“Si la gente quiere ver sólo las cosas que pueden entender,

no tendrían que ir al teatro: tendrían que ir al baño”.

Bertolt Brecht

Eraldaketari uko eginez sostengatzen da kultura, erremedio haundirik gabe, erremediorako gogorik gabe. Izan ere, kultura, bere osotasunean sitemaren menpe aurkitzen da. Gizartearen logika guztia produkzio kapitalistak zanpatzen duen garai hauetan mundua arrotza zigu, merkantzia pilaketa baten parte sentitzeko arrazoiak besterik ez ditugu.

Arrotza, latza. Natura zanpatu eta bereganatu egin baitu sistemak, hau abstrakzio mailarik gorenera eramanez. Iada, ia ikutzen dugun ezer ez da benetakoa, gizarte kapitalistaren erreflexurik gordinena, eta honek, guztia determinatu du bere erara (merkantzia-merkatua), bere baitan kokatuz, eta bere aurrean altxatu den guztia irentsiz. Batzuk diote: giza legea hautsi da, errealitate distortsionatu, giza lege kapitalista inposatu da, eta honek gure inguruan guztiak duen berezko izaera eraldatu du.

Beraz, abstrakzio maila honetan, arteari bere esentzia aurkitu ezin diogunean, merkatua eta esfera artistikoaren arteko mugak erabat lausotuta dauden honetan, ze zentzu du arteak? Ze zentzu du arte obrak aura jainkotiar batean kokatzeak hauek galeria eta museoetan jarriz, beren produkzio baldintzak ezin baditugu beireizi masan ekoziten diren merkantziengandik?

Ta zentzurik izan gabe jarraituko du ez badugu artea merkatuaren logikatik kanpo irudikatzen. Honekin ez da esan nahi arte politikorik ez dela existitzen, artea edo ekoizpen kulturala desideologizaturik dagoela eta ezin duela inongo diskurtso politikorik izan. Kontrakoa, gaur egun geroz eta ohikoagoa da artea eta protesta mezuak urtartzen dituzten artistak topatzea. Honen aurrean, bereizketa bat egitea ordea guztiz beharrezkoa ikusten dugu. Arte politikoa (aktibismo artistikoa) eta eraldaketa marko batean kokatzen den artea. Alegia, eraldaketa marko batean kokatzen den arteak osotasunetik hasi behar du eraldaketa, ezin du esfera artistikoaren, bere insituzioen edo formen kritikara mugatu. Abangoardia artistikoak dira irakaspen honen adibide garbiena.  Nahiz eta beren diskurtso artistikoak logika eta ideologia politiko konkretu bati erantzun eta garaiko arte forma burguesen, instituzio artistikoen eta arte munduaren elitizazioaren aurkako kritika izan beren obren oinarria, hauek ez dute transzenditzerik lortu. Are gehiago, gaur egun merkatuaren logikan erabat integraturik aurkitzen ditugu, munduko museo burgesik garrantzitusenetan erakusten dira arte merkatuan millioika euroren truke saltzen diren beren obrak.

Honek ez du esan nahi, kasu honetan abangoardisten, edota orokorrean arte politikoaren diskurtsoak hutsalak direnik edo ez dutenik ezertarako balio. Baizik eta gure aburuz, diskurtso hori ezin da eraldaketa integral batean kokatu ez badira horretarako aurretiko baldintza zehatz batzuk ematen. Baldintza hoiek merkatu eta balore formatik at eman behar dira eta ezin da hauen barruko elemntuak modu autonomoan eraldatzera mugatu. Artearen kosifikazioarekin apurtuko duen baldintzak eratu behar dira.

Artea gaur egun mugatzen duen elementuetatik askatzen denean bere potentzia guztiak eztanda egingo du, arte obrak objetu izateari utzi eta esfera artistikoak subjektu askeak sortzeko baldintzak garatuko ditu, honekin arte obraren eta bere kontzepzioaren eraldaketa integral bat emateaz gain obraren eta ikuslearen arteko harremana ere errotik aldatuko duelarik. Arteak, gizartearen beharrei erantzuteaz gain gizartean funtzio konkretu bat izango du.