Barkatuko didazue baina gaurkoan ez dut denborarik hartu artikulua lantzeko. Bart gauean ikusitako pelikula bat gomendatzera eta iruzkintxo bat egitera mugatuko naiz gaurko honetan.

Alejandro González Iñárrituren lehenengo filmaz ari natzaizue: Amores perros (2000), 21 gramos eta Babel filmekin batera “Trilogía de la muerte” osatzen duena. Film horretan, mende amaierako Mexiko Hiria (D.F.) agertzen zaigu, 70 urtez baino gehiago agintean egon zen PRI-ren (Partido Revolucionario Instituicional) nagusitasunak markatuta. Indar kontrairaultzaile kontserbadorearen arrakastak eta proiektu politiko emantzipatzaileen porrotak ezaugarritzen dute filmaren giro politiko-soziala, D.F-ren partikularitateaz gain, Mexikoren egoera ere sintetizatuz.

Hiru historia desberdin gurutzatzen dira filmean. Pertsonaia nagusia “El Chivo” da, zeinak historia horiek guztiak korapilatzen dituen, argumentuari batasuna emanez. Bera da proiektu iraultzaile ezkertiarren porrotaren espresioa.

Lehenengo historiak (“Octavio y Susana”) auzo xume batean bizi den familiaren bizitza kontatzen du. Bigarrenak  (“Daniel y Valeria”) itxurazko eta gezurrezko mundu burges bat azaltzen du. Valeria izugarrizko arrakasta duen modelo espainiarra da, publizitate-irudi hutsa, edertasunaren eredu ideala, zeinak auto istripu baten ondorioz eskuineko hanka galtzen duen, itxura estetiko hutsean oinarritzen zen bizitza hark bat-batean balio guztia galduz. Hirugarrengo historiak (“El Chivo y Maru”) gerrillari izateko bere alaba eta emaztea utzi zituen irakasle ohi komunista baten bizitza kontatzen du. Kartzelatik irten ostean elkarren artean hiltzen diren aberatsen sikario bihurtzen da.

Filmak errepresentatzen dituen bizi ereduetan harreman kolektiboa ia erabat suntsituta agertzen da. Norbanakoaren eta familia eta kolektiboaren artean traizioa eta hilketak inposatzen dira. Kapitalismoaren garapenak sortutako bizi eredu eta pentsamoldeak dira. Dirua bihurtu da asmo indibidualak betetzeko bitarteko bakarra, bizitzeko beharrezko errealitate bakarra, baina dirua biolentziaren, traizioaren eta hilketaren bitartez eskuratzen da. Egia esan, diruak zeharkatzen ditu filmean agertzen diren harreman guztiak. Atzo bertan landu genuen testu zati batekin gogoratu naiz:

“Cuanto más la producción se configura de manera tal que cada productor pasa a depender del valor de cambio de su mercancía, vale decir, cuanto más el producto se convierte realmente en valor de cambio y el valor de cambio deviene objeto inmediato de la producción, tanto más deben desarrollarse las relaciones de dinero y las contradicciones que son inmanentes a la relación de dinero (…) La necesidad del cambio y la transformación del producto en puro valor de cambio avanzan (…) con el carácter social de la producción. Pero en la misma medida en que este último crece, crece el poder del dinero, o sea la relación de cambio se fija como un poder externo a los productores e independiente de ellos” (K. Marx, Grundrisse, T.1, 71.or.).

Filmak errepresentatzen duen biolentzia ez da gratuitoa, biolentzia sozial errealaren errepresentazio estetiko erreala baizik. Kapitalismo poskolonialak Mexikon eta orokorrean Latinoamerikan utzi dituen ondorio sozialak erretratatzen ditu.

Kapitalismoaren berezko funtzionamenduaren ondorio historikoetako bat da. Hiri espazio kapitalistetan maitasunak aurpegi oso gogor, ilun eta zorigaiztokoa (amores perros) duela azaltzen du pelikula honek.