Bologna plana aplikatzen burubelarri ibili zen Balluerkari eta  UPVri babesa eman zietenek, patronalarekin politika ekonomikoa paktatu nahi dutenek, burujabetzaren izenean estatutuaren defendatzaile sutsu bihurtu direnek, errektoretza hauteskundetan ikasleak ixildu eta kriminalizatu zituztenek, orain,  IAk ez duela Euskal Eskola Nazionala eta hezkuntza lantzen diote. Gezurra mila aldiz errepikatuta ere, ez da ordea egia bihurtzen. Behin baino gehiagotan argitu izan da zein den arlo honi dagokion IAko militanteon programa. Hemen laburpen txiki bat:

  1. Euskal Eskola Nazionala egun dagoen hezkuntza sistemaren kritika integral eta erradikaletik sortuko da. Dialektikoki eraikiko da, konfrontazioan eta beraz,  inolaz ere ez gaur egungoaren osagarri gisa.
  2. Hezkuntza sistema bakoitzak, indarrean den produkzio moduari erantzuten dio. Hau honela, ezin da hezkuntza sistema propioa (gure interesei erantzuten diona) bere osotasunean egikaritu, ez baditugu eskala handian giza harremanak aldatzen (hau da ez bada kapitalismoarekin amaitzen).
  3. Euskal Eskola Nazionalak irudikatzen duen langile boterea eraikitzen joateko, langile klaseko ikasleok, derrigorrean irentsi behar ditugun edukiak zalantzan jarri eta gelaz gela, karreraz karrera,  edukiak kritikoki landu eta produkzio teorikoa ahalbidetu ahal duten espazio autogestionatuak sortu eta garatzea da lehen premisa.
  4. Hurrengo pausoa litzateke bestalde, hezkuntza esparruan garatzen diren proposamen hauek, espazio zabalagoetan (herrietan, auzoetan, eskualdeetan, nazionalki…) lantzea eta osagarritzea.
  5. Bitartean, hezkuntza arloan elkartzen diren gainontzeko sektore borrokalariekin, langile boterearen espresio izango den Euskal Eskola Nazionalaren irudikapenak egiten lagunduko digun praktikak garatzen ari dira, ahal denekin ahal den tokian.
  6. Azkenik, egunez egun okerragoak zaizkigun bizi eta ikasteko baldintzak inongo kondiziorik gabe borrokatzea dagokigu gainontzeko norbanako eta kolektiboekin batera.

Hau honela, gatazka benetan puntu honen inguruan dagoela esango nuke:

Hezkuntza Sistema Propioa (IArentzat): Gure (langile klasearen) interesei erantzungo dion hezkuntza sistema.

Hezkuntza Sistema Propioa (“kritikoentzat”): Burgesia nazionalaren interesei erantzungo dion EAEko hezkuntza sistema.