Kezkatik idazten ditugu artikuluak. Sentimendutik. Arrazoitik. Jolaserako gogotik ere bai agian, noizbehinka. Nire azken artikuluak kezka bat zuen pizgarri, eta arrazoitu egin nahi sentipen hori sortzen zidan arazoaren muina. Zenbaitentzat, agian, euskal kultura ez da galtzen ari. Etengabeko eraldaketan mundu modernora egokitzen soilik. Euskarak lurralde eta forma berriak ezagutzen dihardu. Eta baliteke gure komunitatearen argazki berri hau ni bezalako lau tematiren kezka soilik izatea.

Etxean beti izan gara abestu-zaleak. Umetatik dozenaka euskal kantu zahar ezagutzeko eta ikasteko aukera izan dut. Eta egungo taldeak jarraitzen baditut ere, garai bateko kantuak oso maiteak ditut. Herri baten historiaren parte dira abestiak; idatziz jasotzen dira enperadore eta errege handien ibilerak, ahoz aho herritar xumeen historia.

Ikasle denboretako poteoetan hasi nintzen jabetzen kantuaren plazeraz. Batik bat, nafarrak ziren horretan zaleenak. Kantu gehienak zekizkitenak, eta altuen kantatzen zutenak. Kopla zaharrak, aspaldiko bertsoak… jotak ere ikasi genituen. Festa giroko jatorduak egiten genituenean ere beti ziren ezinbesteko osagai patxaran freskoa eta kanturako eztarri berotua.  Orduak pasa genitzakeen ixildu ere egin gabe gasolina gorri haren laguntzarekin.

Nafarrek eta iparraldekoek zuten horretarako ohitura gehien. Herrira itzulitakoan haiek errepikatuko zituzten abesti berak asteburuan. Ofizialki euskaldunak garen hiru probintziatakook bestela egiten dugu festa gure herrietan. “Modernoagoak” gara nonbait.

Duela gutxi arte eutsi zaio inguruotan sukaldeko su-epelean kontu eta kantu zaharren ohiturari. Zaharrenen hitza jakintza zuena izan da gure komunitatea mendeetan. Ahozko trasmisioa libururik potoloena baino baliagarriago izan zaiona. Belaunaldi “modernoek” zaharrek baino gehiago dakigula ebatzi dugun arte.

Beti ez dago arrazoitik idazterik eta… Pena dut halako gure eta halako eder den ohitura zaharra galdu izana. Mahaiaren bueltan abesteak poz momentuak ekartzen dizkit gogora, eta horretan aritzen ez den gizataldea tristeagoa ez ote den susmoa daukat.