T-ren paper galduak

“nik ere bizi nahiko nuke

nor naizen etengabe galdetu beharrik izan gabe

apalago bizi neure buruaz ahazturik

nik hau eta nik beste hori jardun gabe beti

apalago bizi ni ere

gogoa eta adimena erantzun txikiei emanda:

gizaki bati dagozkion neurriko kezkekin”

Jose Luis Otamendi

 

 

Kezka bat du neurekiko

eta neuretzako

adar gazte honen uztak

ba ote dakartzan masustak

ene bidaiedeentzako

 

kezka bat dut neurekiko

baina zeuentzako

zergatik zaintzen gaituzuen horren ondo

zer dela-eta mintzo zareten itxaropenaz

ezer sortuko ez dugun penaz

erruki zaretelako…

 

Kaxoian gorde huen bere garaian, eta traste zaharrak botatzen ari haizela topatu duk, paper zahar batean idatzita. Putz egin eta hautsa kendu diok.  T, hi betidanik izan naiz tipo beroa, sentitu ahala botatzekoa. Ibilian irakatsi dik bizitzak, tartean muturreko batzuk hartuta, arrazionalagoa izaten. Eta orain hor habil, ez batera, ez bestera. Heure buruari esanaz, marra “gorria hor zagok eta honaino sentitu dezakek”. Abangoardia kultural baten parte izan nahiaren lainez txoroa erantzi ezinik zirriborratu huen poema hau, kezka generazionalak, gurasokeriaren aurkako errebeldia, eta bla, bla, bla… Eta hara non heukan kaxoi azpiko iluntasunean. Argitik itzalera egin duela ematen dik, mugimendu natural bat bezala.

Eta hik, balizko subertsio hura ahanzturak erabat irentsi aurretik, berriz mahaigaineratu duk. Hildako arrainak urazaleratu egiten dituk, baina hilda zaudek. Gauzak aldatu egin dituk , kamarada!

Baina zer huen eskaparatea, hire barru ustelaren errezel gardenaz gain? Ezereza huen, espazio hutsa. Heure buruari min gehiegi eman aurretik ohartu hintzen, aski mami ez huela oraindik, eta fokopea beste batzuei zegokiela. Agian helduko zela noizbait hire garaia, baina berantiarragoa hintzela esaten zutena baino. Zer esana eta zer emana falta huela iritzi hioen, eta ados nagok hirekin. Tuneatu ezak paper zaharra eta egiok sinadura bat azpiko alde horailduan,  eguneratu ezak, berritu.

 

Euri ari duenean, babes bila nabil

oskarbi denean, ez naiz inondik ageri

izaki bereizi bat pauso balantzatiz,

eusten ez banauzue lurrera noa berriz.

 

Nola porlandu naizen inoiz bainoago,

Bihotza bera ere harrituta dago.

So egin dezadan neure baitatik harago,

naizen apurra ez da,

garen hori baino.

Utikan nartzizismoa, eta egoa kaxoian bego, poema zaharraren aldamenean zurrunkan. Inguruak bizi hau, eta hori duk guztia, lilurarik ez! Ideiak su baxuan ontzeko garaiak dituk, erretagoardian egotekoak, lokatzetan, lan isilean. Inguruan nor nahi duan pentsatu beharko duk lehenbizi, eta haiei denbora eskaini, inporta zaizkian neurri berdinean, gutxienez. Aitak ondo esaten zian, T: “loriei ure bota beher izete zikobek”.

Eman beraz pauso bat atzera; bi ere bai behar bada. Perspektiba hartu eta aldendu apur batean eskaparatetik.  Benetako gauzak bizi itzak, ahalik eta suharren, ahalik eta bizien;  baina bere txikian, bere sakonenean alegia.

 

 

3 Iritzi

  1. Kaktus bat logelan

    2018-01-31 at 16:15

    Paper galdu gehiago aurkitzen badituk ekar itzak hitzak hona.
    Lerrootan harrapatuta gelditu nauk. Nor ez duk porlandu noizbait? Ba ote bihotza harri(bihur)tu ez zaionik?

    Hitzok testu bat ekarri didate gogora:
    ” Descartesen ‘Pentsatzen dut, beraz banaiz’ hura gehiegi barneratu zenuelako edo, zure bekokiaren eta hezur parietalaren artean kabitzen da zure izate guztia. Arrazionala zara, sentimenduak pentsatzerainokoa (pentsa!). Eraikinak, arazoak, egitekoak, egin gabeak, helburuak, antolaketa, asfaltoa zara…
    ….
    Esaera filosofiko bat oparituko dizut, deskartez: Bazara, beraz, hasi sentitzen”.

    Testu osoa, hemen: http://bizkaia.hitza.eus/2017/11/17/jaitsi/

    • Ferrando Xanpun

      2018-02-01 at 16:31

      Eskertzen dituk/n halako iruzkinak Kaktus!
      Paperak T-renak hituen, baina saiatuko nauk/n neureak ere ekartzen. Espazio ederra eskaintzen ziguk/n Kontu Lepok, horretarako ere. Hauts askorik hartu gabeko testu sorta ederra ari duk/n pilatzen, beraz “pintxatu” beldurrik gabe.

      P.d: markinarra gaztetxean izango diagu bihar bertan, eta emango zizkoagu hire partez eskumin arantzadunak.

      • Ferrando Xanpun

        2018-02-01 at 16:37

        *di(n)agu, *zizko(n)agu.
        Anonimotik anonimora, eta behin hasita, ganoraz egitea hobe.

        P.d: Kontu Lepoko zerbitzu informatikuei eskaera bat (badakigu asko zeatela ta kolpeik ez dezuela jotzen). Iruzkine editatzeko mouen jartzie eongo al litzeke? Eo eindakue hor geratzea fosilduta betiko?

Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko.

*

© 2018 Kontu Lepo