Posibilismoa eta kondizio politikoa

Badirudi azken urteetan nabigatzen zebiltzan arrisku faktore guztiak aste baten buruan sintetizatu direla, errealitatea bilakatu den kondizio politikoaren faktore guztiak agerian geratu direlarik. Sozialdemokrazia historikoaz eta garai “likido” bateko joko- zelai politikoaz ari natzaizue, edo berdina dena, sintesi sozial berritzaileak (gainditzaileak) eraikitzeko ezintasunaz. Kapital harremanean bezalaxe, ekintza politikoak ere bilakaera logikoak iragartzen ditu, ekintza marko baten aukerak muturreraino eramaten direlarik. Ekintza bilakaeraren kate bat osatzen dute une bakoitzean ematen diren pausuek, ondoren emango direnei aukerak irekitzen dizkietelarik. Arazoa errotikoa da beraz, estrategikoa nahiago baduzue, hastapenean (oinarrian) ezkutatzen baitzuen porroterako aukera. Noski, bilakaera historikoa ez da lineala eta hausturak eman daitezke, estrategia baten agorrera muturrera eraman artean ezkutuan gordetzen badira ere.

Aste honetan lau agertoki esanguratsu mahai- gaineratu dira askapen mugimenduen eta Euskal Herriko ezker instituzionalaren baitan: 1.-EH Bildu koalizioak Rajoy presidenteari autonomia estatutua betetzeko exijitu dio Eusko legebiltzarrean; 2.-Gure Esku Dago dinamikaren 2018ko ekintza nagusia aurkeztu da, Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldeak batuko dituen Giza Katea (Eusko legebiltzarrean amaituko dena); 3.-EH Bilduk elkarkidetzaren izenean elkarlanerako ateak ireki ditu Confebask Euskal enpresarien elkartearekin; 4.- Kataluniako prozesu independentista barnean haustura nabarmenak eman dira alderdi independentisten barnean.

Aipaturiko lau kasuak banaka eta elkarren artean banatuta har daiteke fenomeno bezala, elkarrekiko loturarik ez balute bezala. Horrela, horietako bakoitza posibilismoaren izenean justifikatu genezake, eta babestuko ez bagenu, estrategia orokorrarekiko aislamenduan koka genezake. Dena den, bost egun denbora tarte txikiegia da elkarren arteko loturarik ez dutela aldarrikatu ahal izateko, lotura estrategikoak nabarmenak baitira. (1)Autonomia estatuaren aldarrikapenarekin EAJ alderdia erabakitze eskubidearekin aktiboki lerrokatzea bilatzen dela argudiatuko da, balizko independentzia aldarrikapen batek Euskal nazionalismoaren barnean distentsioak eragingo bailituzke. Autonomismoaren zantzuak ditu erabaki honek, (2)Gure Esku Dago eragileak antolaturiko giza kateak Euskal Herrietako hiru lurralde historiko bakarrik mobilizatzeak dituen bezala. Estrategia federalista dela argudiatuko digute orduan, lurralde historikoen artean erritmo ezberdinak daudela egia kategorikoa baita. Gainera, populismoaren erabilpen kontzeptualak indar politikoak mugitzera behartuko dituela esango digute, horretara baitator giza- katea legebiltzarrean amaitzea. Hala ere, aldarrikapenaren abstrakzioaren dimentsioek (erabakitze- eskubidea kontzeptu bezala) hutsala den hiztegi bati edonolako erabilera ematea baimentzen diote. Erabakitzeko eskubidea eta autonomia estatutuaren indartzea ez dira kontraesankorrak, hala? (3)Hirugarrenik, Euskal Herriko langile sektoreen eta enpresarien koordinazioaren izenean (sic!) enpresarien elkartearekin elkarlana sustatzeak ez du argudio berezirik merezi. (4)Azkenik, zibismoak, demokraziak zein giza- eskubideen aldarrikapenak ez dute aukera kontzeptualik supra- Estatu moderno baten barnean, legearen betearazteak legitimitateak baino indar handiagoa ezkutatzen baitu etsaitasun formal baten baitan. Demokrazia vs demokrazia, elite ekonomikoak Espainiar estatuarekin lerrokatuta eta botere erreala (gaitasun tekniko zein militarrak) zein politika monopolistikoa (Europar Batasuna, Ameriketako Estatu Batuak) Espainiar estatuarekin bat eginik; jazarpen eta errepresiorako inpunitate nazional zein internazional handia duen estatu baten aurrean marko kontzeptual hutsalek ez dute aukerarik. Kapa ertain “zibilizatuaren” mobilizazioan konfiantza izatea ez da euskarri finkoa, eta are gutxiago borondate berezirik ez dituzten instituzio burgesetan zein politikari profesionaletan (parlament). Aukerak agortuta daudela esan genezake, aurrera bide handiak eman direla argudiatuko badigute ere. Dena den, independentismoaren balizko arrakasta egoera batean eraikiko zen errealitate berriak aukerak irekiko lizkiguke agian, baina zein horma berri sortuko?

Arazo nazionala gurera ekarrita, Euskal lurretan bada kapa ertainen beharrizan materialak asetzen dituen alderdirik, inor baino Espainolagoa eta populistagoa dena Frankismoa “amaitu” zenetik. Autonomia estatutuaren eta batasun territorial eta ekonomikoaren bitartez Euskal “petit bourgeoisie” zein kapa ertainak lerrokatuta daudela agerikoa da, hauteskundeetako emaitzak honen adierazle garbia direlarik. Baina, kapa ertainen espazio politikoa EAJ alderdiak monopolizatzen badu, zeinentzat ari da lanean aurrez aipaturiko alderdi- mugimenduak?

Azken hamarkadetako ezker mugimenduen errepaso historikoa egiten badugu, garbi eta zehatz ikusi dezakegu nola indar handikoak izan diren mugimendu politikoak ere indar- neoliberalak desagerrarazi ditzakeen; normalizazio politiko zein ekonomikorako baldintzak ustiatzen dituztenean eta beste alderdiren bat artikulaziorako espazio berdina okupatzen ari bada, urte gutxitan hamarkadetako lan- politikoa ondoratu daiteke. Lau adibide historiko iruzkinduko ditut horretarako; espazio eta denboran nahiko simetrikoak direnak aipatzen gabiltzan errealitate politikoarekiko:

1.- PCI (Italiako Alderdi Komunista ahal- guztiduna). Hiru hamarkadetan zehar Italiako mugimendu politiko zein sindikal garrantzitsuena zena (bi milioi afiliatutik gora zituen), Enrico Berlinguer- en zuzendaritzapean eta Perestroikaren garaian normalizazio politikorako eta konpromiso historikorako erreminta funtzio hartu zuen, Sobietar Batasunaren liberalizaziorako agente aktiboa bilakatuta. Eurokomunismoaren porrotarekin eta Berlingo harresiarekin batera desagertu zen 1991. urtean.

2.- PCE (IU). Frankismo garaian oposizio politikoko alderdi nagusia zena trantsizioa bermatzeko alderdi bilakatu zen, bake bidezko demokrazia (Espainiar estatuko lurralde gehienetan behintzat) bermatu ostean garrantzia galdu zuen egun dena bilakatuz.

3.- Euskadiko Ezkerra. Euskal erresistentzian parte aktiboa izandako militante zein agente sozialek osatua, erresistentzia armatuari ideologikoki oposizioa burutzeko tresna nagusia bilakatu zen urte batzuen buruan. Autonomismo espainiarra babestu zuen eta egun PSE-ren barneko sigla fantasmak baina gutxi gehiago dira.

4.- Sinn Fein. Iragan hurbilean Irlandar katolizismoaren mugimendu sozial zein armatu nagusia izandakoa egun Ipar Irlandako normalitatearen eta kondizio neoliberalaren babeserako agente nagusia dira. Indar handiko alderdia izaten jarraitzen dute hala ere.

Mapa politikoaren baitan ezker mugimendu batek izan zitzakeen berezitasunekin amaitzean (legez kanpoko aktibitatea, langileriaren babesa eta artikulazioa, gizarte- zibilean aktibitate nabaria) eta aginte burgesarekin kolaborazio aktiboa burutzeak (edo borondate hori behin eta berriz aurkezteak) ordena sozial burgesaren baitan bi alternatiben aurrean kokatzen gaitu: desagerpena, edo erreakzio mugimendu bilakatzea; biak ala biak eskutik lotuta doazen kasuistikak. Politikaren muga estuak direla esan genezake, etsaiaren joko arauak onartzeak eta euren arma ideologikoak muturrera eramatearen ondorioak. Zuzenean hala zeharka, modernitatearen baitan etengabe errepikatzen diren fenomenologiak.

Dogmatismoetan erortzeko arriskua nabaria bada ere, purutasun etiko zein politiko bat ezin daiteke nahastu estrategia iraultzaile baten marraztearekin. Iraultzaren kondizioa bereizten duena kapitalaren logika politiko zein ekonomikoarekiko kanpo kondizioa da, harreman eredu berriek estrategia baten baitan duten zentralitatea. Zentralitate hori nola orokortu dezakegun taktikak eta arte politikoak (aurreikuspenerako ahalmenak) ebatziko du momentu bakoitzean, horretarako etsaiak eskaintzen dizkigun tresnak formalki erabiltzea hausnartu beharreko aukera delarik. Forma probestu beharko genuke, exodoa elikatzeko, inoiz ez erreala den harremana betikotzeko.

Objektuaren azterketa materialistak ebazten diguna aukera baten agerpena besterik ez da, inolaz ere gauzatze baterako bermea. Tendentzia da aztertzen dena, ez fenomeno konkretuaren osotasuna.

Alderdikeriekin buruturiko karikaturen eta maskaren gainetik, modernitatearen gaineko aurkakotasun-gaindipen bakarra modernitatearen kondizioen (oinarrien) abolizioan aurkitzen dugu; gainerakoa, ezintasuna, krisia eta etsaiaren funtzioak geureganatzea.

 

Kolaborazioa: Hala Gabiltza

3 Iritzi

  1. Iep. Argitu zenezake zati hau?
    “Tendentzia da aztertzen dena, ez fenomeno konkretuaren osotasuna.”
    Milesker

    • Hala Gabiltza

      2018-02-04 at 9:22

      Kategoria burgesen azterketak harreman sozial kapitalisten bilakaera aztertzeko ezinbesteko herremintak eskaintzen dizkigu, baina “zientzia puru” bat izateari uzten dio, fenomenoen oinarria bere bilakaeran aztertu ahal izateko. Ekintza konkretu batek bere baitan ezkutatu ditzakeen ezaugarri guztiak ez ditugu kokatuko ekonomia politikoaren kritikaren bitartez, azken honek harremanaren atzean ezkutatzen dena ezaugarritzeko ezinbesteko elementuak ematen badizkigu ere. Marxen kritika kategorialak harreman sozialen konexioak agerian uzten dizkigu (erreprozitatea), horri erreferitzen saio osotasunaren inguruan gabiltzanean.

Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko.

*

© 2018 Kontu Lepo