Perkala

Kapitalismo basatiaren garaian bizi gara. Kapitalismo globalizatuaren garaian. Jada ez dago kapitalaren atzaparretatik ihes egiteko aukerarik herri zein norbanakoentzat, ez dago salerosketaren logikan murgildu ez den eremurik, dena bilakatu daiteke merkantzia kapitalaren mesedetan. Hein handi batean , egungo mendebaldeko gizarteek jendarte izateari utzi diote merkatu erraldoi bilakatzeko, eta pertsonek bere gizatasuna alboratu dute kontsumitzaile huts izateko. Eta Euskal Herria ez da salbuespen bat honetan,  “normaltasuna” inposatzen hari baita egunez egun. Normaltasun kapitalista, noski, esplotazioan eta zapalkuntzan oinarritzen dena.

Kapitalismo basati bezala ezagutzen dugu egungo kapitalismoaren fase hau arrazoi ezberdinengatik. Batetik, gerra hotzaren amaierak eredu kapitalistaren garaipena suposatu zuelako eta ondorioz kapitalak ez zuelako mehatxatzen zuen eredurik aurrez aurre.  SESB eta bloke sozialistaren kolapso eta gainbeheraren ondorioz munduak bi blokeen artean bananduta egoteari utzi zion, eta kapitalismoak lurralde berriak konkistatzeari ekin zion. Mendebaldeko bloke kapitalistaren garaipenak  izugarrizko aldaketa ekarri zuen mundu mailako indar korrelazioetan, eta geroago frogatu den bezala, baita jendarte ereduetan ere. Izan ere , eredu kapitalista beste herrialde batzuetan ezartzeaz gain, mendebaldeko herrialde kapitalistetako eredua bera ere aldatu zuelako.

Bestalde, neoliberalismoak kapitalismoaren fase berri bati hasiera eman zion, egun indarrean jarraitzen duelarik. Neoliberalismoa, kapitalismoak bere garapen historikoan  aurrera egiten jarraitzeko zituen behar estrukturalei erantzuteko jaio zen, kapitalaren irabazien tasa handitzeko, alegia. Hau lortzeko, neoliberalismoak estatuen esku hartzea ekonomian ahalik eta gutxienekoa izatea eta kapital pribatu eta trasnazionalak “merkatu askatasuna” bermatzea proposatzen zuen. Finean, neoliberalismoak mendebaldeko eredu keynesianoaren amaiera ekarri zuen, hamarkada luzez estatuaren esku zeuden sektoreak(estrategikoak) pribatizatuz, hauetatik etekin ekonomikoak ateratzeko. Milton Friedman ekonomialariak teorizatu eta proposatu zituen lehen erreforma neoliberalak, “Chicago Boys” deituriko bere ikasle ohi talde batek aplikatu zituelarik lehenbizikoz Txilen, Pinochet-en erregimen faxistarekin elkarlanean. Neoliberalismoa lehendabizikoz non eta nola aplikatu zen azpimarratzea garrantzitsua da, egungo eredu hegemonikoa baita . Ongi ba ,  ekonomia are gehiago liberalizatzeko eta eredu hau martxan jartzeko, inperialismoak kolpe militar bat sustatu behar izan zuen, Allenderen gobernuak proposaturiko sozialismo demokratikoa hegazkinen bonba eta tankeekin suntsituz.

Beraz,  neoliberalismoa izan da kapitalismoa mundu osora hedatzeko tresna, globalizazio bezala ezagutzen dugun prozesu zabalago horren baitan. Eta neoliberalismoaren eskutik iritsi da ere gizarte postindustriala edo postmodernoa deitzen dutena. Baina hau ez da soilik ekonomia kontua,  hamarkadetan zehar ezarri diren erreforma neoliberalek zein globalizazioak aldaketa handiak eragin baitituzte gizartearen baitan eta gure harreman ereduetan.  Eredu edo doktrina honen garaipenaren mamia  ez dago hainbeste lorpen ekonomikoetan, neoliberalismoaren garaipena gehien bat ideologikoa izan da. Ekonomiari begira, aipagarria da industria handiaren desplazamendua erdigune inperialistatik  periferiara, hirugarren mundua deitzen dugun horretara. Izan ere, herrialde hauetan ekoiztea askoz merkeago eta errentagarriago da kapital handiarentzat, kasu askotan bertako langileria esklabutzatik gertu dagoen baldintzetan haritzen delarik lanean (Inditex konpainiaren fabrikak Bangladesh-en, esaterako).  Erdigune inperialistan aldiz , ekoizpenaren espezializazio maila asko areagotu da , eta geroz eta gehiago dago bideratua zerbitzuen sektoreetara, garapen teknologiko zein informazio eta komunikazioetara.  Azken batean, neoliberalismoak ezarritako erreforma hauekin lortu dena izan da herrien zein errekurtso naturalen esplotazioa areagotzea eta azkartzea, krisi humanitario zein ekologikoak sortuz eta klase sozialen arteko antagonismoak handituz.

Baina lehen aipatu bezala, egungo ereduaren garaipen handiena maila ideologikoan datza, bere eraginkortasunean. Egungo gizarte ereduan, inoiz baino indibidualista eta kontsumitzaileagoak gara, kapitalak sorturiko behar material artifizialen menpe gaudelarik. Eta aldi berean, ez dugu inondik eredu hau zalantzan jartzen, indibidualismoan murgilduak, kontsumismo itsuak konformismora eta pasibotasunera eraman gaituelako. Teknologia berriekin loturiko produktuak dira gehien baloratzen direnak egun, ordenagailu zein telefono mugikor berriak sortzen direlarik etenik gabe, eta hauek dira aldi berean gure harremantzeko tresna nagusiak. Kontraesan sakon baten aurrean aurkitzen gara hemen, zeren eta geroz eta gailu eta aplikazio sofistikatuagoak eduki elkar komunikatzeko, geroz eta bakartuago gaude, geroz eta isolatuago.  Marx-ek zioen teknologiaren garapenak ekoizpenaren esferan langileak bere buruaren gaineko kontzientziaren galera zekarrela, alienazioa. Egungo mendebaldeko gizarteetan , alienazioa sozializatu da bizitzako alor gehienetara, lanean ez ezik, etxean , kalean, zein gure aisialdi eremuetan une oro gaudelarik konektatuta gailu teknologikoetara , honek dakarren alienazio eta isolamenduarekin.  Krisi ekologiko, humanitario zein ekonomikoak zabaltzen hari dira munduan zehar, eta aldi berean hauek normalizatzeko joera.  Badirudi indibidualismo nagusi den gizartea ez dela gai(edo ez duela nahi) pairatzen dituen arazo sozial zein ekologikoei aurre egiteko, guztiz zatikatuta eta alienatuta dagoen gizartea baita. Gizartea diot, baina egoera irauli dezakeen subjektu sozialaz hari naiz, langileriaz alegia. Burgesia ez baitago ez zatikatua ez alienatua; aitzitik, klase kontzientzia du eta antolatua dago.

Esan bezala, egun ez dago kapitalaren atzaparretatik ihes egiterik, ezta ere atzera bueltatzerik “Ongizate Estatua” delakoaren berreskuratze (edo berri bat eraikitzeko) asmotan, hau keynesianismoaren gainean eraikitako eredua izan zen eta kapitalak erre zuen fase hori, ez da inoiz itzuliko, kapitalismoa beste fase historiko batean baitago, ea buruan sartzen zaigun. Kapitalak bizirik irauteko etenik gabe erreproduzitzen eta zabaltzen egon behar du, ez du mugarik, aurrean topatzen duen oro merkantzia bilakatu behar du, hazkunde infinituaren eredua inposatuz. Eta hortxe dago kontraesanik handiena,  kapitalaren etenik gabeko hazkundea parez pare aurkituko baita naturak zein gizakiok ditugun mugekin, muga materialekin.  Agian, kontraesan honek eztanda egiten duenean esnatuko  gara, eta hasiko gara ditugun arazo larriak aintzat hartzen,  baina orduan beranduegi izango da. Sistema kapitalistak, berak sorturiko krisi zein kontraesan eta antagonismo gero eta sakonagoak estaltzeko, geroz eta zatikatuago eta alienatuago behar gaitu. Honi kontrajarririk, antolakuntza eta kontzientzia garatzea dira egungo erronka nagusiak , nik uste. Soilik baldintza objektiboak ezagutzean lortu dezakegu alienazioa gainditzea eta klase kontzientzia garatzea, eta soilik klase kontzientzia izanik garatu dezakegu antolakuntza eta lan ildo egoki bat, ildo iraultzaile bat.

 

Harrika

 

1 Iritzi

  1. DavidRiazanov

    2018-02-07 at 16:26

    Ados esaten duzunarekin, Harrika. Globalizazioaren limiteak ezagutzea egokitu zaigu, eta limiteak gainditu ezin direnez, krisia. Krisiak guretzat suposatzen duena agerikoa da, pobrezia eta prekaritatea. Honen aurrean, sozialitatea birpentsatzeko herremintak beharrezko zaizkigu, eta baita politika egin eta azken instantzia desagerrarazteko ere.

    Hemen partekatzen dut oso interesgarria egin zaidan bideo bat, nahiko sintetizatuta dago baina hainbat proposamen interesgarri burutzen ditu:
    Enrique Dussel: El poder

Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko.

*

© 2018 Kontu Lepo