu langileoi. Izan ere, langileria klase antagoniko modura ezintasun egoera baten ageri da burgesiaren forma politikoaren artikulazioa apropiatzerako orduan. Estatuak ez duela inolako autonomia historikorik diogunean, ez duela bere horretan bere erreprodukziorako fundamenturik, irakurketa mekanikoak eskaintzen duen ondorioa baino erradikalagoa den irakaspen bat da inferitzen dena: burgesiaren forma politikoak jabetza pribatua du oinarri; jabetza pribatua formazio sozial kapitalistan jendartea sozialki antolatzeko modua da, langileria eta burgesian bereizita; honek diktadura ekonomikoaren izaera dauka, Marxek kapital eta balio-lan teoriaren bitartez azaltzen duena analitikoki, bizi baliabideak sortzeko gaitasun eza langileriaren aldetik; forma politikoaren klase izaera langileriaren eta burgesen interes antagonikoak bata edo bestearen alde sintetizatzearen araberakoa da… Ondorioz bi aukera posible estatuan langileriaren parte-hartzeari dagokionez: 1) burgesiaren forma politikoak langileriaren estratu jakin hori bere baitan artikulatu eta subsumitzen du, metabolismo kapitalistaren funtzio estrukturalak betearaziz klase kapitalistaren mesedetara; ala 2) burgesiak bere forma politikoa moldatu beharra dauka langileria antolatuaren erasoak derrigortua; kasu honetan estatu aparatuek ezingo lukete funtzio kapitalista betetzen jarraitu eta bugesiak beste herraminta politiko batzuk aplikatu beharko lituzke; bigarren kasu hau ez da burgesiaren forma politikoaren apropiazioa langileriaren aldetik, baizik eta langileriaren forma politiko propioak burgesiari bere aurreko antolakunza eredua moldatzeko ezarritako premia. Instituzio burgesen langileriaren ustezko partehartze errealak beste termino bat beharko luke, adierazten duena kontrakoa baita: estatua aparatuen suntsiketa hauen gaitasun sozialak langileriaren interesak defendatzen dituen forma politiko propiora subordinatzean. Eta estrategia horren efikazioa burgesiaren forma politikoaren eraldaketa sistematikoarekin konprobatuko litzateke. Sustantzialki langilea ezin daiteke subjektu politiko izan burgesiak dominazioa artikulatzeko darabilen teknologian. Hemen beste arrisku bat dugu. Zuk Neo-anarkismo izendatutako horien izaera estrategikoa: parte-hartzearen edo estatu aparatuak modu aislatuan ulertzea alegia, klase-borrokaren suposatzen duen osotasun eta sakontasuna erreparatu gabe. Berdin botere burgesaren, eta burgesiaren, adierazpen diren kategoria analitikoen (balioa, truke-balioa edo merkantzia) reifikazioarekin (kategorietan txertatuz arazoa eta ez burgesen, aurpegia eta izena dutenen, errealitate efektiboan). Estatu aparatuen joko zelaian klase borrokari egiz dagozkion dimentsioak identifikatu gabe, bertan ematen diren kontraesan eta interesen operatiboen ezagutza beharrezkoa baita (baita hauek teleologikoki zalantzan jartzea), eta ondorioz langileriak nola jokatu dezakeen konprenitu barik, bere manifestazio positiboan soilik kontsideratzen baditugu abstinentzia, abstentzio eta inhibizio formula hutsak zilegi irudituko zaizkigu. Horren ordez, posizio taktikoak dinamika iraultzailaren egoera koiunturalak baitira bakarrik objektibizatu daitezkeenak politikoki indarra ukanik, langileriaren antolakuntza beharren eta bere forma politikoaren nolakotasunen eztabaidak du urgentzia zein garrantzia. Bueno, eta beste askok ere baina enfin… Hau da: una línea de partido.

    Zainetan lehoi odola daramazuenok segi horrela lanean. Latza da gure etorkizun oparoa.

Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko.

*

© 2018 Kontu Lepo