Belano, le dije, el meollo de la cuestión es saber si el mal (o el delito o el crimen o como usted quiera llamarle) es casual o causal. Si es causal, podemos luchar contra él, es difícil de derrotar pero hay una posibilidad, más o menos como dos boxeadores del mismo peso. Si es casual, por el contrario, estamos jodidos. Que Dios, si existe, nos pille confesados. Y a eso se resume todo.

Roberto Bolaño.

Artikulu honetan hitz potolo bati barre egin baino, bere pisu eta sakontasuna ikustea nahiko nuke, eta ez hainbeste termino hori ulertzea, berau benetan ulertzeak errealitate praktiko bat bizitzea eskatzen baitu, testu honen muga edo helburuak gainditzen dituelarik. Iruditzen zait, eta agian oker egongo naiz, gaur egun aske izateak azaleko esanahi bat hartu duela edo gero eta gehiago hartzen ari dela, eta horretaz hausnartu nahiko nuke modu orokor batean hurrengo lerroetan.

Ez dut nahi “zer da askatasuna?” galderaren inguruan jardun, betiereko erantzun bat topatu asmoz edo, soilik nola zenbait momentutan geure burua aske ikusteko beharra izango bagenu bezala, aske izatearen esanahiak bere zentzua eta pisua galtzen duen ikustea. Izan ere, iruditzen zait gaur egun badagoela askatasuna borondate indibidualarekin zuzenean lotzeko joera bat, askatasuna norbanakoari dagokion aukeramen edo erabakimena izango balitz bezala: “aske naiz nahi dudana egiteko”. Sarri egiten da askatasunaren eta borondatearen arteko lotura bat, askatasuna aukeratzeko edo sortzeko borondate gisa definituz (eredu batera borondatez egokitzeko botere gisa ere definitu izan da zenbaitetan, baina ez gara horretan sartuko).

Honekin ez dut pertsona bat edo bestea kritikatu nahi. Ez da kasualitatea pertsonek horrelako aske izatearen sentsazioa bere azalean sentitu nahi izatea gizarte honetan, une txiki batean baldin bada ere. Eta ez da kasualitatea, Pashukanisek bere artikuluan azaldu zuen gisan, askatasunaren ideia juridikoa diruaren erabilera balioarekin lotzea. Eta berdina gertatzen da, “Sukaldeko Irina” artikuluak zioen bezala, parrandan, non errealki gizartean botererik ez duten pertsonek botere bizipen leherkorrak bizi dituzten.

Garrantzitsua da gure nahi eta desirek zerri erantzuten dioten ikusten saiatzea. Badakit errealitatea ez dela modu mekanikoan azaltzen, baina, aldi berean, ez ditugu mekanizismoa eta materialismoa nahasi behar. Izan ere, borondatea ez da indar autonomo bat, ez dauka bere baitan bere kausa. Ondorioz, ez baldin badira askatasun ezaren edo dominazioaren kausak identifikatzen, eta are gehiago, dominazio horren aurrebaldintza errealaren gainean egikaritzen badira borondate-ekintzak, arazoa ez da inolaz ere ezabatuko.

Hori horrela izanik, borondatearen kausak, eta horrekin batera, dominazio ahalbidetzen duten baldintza errealak ez badira identifikatzen eta zalantzan jartzen, zentzurik badu askatasunaz hitz egiteak? Maila horretan, ez ote da askatasuna kontzientziaren ilusio bat, honek borondate askean –bere kausak jakin gabe– sinesten duen heinean?

Bestalde, iruditzen zait askatasuna esfera sozialean definitu beharko genukeela. Horrekin esan nahi dut askatasuna barrera indibidualetatik at gorpuzten den errealitate bat dela; hau da, askatasuna ez dela ematen norbanakoaren eremuan, edo norbanakoaren askatasunaren baldintzak komunitateak ipintzen dituela. Ezin da bat aske izan komunitate batean ez baldin bada. Aske izateak besteekin aske izatea esan nahi du, eta ez besteengandik aparte ni aske izatea.

Gizakia izate soziala da, harreman sozialen erdigunea. Beraz, bere askatasuna harreman sozial horien aberastasunaren araberakoa izango da. Ez naiz ari balioaren forma hartzen duen edota jabetza pribatuaren forman egikaritzen den aberastasun motaz, baizik eta horri kontrajartzen zaion aberastasun mota guztiz ezberdin batez: ekoizpen harremanak barne hartzen eta gainditzen dituzten harreman sozialak; harreman sozial konplexuak, zeinak aukera edo posibilitate dibertsifikatuak inplikatzen dituzten; etab.

Baina ezin gara aske izan gure aktibitate produktiboaz jabe ez garen gizarte batean, ekonomiak esfera soziala menperatzen duen gizartean. Izan ere, aberastasunak jabetza pribatuaren forma hartzen duen gizarte honetan, botereak eta askatasunak ere forma pribatua hartzen dute. Horrek esan nahi du boterea eta askatasuna ez direla atributu unibertsalak, eta ez direla inoiz izango marko horretan. Gizarte burgesak botere egitura erreal bat inplikatzen du, eta koordenada horietan, gure miseria etengabe erreproduzitzen eta betikotzen da. Izan ere, merkantzien ekoizpenarekin batera, boterearen ekoizpena ematen da; edo hobe esanda, etsaiaren boterearen ekoizpena, askatasuna boterearen jabetza pribatua duen klasearen atributu bihurtzen delarik.

Beraz, baldintza hauetan, gure ezaugarriak bihurtzen dira zuzenean inpotentzia eta menpekotasuna; hau da, askatasun eza.