Blog honetan aipatu izan da gizartearen harreman kapitalistak norbanakoen harremanetan ere birproduzitzen direla. Harreman kapitalisten erreprodukzio hori jarduera fisikoen munduan ikusarazten saiatu izan naiz batzuetan orain arte, eta gaurkoan ere, gizartea eta jarduera fisikoak elkarren islada direla azaltzen saiatuko naiz.

Euskal kultura ardatz hartuta egin nahi nuke azterketa hau, non kapitalismoaren bilakaeran bertan jarduera fisikoen ohiturak ere eraldatzen joan diren. Euskal kultura tradizionaletik hona asko aldatu dira gauzak. Garai batean, baserrietan rolak guztiz bereizita zeudela esan daiteke: gizonek dirua etxera ekartzen zuten; emakumeek etxea eta etxekoak zaintzen zituzten.

Bizitzako ohitura hauek euren balore, behar edo plazer zehatzak dituztela ikusi dezakegu. Dirua irabazten duen gizonak, irabazteko beharra duela esan genezake, irabazteko egingo du lan eta etxearen irabazirako joango da merkatura, horrek heziko du etapa horretan, jarduera fisikoen arloan, herri kirol edota plazako apustuetara bideratu izan delarik baserritar gizonezkoa. Azken finean, apustua irabazteko, dirua edo prestigioa izan, irabaztea zen helburua.

Emakumeen kasuan euren egun bakoitza aurrekoaren berdina dela esan genezake, ez dute jai egunik eta atzo bezala gaur eta bihar ere etxea garbi mantendu eta besteekikoa egitea izango da euren lana. Egunero berdina egitearen “plazerean” hezten direla esan genezake honela, eta errepikapenean oinarritzen dira azken finean emakumeei gehien esleitu izan zaizkien praktikak: gomaren jolasa, soka-saltoa (ez naiz sartuko soka-saltoko kantek emakumeak “errealizatu” zitezen edo, zer zioten aztertzera: aita, ama, zenbat urtekin ezkonduko naiz…) …

Hala ere, baserrian bazen etxera dirua ekartzeaz eta etxea zaintzeaz gain elkarrekin egoteko tartea ere, elkarrekin gozatzeko tartea edo elkarrekin egote hutsarekin gozatzeko tartea. Hau, praktika motorretara eramanez gero, jolasetan aurkitzen dugu, umeena izan delarik gehien bat. Jolasa aurrera begirako helbururik gabe egiten da, elkarrekin ongi pasatzeko, unean uneko erabakiak hartuz gozatzen da.

Honela beraz, gizonen jokoak, emakumezkoen errepikapeneko jolasak eta etxekoekin denbora elkarbanatzeko jolasak bereizten ditugu euskal kultura tradizionalean.

Gaur egun, badakigu sailkapen horiek atzean gelditu direla etxe askotan. Gizartean, gizon langilearen paper hori ez da gehiegi aldatu. Hala ere, emakumea, etxea zaintzeaz gain lan-asalariatuan sartu da. Eta umeari dagokionez hezkuntza esparrua da bere gune zentrala, eta txiki-txikitatik ingurukoekin konpetentzian sartzen dute.

Bilakaera historiko honek jarduera fisikorako ohiturak ere asko aldatu ditu. Gizonen kasuan, jokoan jarraitzen dutela esan dezakegu, irabazteko jokatuz, futbolean, saskibaloian, pilotan… Emakumeak lan mundura sartu ahala, ikusi dugu hauek ere konpetentzia kirolak gero eta gehiago praktikatzen joan direla, irabazlearen baloreak hauengan ere sartuz joan direla islatuz. Eta umeei eskolan emandako konpetentziak ere lehiakorragoak egin ditu jarduera fisikoen arloan, jolasa ia guztiz alboratuta dutela ikus baitezakegu, kirol hegemonikoetan ikusten baititugu gehien.

Irakurketa honekin ikusten dugu pertsonen baloreen arabera, plazerak eta beharrak aldatuz doazela eta praktika motorren arloan ere islatzen zaigu hori. Horrek esan nahi du, praktika motor bakoitzak ere esanahi bat duela, bere baloreak dituela. Honen aurrean, harremanak jolas batzuetatik abiatzeagatik irauliko ez ditugunaren jakitun, galdera batzuk sortzen zaizkit: zein dira gure proiektuarekin bat egiten duten jarduera fisikoak? Posible da, alderantzizko ariketa batekin, jarduera fisikoen bidez baloreak landuz harreman ereduak aldatzen joatea? Nola egin dezakete ekarpena jarduera fisikoek elkartasunean oinarrituko den gizarte baterako?

Nire ustez, ederra litzateke herri mailan honi buelta batzuk emango bagenizkio eta aisialdi eredu berriei ateak irekitzeari ekingo bagenio. Ea galdera hauek eta beste asko gurekiko hausnartu eta proiekturen bat ateratzeko gai garen, gogorik ez da faltako nire partetik.

KakaLerdue