Berriki pasa da urriko iraultzaren 100. urteurrena. Iraultza horri buruz asko hitz egin dugu, baita ikasi eta hausnartu ere, agian gehiago jardungo bagenu kalterik ez. 100. urteurrenaren harira, ekimen dezente burutu ditugu eta denboran atzera egin dugu une batez bederen. Urriko iraultza, horrela ezagutzen dugu Errusian 1917an boltxebikeek eman zuten iraultza.

 

Baina bada beste urriko iraultza bat ere. Ezezagunagoa, edo guztiz ezezaguna.

Eta gurean izan zuen oihartzunik. Nik, nire ezjakintasunetik ez nekien 30. hamarkadan urriko iraultza eman zenik. Zuek bai? Niri eskolan ez zidaten erakutsi. Ez behintzat nire garaian (dezente denbora pasa da batxillerra amaitu nuenetik), nire historiako liburuan ez zen ageri horrelakorik. Baina testuliburuetan azaltzen denarekin geldituko bagina, ez genuke kontuleporik ere izango. Tira, inoiz ez da berandu zerbaiti buruz ikasteko. Ni bezalako sasi- historiazaleekin nazkaturik baldin ba hago, ez za(k)n irakurri testu hau, edo bai, jakituria inoiz ez dago soberan (bueno, batzutan batzuena bai).

Harira joango naiz. 1934ko urriaren 5ean hasi zen (beste) Urriko Iraultza deitu zena. Katalunian eta Asturiasen (patria queridan) izan zuen foko nabarmena, edo hori esan digute historia idatzi zutenek. Kontua da, gure inguruan ere izan zuela eraginik. Baina itxaron, testuinguruan kokatu nahi zaituztet. 1934an II. Errepublika bete betean, CEDA alderdi eskuindarrak hauteskudeak irabazi eta eskuinak botere osoa hartu zuen. Jauntxo aberatsek, enpresa guztiak euren esku zituzten, langileek ez zuten ez eskubiderik ezta inolako baldintzarik ere. Sozialistak, komunistak eta anarkistak (bai, danak batea) bat egin eta urriaren 5ean kalera irten eta 12ra arte iraun zuen greba bati hasiera eman zioten. Estatu Errepublikar korruptu eta burgesaren kontra altxatu ziren, milaka langile. Altxatu eta armak hartu zituzten. Orduko sistema eta legeak iraultzeko asmoz. Arrasaten esaterako, Enpresaburu jauntxo bat hil zuten langileek. Milaka lagun atxilotu zituzten eta Debabarrena eskualdean 50 langiletik gora erail zituen garaiko Guardia Zibilak.

 

Errepresioak ez zuen etenik izan, gerra egoera deklaratu zen sei hilabetez eta milaka izan ziren atxilotuak. 1936ko hauteskundeetan Frente Popularrak “ezkerrak” irabazi zuen eta Amnistiaren Legea ezarri zuten espetxeratuak askatzeko. Bueno eta gero Franco eta bere sekitu guztia etorri zen eta honen jarraipena badakizue…

Sentsazioa daukat azken bolada honetan asko hitz egiten dela errepublikaz, denok nahiko genukeen zerbait bezala. Estatu errepublikarra, gure gaitz guztien sendagarri gisara saltzen digute batzuk. Errepublika. Orain mundu guztiak nahi du Errepublika bat, oso guay-a da errepublikazalea izatea. Eta are guayagoa da super errepublikazale, katalan-errepublika-zale, euskal-errepublika-zale, eta eztakit zenbat zale gehiago izatea. Eske errepublikan dana da guay-a, ezta? Atzera begiratu besterik ez dago izan genuena zeinen guay-a izan zen ikusteko. (Edo bestela galdetu Itsasuko edo Muskildiko bati…)


 

Annie

 

1934ko urriko argazkia da, Donostian egidako manifako argazkia.