Gure Hizkuntza

Orain dela denboralditxo bat, lagun batekin berriketan, hizkuntzaren gaia atera zen. Hizkuntzak, hitzek, esanahiek, hauen oinarriek, gure gauzak ulertzeko moduan duten garrantziaz, gure errealitatearen eraikuntzan etab. Adibide eta kuriositate ugari atera ziren, esaterako; Euskaraz “berdea” kolorea izendatzeko hitzik ez genuen, Sabinok “orlegia” asmatu arte. Dirudienez, batzuen arabera, Euskal Herrian, ez genuen kolore berderik gabeko errealitate bat ulertzen, beraz, ez zegoen berau izendatu beharrik. Aldiz, jakin badakigu, hego ameriketako hizkuntza indigena ugaritan, berdearen ugaritasuna dela eta, kolore hau izendatzeko hamarnaka hitz dituztela. Gutxienez, kuriosoa.

Kuriositateak kuriositate, jakina da, bestetik, hitz eta kontzeptuen erabilera ezinbesekoa izan dela ideia politiko batzuen sozializaziorako (bai, gure berriketaldiek beti amaitzen dute norabide hauetan). Adibide gisa, “aberri” hitzak munduko txoko ezberdinetan, borroka edota egoera ezberdinak tarteko, gizarteratu izan duen esanahia guztiz ezberdina izan da. Lehenengo kolpean, “abertzale” edota “patriota” hitzez dugun perzepzioa guztiz ezberdina dela nabaria da. Are gehiago; “Todo por la patria” Españian, edota “patria o muerte” Kuban, hitz berdinetik, oso kontzeptu ezberdina gizarteratzea lortu zuten.

Indar hegemonizatzaileek, hitzen esanahia momentuko errealitateetara moldatu izan dute, honek duen garrantziaz jabedun, hauen inguruko borroka lehen lerroan jarri izan dutelarik.

Honen ondorioz, behin betirako teoria iraultzaileen deslegitimizazioa bermatzeko, azken hamarkadetan, terminologien desitxuraketa fase larri bat eman izan da. Epe laburreko ongi-izate estatu faltsu baten bermea batetik, iraultza saiakera guztien porrota bestetik, langile borrokaren ideologizazioa akademien esku utzi izan dugula iruditzen zait. Hau da, burgesiaren kontrolpean dauden estrukturen esku.

Momentuko eredu iraultzaileen gabezian, sozialdemokraziak hartu du “ezkertiarron” ideologia garatzeko ardura. Iraultzaren ezintasuna barneratu, eta ezinezko ongi-izate bati lotzeko borroka antzuetan murgildu garelarik.

Honek, erronka berriak diseinatzeko garaian, arazo larriak suposatu dizkigu. Alde batetik, borroka instituzionalizatzearen beharra barneratu digute, “joko arauak” onartzea, honetarako bertan erabiltzen den hizkuntzara moldatuz. Tertulietan parte hartu ahal izateko beharrezkoak diren terminoetan hiz egitera behartu gaituzte, honek dituen limitazioetaz ohartu gabe kasik.

Bestalde, historikoki teoria iraultzailea garatzeko ezinbesteko izan ditugun terminologi eta borroka moldeen inguruko karikaturizazio lotsagarri bat burutu da, beren burua “iraultzaile” gisara aurkeztu izan dutenen aldetik gehienetan. Borroka, pentsalari eta momentu historiko ugariren aipatutako karikatura horietatik abiatzen diren eztabaidek formatu izan gaituzte. Beraien posizio pribilegiatuak justifikatzeko teoria postmodernoak idazten dituzten “intelektualak” izan dira iritzia sortzeko guneetan ateak zabalik izan dituztenak. “Iraultza” errala ukatuz, “iraultza” partzialen aldeko apustuetan espezializatu direnak izan dira, hain zuzen, eztabaiden norabidea marraztu digutenak.

Honek, erabaki taktiko batzuen anparoan, estrategia “berri” baten ildoa besterik ez du adierazten. Sozialdemokraziaren hegemonia esparru kritikoan (ez sozialdemokratek hitz honi eman izan dioten esanahi “peyoratiboan”, baizik eta historikoki sozialdemokrazia ulertu izan den moduan ulertuta).

Adibide garbiena, estatu espainiarrean Podemosek izan duen papela iruditzen zait. Aipatutako ereduen gabeziak, eta teoria iraultzailearen degradazioak, mugimendu espontaneo potentzialak sozialdemokraziaren apustuan barneratu ditu. Estatuaren estruktura guztiaren legitimizazioa gainbeheran zegoen unean, krisiak edota kapitalaren akumulaziorako ezgaitasuna langileria gogor kolpatzen hasi zenean, komunikabide guztiak ateak ireki zizkieten haserrea instituzionalizatu nahi izan zuten horiei.

Taktikoki mugimendu positiboa izan zitekeela barneratuz lehenik, Gramsci bezalako pentsalari komunistaren hitzen tergibertsazioa mugimendu “ezkertiarretan” hegemonizatuz bestetik (kontraesankorra ezta?), estruktura kapitalista oso bat legitimatzen duen pentsaera sozializatzea lortu dute. Militar edota poliziaren egibeharrak goraipatuz, botere legegile eta betearazlearen “inpartzialitatearen” aldeko apustuekin, kapitalaren banaketa justu baten aldeko politikak aurrera eramateko konpromezuz…. Ideologia “berri” gisara, sozialdemokraziaren apustu zaharra.

Euskal herrian ere, nabari dezakegu bilakaera hau. Herri mugimenduaren artikulazio falta, eta hausnarketa iraultzaileei leku eman ahal zien borroka armatuko kideen etenak baliatuz, sozialdemokraziak bere txokoa sortzeko aukera aurkitu du. Historikoki langileon aldarrikapen gisa kokatzen genituen borroka ia guztietan, egungo “ezkertiarron” lemapetan, EAJko pertsonaia bat kokatu genezake: Demokrazia, pakea, giza-eskubideak, erabakitzeko eskubidea, gizarte feminista, kooperatibismoa, enpresa txikien aldeko apustua, Euskal herrian kontsumitu, ongi etorri errefuxiatuak…… beraien terminoetan hitz egiten dugu, geure esanahia ezartzeko aukera izango bagenu bezala jokatuz.

Gure hizkuntzaren faltak, gure terminoen desitsuraketak, norabidea kokatzeko gaitasuna ukatu digu. Errealitatea ulertzeko bideak ezkutatu. Epe motzeko lorpenetan itsututa, epe luzera begiratzeko ezgaiturik aurkitzen gara. Ez dugu krisia ulertu, ezta klase arteko interesen antagonismo erakusketa latz honek piztu litzazken aukerak ere.

Aldaketa errealerako, ehun-zango baten gisan, beharrezkoak izango ditugu hanka ezberdinen pauso koordinatuak. Hamarnaka kolore tonalitateko zapatilen mugimendu bateratua. Baina argi dago, norabide berdinean ibiliaz soilik izango dugula aurrera egiteko aukera.

Herri mugimenduaren, gazteriaren eta orokorrean, mugimendu iraultzaile ororen noraez nabaria onarturik, norabidea marrazteko jarduera hauetan, egin beharreko lanak esfortzu ikaragarria suposatzen dute;

1.- Gure terminoak berreskuratzen hastea, errealitatea ulertzeko baliagarri ditugun erreferentziak geureganatu eta pixkanaka, gure hausnarketetan kokatzen asmatzea.
2.- Azken urteetan burututako mugimendu iraultzaileen karikaturizazioa deseraiki, porroten inguruko hausnarketa zahatzak burutu, eman izan diren eztabaida eta erabakietatik ikasten saiatuz.
3.- Beren burua iraultzailetzat aurkezturik, komunikabide guztietan ateak zabalik dituzten iritzi sortzaileen desitsuraketak identifikatu eta beren lekua ematea.

Ez da xamurra egin beharreko lana, baina bidetxurrak eraikitzen jarraitzeko, gure hizkuntza berreskuratu beharrean aurkitzen gara. Gure eztabaidak norabide egokian kokatzeko formazio lanetan zabiltzaten guztioi animorik estuenak bidali nahi dizkizuet, mintegiak eta ordu luzeko ikasketa “desinteresatuetan” zabiltzatenoi. Gaitasun edo denbora nahiko ez dugunok, beste kontuetan lanean gabiltzanok, beharrezko ditugu konfidantzazko pentsalariak, ikerlariak, teorikoak. Instituziek finantzaturiko esparruetatik kanpo, gaztetxe eta herri mugimenduetako borroketan aletxoa jarri asmoz buru belarri zabiltzaten orori; mila esker.

Argi Beltza

2 Iritzi

  1. Aupa Argi beltza!! Beti bezela oso interesgarriyek dituk hire artikuluek, egiye azaleratzek, segi hola!

    Hik esateken bezela, oso garrantzitsue dek gure terminuek berrezkuratzie, zeinak eduki konkretu eta erreal bat eukiko diaben. Hau da, esanahi konkretu bat eukikoben izendatzailliek behar dixkiau, eta ez gaur egun billatzeken “izendatzaile huts” hoiek, errealitate kapitalistie identifikau gabe mugimendu sozial bat artikulatzie nahi diabena.

    Terminuek eztituk neutralak eta ‘puruek’. Terminuek eta kontzeptuek errealitate jakin bati ite zeobek erreferentziye, ta soilik errealitate hortatik abstraiuta izangoituk neutralak edo puruek. Baino, errealitatetik abstraitze baldin badixkiau kontzeptu hoiek, errealitate kapitalistie izangoek gure inkontzientien sartukoana; hau da, ezingoay errealitate kapitalistie zalantzan jarri, ezingoyaulako beaure identifikau, ta ondoriyoz, ezta gure miseriyen iturriye re. Eta gero hori dana gure egunerokotasunien erreproduzitzek: zentzu hortan, gure pentsamenduek, gure jokatzeko moduek, gure hizkuntziek, etabarrek, eduki kapitalistie eukikoyabe, eta burgesiyen boterie indartukoyabe plano ideologikuen.

    Hirekin guztiz ados, gure hizkuntzie ber diau, gure praktikiekin estuki lotuta eongo dana (teoria iraultzaillie berrezkurau eta garau).
    Ondo segi

  2. Argi izpi bat

    2018-01-08 at 15:11

    Artikulu interesgarriye benetan.
    Arlo hontan asmau nahien ai die unibertsidadetan sortzen ai dien eskola kolektibuek, Maite Larrañagak aipau zun bezela. Bidetxurren hasiera bat dala esango nuke, langille klasiei propiyo zaion teori iraultzaillien produkziyue sortzen hasi baitie.
    Lenengo harri hoiek ordie eztie unibertsidadetan geratzeko, oaintxe bertan hortako potentziala daola ikusi dan eremu bat besteik eztie, nun arloz arlo, karrerien araberako hausnarketak ematen ai dien.
    Potentziala fakultadetan daola horreatik esan leike neurri baten, jasotzean edukiye zuzenien zalantzan jartzean eremuek sortu leizkelako.
    Oaiñ ordie, eduki hori dana zabaltzie eta hausnarketa haue danak kale ta gaztetxetare ematien dao lana, eremu propiyotan mota danetako hausnarketak eman ta sozializauta lortukoalako benetako iraultzan pentsatzen jarrikoan gazteri kritiko bat antolatzie.
    Animo ta ondo segi!

Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko.

*

© 2018 Kontu Lepo