Lanaren eta denboraren diziplinamendua

El labrador levantaba en ocasiones a sus propios braceros yendo a sus cabañas; y sin duda el aldabonazo de aviso empezó con las primeras fábricas.

E.P. Thompson.

Resultado de imagen de disciplina del tiempo

Ezaguna da Aristotelesek nola definitzen duen denbora: “el tiempo es el número del movimiento según el antes y el después”. Analisirik egin gabe eta sinpleki esateko: mugimendu batek bestea neurtzen du; adibidez, eguzkiaren mugimenduak eguna neurtzen du, edota harea-erloju batek korrikaldi bat. Mugimendu bat (eguzkiarena) denboraren neurria da, beste mugimendua, aldiz, neurtutako mugimendua (eguna). Bata bestearen neurria da.

Logika horri jarraituz, begi bistakoa da lanaren eta denboraren arteko harremana: “dado que el trabajo es movimiento, su medida natural es el tiempo” (K. Marx, Grundrisse, T1, p.140).  Lana mugimendu bat da (tiene un antes y un después), zeina beste mugimendu natural batek neurtzen duen; adibidez, lurrak bere ardatzaren inguruan egiten duen mugimenduak. Ez da ebidentea, ordea, lanaren eta denboraren arteko harremanaren nolakotasuna, izaera zehatza, erlazioa bera baizik. Egia esan, lana ez da beti modu berean neurtua izan.  

Historiagileak erakutsi dute, lanaren antolaketa-eredu desberdina dela eta, lanaren eta denboraren arteko erlazioak aldaketa ugari jasan dituela historian zehar: nekazari-lanetik lan industrialera, etxean egiten zen lanetik manufaktura lanera eta hemendik fabrikako lanera ematen den aldaketak lanaren eta denboraren arteko harremana aldatu du, eta horrekin batera, tenporalitate eredu berriak jaio dira. Tenporalitate historikoaren bizipen ezberdinak garatzen dira ekoizpen indarren garapen ezberdinen arabera.

Kapitalismo industrialaren garapenak sortzen duen tenporalitate berria modernitatea da. Hori da gure gaia, guk bizitzen duguna. Lan egoera konkretuek eta beraiek erritmo “naturalekin” duten zerikusiak sortzen dituzten denbora-notazio ezberdinen baldintzapen esentzialak ikusi behar dira. Ekoizpen indarren garapena ahalbidetzen duten ekoizpen harreman burgesek ekartzen duten denbora sozialaren antolaketa eta bere bizipena aztertu behar da.

Historikoki, herri edo komunitateetan, denboraren neurria etxeko lanak edota eguneroko lanaren zikloak ziren, edo horiekin erlazionatuta zegoen behintzat. Denbora neurtzeko eta antolatzeko modu horrek ez zuen inolaz ere erlazio sinple bat ezkutatzen. Denboraren organizazioa erritmo naturalen araberako zen. Adibidez, portuko denbora soziala itsasoaren erritmoari egokitzen zitzaion. Hori erabat naturala eta ulergarria da arrantzale edo marinel batentzat. Baina kapitalismo industrialaren garapenarekin batera, lan-denbora soziala beste logika baten arabera antolatzen hasten da, ziklo edota erritmo naturalek determinazio sozial izateari uzten diotelarik gero eta gehiago.

Egia esan, ekoizpen indarren garapena ezin daiteke prozesu neutral gisa kontsideratu, ekoizpen indarrak ez direlako ekoizpen erlaziorik gabe ematen. Ekoizpen erlazio kapitalistak posibilitatu zuten ekoizpen indarren garapen historikoa: garapen tekniko-zientifikoa, industrialismoa, kolonialismoa, indar militarren garapena, etab. Gertakari historiko horiek ekoizpen harreman kapitalistek sortu zituzten heinean, determinazio politikoak zituzten, dominazio burgesaren potentzia bihurtuz.

Kapitalismo industrialaren garapenarekin batera balorizazioaren inperatiboa zabaltzen da industriaren eremuan. Ekoizpen indarren garapena balorizazioaren dinamika esentzialaren arabera ematen da. Denboraren subsuntzio formala: denbora balorizazio-denboran bihurtzen da. Kapitalak determinatzen du orain lanaren eta denboraren erlazioa, gainbalioaren dinamikaren exijentzien menpe jarriz. Dinamika esentzial horri loturiko gertakarietako bat denboraren eta lanaren diziplina da. Kategoria kapitalistek determinatutako fenomenoa izanik, dominazio burgesaren mekanismo politikoa da.

Industria Iraultzak lanaren sinkronizazioa exijitzen zuen eta erlojua izan zen exijentzia horri zuzenean erantzuten zion asmakuntza. Bizitza industrialaren erritmoak arautzeaz gain, kapitalismo industrialaren garapenerako tresna bihurtu zen erlojua, lanaren sinkronizazioa ahalbidetzen zuen heinean. Erlojua izateak prestigioa ematen zion bere jabeari, ez erlojua instrumentu jainkotiarra zelako, baizik eta determinazio politikoak zituelako, ondoren sinbolikoki espresatzen zirenak.

Garatutako gizarte kapitalista batean denborari ahalik eta etekin gehiena atera behar zaio. Denbora balioaren determinazio bat izanik, denbora kontsumitu, erabili eta komertzializatu egin behar da; beste modu batera esanda, ezin da denbora galdu. Gaur egun bakoitzak barneratu du erloju horren logika neurotikoa. Giza existentziaren laburtasuna aldarrikatzen da denboraren gobernuaren ideia kapitalista barneratuz.

Kapitalismo industrialarekin batera lanaren diziplina gogor bat ezarri zen. Lan industrial diziplinatuaren beharrei erantzuten zien oinarrizko instrumentuak makina eta fabrika izan ziren. Horiek lan industrialen diziplina bermatu zuten eta kalkulu ohiturak sortu zituzten. XVI-XVII. mendetatik aurrera etengabe inposatu den fenomenoa izan da diziplinarena. Aurrerakuntza teknikoa, lan eremuen itxitura, lan ordu zorrotz eta beharrezkoen inposizioa, denboraren zaindariak, lanaren banaketa, lanaren zaintza (vigilancia), multak, fitxatzearen sistema, denbora aurreztearen paranoia (eta horrekin batera, presa eta estresa bezalako fenomenoak), eta beste hainbat fenomenok osatu zuten kapitalismo industrial diziplinatuaren panorama.

Historikoki, denbora eta lanaren diziplina industrian ezarri zen zorroztasun handienarekin. Ehun-fabrikak eta lantegi mekanikoak izan ziren lehenenak, baina diziplina horrek bizitzako esfera guztiak menperatu ditu. Badakigu dominazio burgesa lanpostutik kanpo ere ematen dela, naiz eta bere botere soziala kategoria ekonomikoetan oinarritu.

Gaur egunera arte luzatu da kategoria kapitalisten inposizio prozesua. Lan diziplina zorrotz batekiko sumisio prozesua instituzio ez industrialek ere bultzatu dute, besteak beste, eskolak: denboraren ekonomiaren logikaren inkorporazioa, puntualtasuna, erregulartasuna, arauekiko obedientzia, denbora eta espazio diziplinatuak, etab. Benetako arautze militarra.

Ikusi dugun gisan, kapitalismo industrialaren garaian ematen diren manufaktura tekniken aldaketa eta garapenak lanaren sinkronizazio gero eta handiagoa eskatzen zuten, eta horrekin batera, lan orduen eta denboraren kontrol zehatza. Baina aldaketa horiek tenporalitate historikoaren bizipenak ere aldatu zituzten. Izan ere, denbora lanaren esplotaziorako ezaugarri batean bihurtzen den bitartean, denboraren kontzepzio edo bizipenak aldaketak jasaten ditu, ekoizpen indarren garapen burgesak materialki baldintzatzen dituelako.

 

Gai honi lotutako liburu interesgarri bat:

Edward P. Thompson, Tradición, revuelta y consciencia de clase. Batik bat, liburu horretako kapitulu bat: “Tiempo, disciplina de trabajo y capitalismo industrial”.

 

 

1 Iritzi

  1. Gai honi buruzko testu batzuk:

    Adela Franzé. ¿Cómo se despertaba la gente cuando no había despertadores?
    https://elpais.com/elpais/2016/01/05/ciencia/1452008025_038284.html

    Robert Kurz. Luces de progreso
    http://lalloberatextos.blogspot.com.es/2015/06/luces-del-progreso-robert-kurz.html?spref=tw

    Robert Kurz. La dictadura del tiempo abstracto
    https://es.scribd.com/document/314368966/RKurz-La-Dictadura-Del-Tiempo-Abstracto

Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko.

*

© 2018 Kontu Lepo