Haizearen erara zebilen hosto hura,

pago hosto hark jada ez zuen sostengatuko

zuen adarraik, pagoak, uko egin baitzion.

Haizearen erara zebilen, baso, zelai, gialur, erreka

eta imagina ditzakegun leku guztietan barna,

egun batez, elurrak lur hartzera behartu zuen arte.

Hotz zen lurra hasieran, baina goxatu zen gero

bide bakarra hori zela ulertuta, prest zen

jatorrira itzultzeko.

 

Haizaren erara zebilen bi-hankeko hura,

jada bere bidea egitea erabaki baitzuen,

familiako habiatik irten, eta ez zuen

norabidea markatuko zion inor.

Haizearen erara zebilen, baso, zelai, kale,

esku, ezpain eta bihotz ezberdinetan barna.

Pausuak nora eta nola eman ongi pentsatzen

zuen horietakoa zen, baina finean,

inguruko eta barneko haize boladek

mugitzen zuten, egun batez haizeak

eragiteari utzi eta geldirik geratu zen arte,

ez zen gehiago mugitu, lur bilakatuz

jatorrira itzultzeko.

 

 

 

Lurra, bizitzaren jatorri, munduaren oinarri.

Finean mundua lurrezkoa da, lurrak ematen dio

forma munduari. Lurrak ematen dio forma itsasoari,

ibaiei, zelaiei, basoei, zuhaitzei … izaki bizidun guztiei.

Gu lurrera ahalik eta ondoen moldatzeko aukera soil

bat gara, beste izaki bizidun guztien artean.

Baina aspaldian hori ahaztu zaigula irudi,

lurra aldatu nahian baikabiltza tematuta.

Lurraren jatorrizko edozein formatara moldatzeko

aukera perfektu bat gehiago gara.

Baina jada horrenbeste aldatu dugu lurra,

non ez garen gai bertara moldatzeko.

Iparra galdu dugu, ez dugu ulertzen

gu garela lurrera moldatu beharrekoak.

Ez dagoela beste aukerarik.