Kolaborazioa: Gure Iraultzie 

Gaur, abenduak 3 izanik, Euskararen Nazioarteko Eguna dugu. Euskarak eta Euskal Herriak bizi duen egoera dela eta, hausnarketa egitera bultzatu nau egun honek. Nire ustez, hizkuntza jakin bakoitzaren egoerak lurralde horretako paradigma politikoa ezagutzen laguntzen du askotan, izan ere, botere burgesetik ezarri nahi den kultura kapitalismoaren logikari erabat loturik dago, eta, honek, euskal jendartearen kontzientzietan eragin zuzena du.

Kapitalismoa logika sozial bat da, historiaren garai konkretu batean dominazio sistema bat izatera pasa zena, eta, tendentzialki, desagertzen doana eta joango dena beste sistema produktibo bati hedatzeko aukerak emanez. Logika hau jabetza pribatuan oinarritzen da, zeinak gainbalioa sortzen duen langileon esplotazioaren bitartez, baina, honek, esan bezala, amaiera bat du, kapitala, munduko esparru guztiak esplotatu ahala, geroz eta zailtasun gehiagorekin aurkitzen baita biziraupena bermatzen dion gainbalio hori sortzeko.
Behin logika edo gizarte-antolaketa hau labur azalduta, hizkuntzaren fenomeno sozialak bertan jokatzen duen paperaz hitz egin nahi nuke, euskararen paperaz konkretuki.
Kapitalistak bere lantokian ahalik eta gainbalio handiena lortzeko, lan-indarra ahalik eta gehien aprobetxatu behar du, eta, horretarako, teknologian etab. aurrerapen asko eman ditu, lanordu gutxiago sartuta gehiago ekoizteko. Horrez gain, langileek ere lan egiteko modu koordinatu bat izatea komeni da, edo hobe esanda, langileria homogeneizatu bat behar da; horrela, ekoizpen handiagoa lortuko baitute kapitalistarentzat. Hori horrela, hizkuntza baten bidez komunikatzea eraginkorragoa zaio kapitalistari, hizkuntza gehiago erabiltzea baino.
Prentsa nahiz telebista kapitalistak ere, logika hau erreproduzitu behar du etengabe, eta, horretarako, ezartzen ditu tele-zaborra deitzen ditugun saioak. Puntu honetan, euskarak duen garrantzia azpimarragarria da. Askotan, euskararen izenean egiten aldarri oro libre dela uste baitugu; hau da, adibidez, Gu ta Gutarrak saioa euskaraz izatean, hau kontsumitzea egokia dela uste dugu (kontsumitu baina euskaraz). Aldiz, kapitalistak hau gure etxeko pantailen aurrean jartzean, duen helburua guztiz bestelakoa da, ideologia burgesa barneratzea langileriak, eta kapitala erreproduzitzen jarraitzea, nahiz eta euskaraz izan (euskaraz baina kontsumitu).
Ikuspegi honetatik ikusten dugu argien egun euskarak duen funtzioa: kapitalismoan euskarak hizkuntza komunikazio tresna izatearen forma erreala galtzen du, eta, guk, objektibizatuta ikusten dugu egunerokoan, kapitalistaren etekin ekonomiko-poltikoa delarik helburu. Merkantzia bihurtzen da euskara, gure euskara.
Hau guztia, hala ere, euskal industria kontsumitzen den bitartean gertatzen da, hau da, euskal kapitalismotik jaten dugun bitartean. Baina kapitalak erreproduzitzeko geroz eta zailtasun handiago aurkitu ditu pixkanaka, beraz, logika hau globalizatzen hasia da jada, eta homogeneizazio hau munduko mutur guztietara eramango du, euskaragatik ingelesa ordezkatuz, eta kultura erabat kapitalistak ezarriz gure jendartean, gu konturatu ere egin gabe. Munduko beste hizkuntza asko epe motzean desagertu diren bezala, kapitalismoaren baitan bizirauten dihardugun bitartean, fenomeno sozial hau areagotzen joango da, gureraino iritsiz.
Horrenbestez, euskararen alde egiten den edozein aldarrik ez du balio, hots, denak ez du balio. Kapitalaren mugak gaindituko dituen prozesu iraultzaile bat behar dugu, eta euskararen aldeko lana prozesu horren baitan izango da soilik eraginkorra. Bestela, gure eguneroko borrokak ez dio erresistentzia izateari utziko eta ez du fruitu errealik emango, gure kultura eta hizkuntza amildegian beherantz oraindik eta zuzenago eroriz.
Ezin ahaztu ordea, gure aurretik bizi izan direnen borroka ere, urte luzeetan egin zuten esfortzuak ekarri digu oraindik euskara bizirik egotea, mila modutan izan baita euskal langileria kolpatua, tartean euskara zentsuratzen saiatuz, honetan euskal burgesiak ere paper zapaltzailea hartu izan duelarik, bere interesei beti fidel. Nahiz eta kolpe gogorrak jasan, euskal langileriak oraindik bizirik dirau eta orain erresistentziatik erasora pasatzea dagokigu guri. Kapitalismoa suntsituko duen prozesu iraultzaile bat martxan jarri beharra daukagu, euskarak bere benetako esentzia berreskura dezan eta bestelako harreman sozial batzuk sor ditzagun euskara gure komunikatzeko tresna bezala erabiliz.